2010/09/22

BERIAIN KM-B: IZASKUN ZUBIZARRETA eta DIDDIER ZAGO TXAPELDUN! MAITE MAIORA mendarotarra 2. sailkatua nesketan!




 
Maite Maiora mendarotarra 2. sailkatu zen Uharte Arakeil-Beriain km bertikalean. Argazkia Olazti-Urbasa-ko mendi lasterketa aterata dago, bertan 3. gelditu zen. Zorionak Maite!

Diddier Zago txapeldun handia Beriain-eko aldapetan gora.

Uharte arakil - Beriain km bertikalaren krokisa.

Beriain KmB
-Fitxa teknikoa:
-Luzera: 4,6 km
-Desnibel +: 1.023 m
-Tokia: Uharte Arakil - Beriain ( 1.494 m )

Sailkapena ( podiuma + ezagunak ):
Mutilak:
1-Diddier zago: 40:21 ( errekorra )
2-Fernando etxegarai: 43:32
3-Juan Mari garin: 44:38
(...)
8-Haritz Arrieta: 45:53
17-Jon Bikendi: 48:09

Neskak:
1-Izaskun Zubizarreta: 51:13
2-Maite Maiora: 52:33 ( Mendaro )
3-Alizia Olazabal: 53:57

Jarraian Jon Bikendik idatzitako kronika irakurtzeko aukera duzue, goza ezazue!

BERIAINGO KILOMETRO BERTIKALA

Irailak 19, denboraldia amaitzeko eguna. Horixe pentsatuz hasi dut eguna. Pena ematen dit bukatu beharrak, baina fisikoki abuztu amaieratik gainbehera noa eta beranduegi izan baino lehen atseden hartzea hobe. Betiko moduan jaiki, gosaldu eta gauzak prestatu ostean animatuta abiatu naiz Uharte-Arakil aldera. Etxeko atetik atera bezain pronto nabaritu dut goizeko “freskura”. Komatxo artean diot, izan ere kotxeko termometroak 5 gradu besterik ez ditu markatzen. Hori gutxi ez, eta behe-laino itxia ere badaukagu. Goierriko zoko honetan halako behe-lainoa egonda, sakana aldean ere antzera edo oraindik ere itxiagoa egongo dela pentsatu dut. “Uharten behe-lainoa kentzerako etxera bueltan izango gaituk! Beriain gainean bakarrik ikusi behar diagu eguzkia!” pentsatu dut. Zorionez, Etxegarate pasatu eta giro eguzkitsua aurkitu dut. Eguzkitsua bai, baina demontre, hotz egiten du gero! Uhartera iritsitakoan termometroak 3 gradu besterik ez ditu markatzen.

Irteera ordua 11:20an izan arren, 9ak laurden gutxi aldera iritsi naiz. Kontua da Beriain gainera arroparen bat eraman nahi badugu, antolatzaileei 9etarako utzi behar zaiela arropa hori. Gainera, dortsala eta txipa jasotzeko epea 9:30etan amaitzen da. Beraz, garaiz eta patxadaz ibiltzea hobe. Beriain gainean uzteko poloa antolatzaileei eman eta dortsala/ txipa jaso ondoren orduari begiratu diot. Oraindik 9:20 dira eta beste bi ordu geratzen zaizkit irteteko. Egiten duen hotzarekin kanpoan lasai egoteko gustu handirik ere ez dagoenez, auto barrura sartu eta irratia entzuten egon naiz denboralditxo batez. Irratia entzunez azkar pasa zait denbora konturatzerako 10:20 etorri baitzaizkit. Kanpoan oraindik ere hotz egiten du (5 gradu), baina luzaketa edo estiramendu batzuk egin beharra dauzkat. Ohitura daukat beti egiteko, baina gaurkoan ohituraz gain beste motibo gehiago ere badauzkat. Izan ere, aste osoa adduktoreko kontraktura batekin pasatu dut. Aspalditxoan batere arazorik gabe nenbilen, baina Arrateko igoerak ondorio horixe utzi zidan aurreko igandean. Garbi daukat gaurkoan 20-30 kilometro bitarteko proba bat egiteko moduan ez nagoela, baina lasterketa motza eta igotzea “bakarrik” denez, zalantza handirik egin gabe etorri naiz. Gainera, gauzek okerrera eginagatik, aurtengo lasterketak gaur amaitzen ditudanez ez dit gehiegi axola.

Ondo eta astiro luzaketak egin ondoren dortsala jarri, arropa aldatu eta baselina ematea izan da hurrengo “erritua”. Autoa giltzaz itxi, eta 10:55tan berotzen hasteko prest nago. Betiko moduan, korrika arina lehenbizi eta azelerazio batzuk jarraian. Horien ondoren irteera puntura. Bertan No limit-eko (denbora kontrolatzeaz arduratzen den enpresa) giozonarekin topo egin dut. Ehun milak proban ere enpresa bera izan zen denboren kontrola eraman zuena, eta probak iraun zuen bitartean ordu mordoska bat egin genuen elkarrekin batera. Probaren lehendabiziko gauean elkarrekin eta gurutze gorriko beste astokilo batekin bizi izandako “batallitak” kontatzen hasi gara barrezka, egin genuen gaupasa hartako oroitzapenak kontatuz, baina txipa zuloan sartu eta irten beharrean nago. Lastima! Txaskarriloak beste baterako utzi beharko ditugu…

Igoerak bi zati nahiko desberdin ditu. Lehen zatia pista zabal eta bidezidor eroso batetik igarotzen da. Ez dago aldapa handirik eta azkar egiten dira bi kilometro pasatxoak. Hortik gora hasten dira kontuak… Bi kilometro eta erdi zein baino zein gogorragoak eta tenteagoak. Lehen zati hau oso bizi egin gabe erritmo nahiko onean egiteko asmoa dut, eta halaxe atera naiz. Gustura noa eta sentsazio onekin. Baina zati honetako azken aldapatxoan adduktoreak “krak” egin dit. Izter atzetik lepo atzeraino igo zait hotzikara azkar bat, eta mina sentitzen hasi naiz. “Kaka zaharra!!” pentsatu dut. Bigarren zatia eta gogorrena hastear eta egoera horretan! Denbora kontroletik pasatu ostean batere konfidantzarik gabe eta deseroso ekin diot bigarren zati gogorrari. Mugimendu konkretu batzuk egitean min hartzen dut, eta horregatik, ibilera aldatuz noa sarri sarri. Oraintxe hanka zabalka, ezker hankarekin ahalik indar gutxien eginez hurrena… Aldapa handia dago, eta aldaparen tentetasunaz gain bidezidorrean dauden harri solteek ere erabat aldrebesten didate pausua. Anoa-postua igaro ondoren basoan sartu naiz. Itzalpean noa orbel, zuhaitz sustrai eta harriz osatutako bidezidorrean gora, baina ez noa sufritu beharko nukeen guztia sufrituz ( pultsazioei dagokienez).

Basoa amaitu baino lehen, eskuinera hartu eta hortxe hasi da zatirik gogorrena. Igoerak duen ohiko bidea utzi, eta zuhaitz artetik aterata leku malkartsu batetik gora jarraitzen du igoerak. Tarteka bi eskuen laguntza beharrezkoa da. Zati honetan Jon eta Haritz Arrietak aurreratu naute. Beraien atzetik joatera animatu naute, baina ezetz esan diet. Neure erritmoan eta pausuan igo nahi dut, mindutako adduktorea gehiago behartu gabe. Egingo dudan denborak ez nau batere kezkatzen, berdin zait helmugara minutu bat edo gehiagoren gorabeheran iristea.Hortik lasterrera azken maldara iritsi naiz. Hauxe da zatirik gogor eta ikusgarriena. Aldapa honen amaieran goiko lautada dago, eta azken metroak nahiko lauak direnez (maldatzar hauekin alderatuz) jende mordoa dago ezker-eskuin. Isildu ere egin gabe ari dira partaide guztiak animatzen. Nola eskertzen diren horrelako animoak! Eskerrik asko eta bejondeizuela guztioi! Zati horretan Didier Zagok aurreratu nau. Hori da basapiztia hori!! Ahuntz edo oreinen moduan doa behetik gora. Ikusgarria! Zorionak berari ere garaipena eta errekor berriagatik!

Azkenean iritsi naiz goiko lautadara. Hemendik helmugara arteko zati hau korrika txikian egin nahi dut eta horrela hasi naiz. Adduktoreak minik ematen ez didanean eroso noa, nahiko fresko, gorputza ezin izan baitut gehiegi behartu igoeran. San Donatoko baseliza ingurura iritsitakoan helmugako kontrola hortxe bertan dagoela ikusi dut. Ezustekoa izan da, helmuga handik metro batzuetara dagoen gurutze edo postean izango zela uste bainuen. Horregatik eta lesioagatik, amaitu ostean sentsazio arraroa izan dut. Proba dena emanda eta topera egindakoan izaten den neke eta itolarri hori ez dut sentitzen, eta erosoegi iritsi naizela konturatu naiz. Baina tira, horrelako probetan burua eta gorputza %100 ez badaude, ezinezkoa da barruan daukazun guztia ematea. Egindako denbora agian ez da txarra izango, baina igoeran ez dut batere gozatu eta hori izaten da garrantzitsuena. Gustu garratza geratu zait arrazoi horregatik. Denboraldiko azken proban horrelako sentsazioekin geratzea ere pena da, baina beste proba ia guztietan gustura bukatu dudanez horrekin geratu behar! Burutazio horiek nituela arropaz aldatu eta beherantz abiatu naiz. Adduktoreko mina eta ahalik eta gutxien behartu nahiak behera igotzen gorakoan baino denbora gehiago pasatzea eragin dit. Pentsa, Uhartera juxtu sari banaketa hastearekin batera iritsi naiz. Benetan dotorea eguerdian plazan dagoen giroa eta saltsa. Jende pila bat eta tartean lunch bikaina. Ezagunekin lasai tertulian egoteko baldintza ezin hobeak! Irailak 19, denboraldia amaitzeko eguna. Orain atseden hartu eta gero gerokoak…

Jon Bikendi ( 2010-09-24 )

Mila esker Jon!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina