2011/06/01

Zegama-Aizkorri-2011: Kilian Jornet eta Oihana Kortazar txapeldun!










Jon Bikendi

ZEGAMA-AIZKORRI 2011ko  Jon Bikendiren kronika:

Maiatzak 29. Azkenean iritsi da hainbeste korrikalarik gorriz markatutako eguna, negu zein udaberriko entrenamendu saio gogorretan ereindakoak emandako uzta biltzeko eguna. Batzuek uzta oparoa jasoko dute, fruitu ugari eta mardulak tarteko. Beste batzuek fruitu ale kaskar samarrak eta kopuru urria jasoko dute, eta , zoritxarrez, izango dira zomorroek jan, lardastu edota usteldutako aleak jasoko dituztenak ere. Ezin denen asmo eta intentzioak bete!
Nire kasuan probari begira ez daukat helburu zehatzik. Azken hilabetean muskulu sartorioan izandako kontraktura baten erruz mendiko entrenamendu luzerik egin ezinik ibili naiz, eta azken astera arte ez dut proban aterako nintzen ziurtasunik izan. Gauzak horrela, ez diot neure buruari helburu handirik jarri nahi. Zertarako? Nire bizitzan korritzen dudan bigarren mendi maratoia da, eta Zegaman aterako naizen lehen aldia. Ez daukat aurreko urteetako ez eskarmenturik, ez denbora erreferentziarik ere. Beraz, nire helburu nagusia proban ahalik eta gehien gozatzea izango da (horixe lortzen ere nahikoa lan izango dugu bai!!). Ibilbidea nahiko lehor egongo da, eguraldia ere dotorea izango dela iragarrita dago, eta zer esanik ez zoko eta gain guztietan egongo den jendetza handiaz. Ondorioz, gozatzeko baldintza guztiak eskura izango ditugula dirudi , eta horrek lehendik proba honetarako zeuden gogoa eta ilusioa gehiago indartzen ditu.
Iratzargailua goizeko 06:00etarako neukan jarrita, baina gaur ez du jotzen lan handirik izan, hogei minutu lehenagotik esna bainengoen. Egia esan, ez zait batere kostatu ohetik ateratzea, egunero jaikitzen bainaiz 06:00etarako, eta gustuko gauzetarako nagikeria gutxiago izaten denez… Oso lasai nabaritzen dut neure burua, lasaiegi agian. Probarako helburu zehatzik ez izateak alde horretatik mesede egin dit. Izan ere, lehen aipatu bezala, lasterketaz gozatu eta ahal dela osorik iristea helmugara, horixe da helburua lasterketako denbora, postu eta gainerakoez ahaztuta. Gosaldu, poltsa hartu eta Zegama aldera abiatzeko prest. Kotxez Zegamara 15 minutuko bidea bakarrik dudanez oso lasai nabil. Errepidean ere ez dago mugimendurik oraindik, baina laster hasiko da Seguratik Zegamarako errepidean korrikalari, familiako kide, lagun eta zaletuen “peregrinazioa”. Hori jakinda, eta bidea oso laburra izanda, nahiago dut garaiz ibili eta Zegaman bertan patxadaz aparkatzea. Herrira iritsi naizenean irteera-helmugatik 100 metrora aparkatzeko zortea izan dut, beraz, lehenaz gainera oraindik ere lasaiago ibiltzeko aukera daukat. Ezagunekin berriketa puska bat egin, komunetik pasa, luzaketa batzuk egin…
Konturatzerako elizako kanpaiek goizeko 08:00ak direla jakinarazi didate. Beraz, dagoeneko lasterketen aurretik ohiko “liturgia” bihurtu dudana egiten hasteko ordua da (babarik ez ateratzeko hanketako bi behatz lodiak esparatrapuz bildu, hanketako behatzetan eta “koskabilloetan” baselina eman, zapatilan txipa ezarri, pultsometroa jarri…) Beroketa egiten 08:40 inguruan hasi naiz. 10 minutu inguru korrika lasai egin, eta irteera kontrola pasatu ondoren, irteera puntura. Ingurura begiratu eta hau proba ezberdina dela bistakoa da. Katalan tropela alde batean, italiar mordoska beste aldean, euskal selekzioko kideak aurrean, ingelesak, frantziarrak… Hemen ez dago berriketarik! Baina tira, ezin ukatu horrek are gehiago motibatzen gaituela korrikalari herrikoiak!
09:00etan puntuan, elizako kanpai hotsak entzun eta irteerako txapligua lehertzearekin batera abiatu gara. Demontre!! Herriari eman beharreko kilometro erdiko itzulia ziztu batean egin dugu. Harrituta geratu naiz irteeran izan den abiadurarekin. Honek maratoia baino gehiago maratoi-erdia dirudi! Dena den, ez nau horrek gehiegi kezkatu. Ni neure martxa hartu eta oso lasai hasi naiz Otzaurterako igoera egiten. Azken hilabeteko entrenamendu luzeen faltak, iragarritako beroak eta proba korritzen dudan lehen aldiak maratoiari errespetu handiz ekitea eragin didate. Otzaurterako igoera oso eroso egin dut, uneoro pultsometroari begiratuz eta erritmoa ahalik eta gutxien behartuz. Ultzamarako igoeran ere berdin. Nahiz eta behar handirik ez sentitu, anoa-postu guztietan ari naiz geratzen, eta bakoitzean bi edo hiru basokada ur edo gatz-mineral edaten. Proba luzea da, eta eguerdi aldera egingo duen beroarekin hobe hasiera hasieratik hidratazioa ongi zaintzea. Aratzerako igoeran ere gauzak antzera doaz. Beti bezala ez daramat kronometrorik (pultsua bakarrik jartzen dut pantailan). Aratz igotzen hasi garenean taldetxo polita osatu dugu, eta generaman erritmoa nolakoa zen jakiteko beste korrikalariei zer denbora egiteko asmoa zuten galdetu diet. Proba 4h:40 minutu inguruan egiteko erritmoa omen daramagu. Hori entzutean zeharo harrituta geratu naiz. Sentsazio oso onekin noa, eroso, baina denbora horretan maratoi hau egiteko moduan ez nagoela iruditzen zait. Horregatik, nahiz eta eroso joan, behar baino azkarrago ote noan zalantza sortu zait. Beldur naiz erritmo honetan joanda lasterketa erditik aurrera pott ez ote dudan egingo. Baina beno, eroso sentitzen naizen bitartean taldetxo honen erritmoan joatea erabaki dut. Zalantzak zalantza eta beldurrak beldur, Aratzeko azken maldetara heldu gara. Jende asko dago ezker eskuin, dortsalen orria eskuan dutela korrikalari bakoitza bere izenez animatuz. Eskertzen da benetan horrelako zaletuak izatea!
Aratzeko tontorra igaro ostean erritmo onean egin dut S. Spiriturako jaitsiera. Bidean ez dago lokatz arrasto handirik, eta horrek jaitsiera erraztasun eta konfiantza dezente handiagoz egiteko aukera eman dit. S. Spirituko anoa-postuan ongi jan eta edan ostean ibilbideko zatirik berezienari aurre egiteko unea iritsi da. Aizkorriko lehen malda tente honetan mundua dago ibilbidearen ezker eskuin. Tourrean Tourmalet edo Alpe D´Huez igotzen ari garela dirudi. Zati honetan ez dago neke handirik, hau da animu eta oihu zaparrada hau!! Orain arte nahiko lasai eta eroso etorri naiz, baina Aizkorriko igoeran erritmoa bizitzeko erabakia hartu dut. Hori dela eta, Aizkorriko igoera martxa onean egin dut. Pixkanaka-pixkanaka jendea aurreratzen ari naiz, eta harrituta noa aurreratzen ari naizen jendearen maila kontuan hartuta. Garbi dago lasterketa hasiera hain azkarra egin izanak eta bero sargoriak kalte handia egin diela batzuei. Aizkorriko azken maldetan Oihana Kortazar aurreratu dut. Hori da sasoia hori!! Oso erritmo onean doa ez dirudi oraingoz neke arrasto handiegirik daramanik. Espero horrela jarraitzea helmugara arte! Aizkorriko tontorrean ere jendetza izugarria dago. Gezurra dirudi hainbeste jende egon daitekeela pentsatzeak. Hona iristeko ibilalditxoa egin beharra dago gero!! Hona ezin da etorri autoa 200 metrora aparkatuta! Gainetik igaro ondoren errespeturik handiena diodan ibilbideko zatia dator, hots, “kresterioko” zatia eta Irauletik Arbelarko jaitsiera. Harri artean egin beharreko zatiak ez ditut batere gogoko, baina gaur ibilbidea lehor dagoenez uste baino hobeto moldatzen ari naiz. Aurretik ditudan korrikalarien erritmoa jarraitzeko gai izan naiz Aitxuriraino, eta hori ez nuen inondik espero. Horrek asko animatu nau, eta Arbelarko jaitsierari gogotsu ekin diot. Irristada batzuk gorabehera nahiko ongi jaitsi naiz, lurrean “eseri” gabe eta ipurdian “talorik” egin gabe.
Arbelar igaro ostean Oltze eta Urbirako zatia bizi antzean egitea erabaki dut. Eroso eta ongi noanez zati honetan korrika ahalik eta gehien egiteko aprobetxatu nahi dut. Sarri-sarri korrikalariak aurreratuz noa. Denbora luzea da ni ez nauela inork aurreratu, eta ni, aldiz, etengabe besteak aurreratuz. Hasieran gauzak oso lasai hartzea erabaki zuzena izan dela ohartu naiz, zeren aurreratzen dudan jendea (gehienak goi-mailako korrikalariak) oso ukituta eta arazo handiekin baitoa, asko sufrituz. Urbiara iristear nagoela bertan dagoen jendearen oihuak entzuten ditut. Hemen ere jende andana dago, eta beren animuek beste martxa bat gehiago eman didate. Berriro ere jan eta edan ostean gogotsu ekin diot Andraitzeko igoerari, izan ere, lasterketako azken “koska” da eta lagunak ere hementxe egongo dira zain. Erritmo onean noa, igoerako zati batzuk korrika txikian igoz. Fisikoki uste baino dezente hobeto ari naiz irauten, eta oraindik hankek itxuroso erantzuten didate. Andraitzeko gaina jendeak osatutako pasillotik igaroz pasatu dut, oilo haragi bizian. Betidanik entzunda neukan Zegamako maratoiak ez daukala besteekin inolako zerikusirik, hau berezia dela jendearen berotasunagatik, baina probatu arte ezin duzu imajinatu ere egin zertaraino irits daitekeen berotasun hori eta horrek ematen duen indarra. Andraitzeko jaitsiera nahiko eroso egin dut. Hauxe da ibilbidean lokatzarik gehien egoten den zatia, baina gaurkoan ez dago apenas lokatzarik. Gainera, orbel eta lokatza pixka bat egotea ere eskertzen da hankak jaitsieran lurrean jartzean kolpe handiegirik ez hartzeko eta muskuluak gehiegi ez behartzeko (dagoeneko nahikoa behartuta baitoaz!). Itzubiagako anoa-postuan geldialditxoa egin eta hortik gora dagoen aldapatxo ia guztia korrika txikian igo dut. Erritmoari nahiko ongi eusten ari naiz eta sentsazio onekin noa. Moanora jaitsi, bihurgunea ezkerretara hartu eta Oazurtzarako bidea hartu dut hurrena. Zati hau nahiko zitala da, ez baitago malda beherako tramu askorik. Jendeak Andraitzetik helmugara dena aldapa behera dela uste du, baina Moanotik Oazurtzarako 4 kilometroetan “tobogan” batzuk daude, eta tartean gorantz egiten duen aldapatxo bat edo beste ere bai, eta maratoiaren azken zatian maldarik txikienak ere min handia egiten du.
Mandabideko anoa-postua (36. kilometro ingurua) baino lehen hankak dezente nekatuta nabaritzen hasi naiz. 34. kilometroan gustura eta ederki nindoan, baina kilometro eta erdi eskaseko tartean bat-batean oso ongi joatetik hankak arrastaka mugitzera pasatu naiz. Lauan erritmoari eustea asko kostatzen ari zait, eta ibilbideak pitin bat gora egiten duenean ez naiz gauza korrika egiteko, eta oinez igotzen ditut kilometro gutxi batzuk lehenago korrika airoso igotzen nituen aldapatxoen modukoak. Askotan irakurri izan diet errepideko maratoilariei benetako maratoia 35. kilometroan hasten dela, eta korrikalari askok 35. kilometroko “muro” edo hormaren kontra jotzen dutela. Ez dakit kasualitate hutsa izango den, baina gaurkoan justu 35. kilometro inguruan nik behintzat “muro” famatu horren kontra “estanpako” galanta hartu dut. Bete betean jo dut. Oazurtzatik helmugarako 4 kilometroak aldapan behera direla kontuan hartuta, Oazurtzara nola edo hala iristea besterik ez dut buruan. “Mixeria gorria” pasatzen ari naiz, baina eskerrak oraintxe askorik ez zaidan falta! Lehen ni izan banaiz beste korrikalariak aurreratzen zituena, orain guztiz alderantzizkoa ari da gertatzen, hots, lehen ibilbidean zehar aurreratu ditudanek ormaiztegiko zakurrarena egiten didate, “harrapar y pasar” , alegia. Baina horrek ez dit batere axolarik. Ze denbora daramadan jakin ez arren, badakit 5 ordutik behera egingo dudala, eta horrekin ezin gusturago noa. Finean, une honetan 10-15 postu gorabehera berdin zait, ematekotan ia gehienok denborari ematen baitiogu garrantzia. Gainera, lasterketa hasi aurretik neuzkan helburuak soberan bete ditudanez ezin naiz inolaz ere kexatu. Dena den, maratoia une txarrik pasatu gabe eta asko sufritu gabe ez litzateke benetako maratoia izango, beraz, horrelako uneak pasatzea ere ongi etorriko zait eskarmentua hartu eta hurrengoetarako zertxobait gehiago ikasteko.
Oazurtzatik igaro ostean berriro ere aldapan behera hasi naiz. Beherantz nahiko ongi noa (maratoiaren azken 4 kilometroak izateko). Gutxienez, erritmoari hainbestean eusten ari naizela iruditzen zait, eta irudimen hori baieztatu egin da pare bat kilometrotan ez bainau inork aurreratu. Jada kilometro eta erdi falta zait, eta hasia naiz helmugako megafonia soinua entzuten. Badaukat oraintxe helmugara iristeko gogoa!! Azken kilometroan Oihana Kortazarrek aurreratu nau. Poz handia hartu dut emakumezkoen artean garailea bera izango dela ikustean. ZORIONAK TXAPELDUN!! BEJONDEIZULA!!! Azkenik Zegamako kaleetara iritsi naiz. Jendez lepo daude helmugara arteko azken metroak, eta erritmo oso mantsoan gozatuz egin ditut. Egia esan, maratoia prestatzeak esfortzu eta sakrifizio dezente (edo oso handia…) eskatzen du, baina ondoren horrelako uneak bizitzeak eta lasterketan bertan hainbeste gozatzeak merezi du. Hori bai, gauzak gaizki ateratzen badira, edo arazoren bat dela medio aurrez jarritako helburuetatik urrun geratuz gero, kontuak bestelakoak izaten dira. Nik neuk guztiz asebeteta eta pozik amaitu dut; lasterketa ia guztian zehar majo gozatu dut (azken 6 kilometroetan izan ezik), helmugara inolako min, lesio, kalanbre edo arazo fisikorik gabe iritsi naiz eta egindako denbora (4h:43m) ezin nezakeen inondik inora ere imajinatu. Beraz, ezin gehiago eskatu. Maiatzak 29, gorriz markatuta ez neukan eguna, baina markatuta utzi nauen eguna…




Jon Bikendi

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina