2011/10/14

TOR DE GEANTS-2011: “HARMAILETATIK” - Albertxoren kronika

Albertxo eta Josu

Hona hemen Albertxok idatzitako kronika Tor des Geants-en inguruan. Robertorekin ( Beasko ) batera Aosta-ko probaren jarraipena egin zuen, parte hartzaileoi laguntza emanez. Mila esker Albertxo!

"Niretzat, abentura hau 2010eko azaroaren 20an jaio zen. Egun hartan, Mendi Martxak eguna ospatzen zen Bermeon. Bazkalostean, Bermeoko Josu Artetxek perla hau bota zuen “datorren urtean Tor de Geants egiteko asmoa dut”. Ez nuen mikrosegundu bat bera ere pentsatu eta Western filmetako Billy the Kid pistoleroa baino arinago erantzun nion “hala bada, hantxe izango nauzu, laguntzeko prest”.

Ez ezazue pentsa txoriburua naizenik eta erabakiak pentsatu gabe hartzen dudanik. Egia esan, mendizalea naiz, iraupen luzeko ibilaldiak asko gustatzen zaizkit, aspalditik ezagutzen dut Josu eta sarritan ibili gara elkarrekin mendian. Normalean, probak ikustea baino parte hartzea atseginago dut baina aurtengo urtea sabatiko samarra izan denez, oraingo honetan laguntzaile lanetan jardungo dut.

Lanean baimena eskatu eta baiezkoa jaso ondoren, bidaia antolatzen hasi ginen.

Josuk izena eman zuen TDGn, Bermeoko Txeroky lagunminaren laguntzaz, Josu eta ordenagailua ez baitira apenas ezagutzen. Esan beharra dago TDGko lehen edizioan parte hartu zuela Txerokyk, parte hartu eta bukatu, jakina, 124 ordutan, hau da, 5 egun eta 4 ordu.

Lehenengo pausua emana zegoen, honek ez zuen atzerabueltarik Josurentzat, izena eman eta onartuta zegoen.

Maiatzaren 26an, Bizkaiako Sopela herrian, Killian Jorneten hitzaldia zegoen –hurrengo igandean Zegama-Aizkorri maratoia zen- eta aukera hau aprobetxatu gabe ezin utzi eta hara joan ginen Txeroky, Josu eta ni neu. Hitzaldiaren amaieran, bazkari on baten bukaeran bezala, eta postre gisa, argazki bat atera genuen Killianen aldamenean –a ze lotsa, ni asto zaharra zaldi lasterketaren alboan!-

Eta hitzaldiaren aretotik irteten ari ginela, gero nire bidailagun izango zen Beasko (Roberto) ezagutzeko aukera izan nuen. Beasko ez zegoen bakarrik, bere anaia –Oscar- ere hantxe ezagutu nuen. Oscarrek ere parte hartu zuen TDGko lehen edizioan eta aurten errepikatu egin nahi zuen, oso tipo gogorra benetan.

Josu eta Beasko elkar ezagutzen zuten iaztik. Izan ere, TDGko lehen edizioan biak joan ziren Beaskoren furgonetan Oscar eta Txeroky laguntzera. Argi dago Tor de Geants-ek baduela xarma berezia. Eta xarma horrek liluratu zuen Josu, “harmailetik” dortsala janztera pasatuz. Eta jakin badakit Josuk laguntzaile gisa Beaskorekin batera ondo baino hobeto pasatu zuela baina sabelean “alien”-a sartu zitzaion eta hori ezin kendu.



Beaskoren kasua ere aipatzekoa da. Iazko TDG edizioa bukatu bezain laster, aurten bertara bueltatuko zela esaten hasi zen. Halakoak sarri beroaldian esaten dira eta gero ahaztu, baina Beasko ez zebilen txantxetan. Oraingo 2.edizioa bukatu eta gero, 3.aldiz errepikatuko duela aitortu du, kurtsoa gainditu nahi ez duen ikaslea dirudi. Zer arraio dauka mendi lasterketa honek? Hau guztia gutxi balitz, Beaskok ibilbidea, ordutegiak, atseden gune eta abarren informazio zehatza eta amaigabea dauka bere buruan, akatsik gabeko mikroprozesadorea dirudi, zeharo harrituta utzi nau. Ausartu egingo naiz eta esango nuke Beaskok gustora hartuko lukeela eszedentzia lanean antolatzaile kontuetan laguntzeko musutruk.

Bigarren urratsa emanda. Josu eta biok bagenuen nola joan Courmayeurrera, Beaskoren furgonetan hain zuzen.

Jakin bagenekien Euskal Herriko beste batzuk ere joan behar zirela. Batetik, Gasteizko Marce, hau abioan zihoan, laneko Jandro lagunarekin. Bestetik, Oñatiko Iker, hau ere abioian joango zen, Andoaingo Kauldirekin.

Azkenik, Ehunmilak mendi lasterketa egunean, Josuk Edu Uriberekin egin zuen topo, elkarrekin planak egiteko. Geroago, halaxe suertatu zen, eta bi furgonetatan joan ginen Italiaraino.



Planak hobeto lotzeko, mendi irteera bat egin genuen Pagasarri eta Ganekogortara, eta gero bazkaltzera joango ginen. Halaxe ezagutu genuen beste partaide bat, Bilboko Javi Ugalde, Eduren mendilaguna. Mendi irteera ondo joan zen baina bazkaria apartekoa izan zen. Xehetasunak alde batera utzita, Josu eta biok uste genuen bazkari xumea egingo genuela, baina patuaren kontuak medio, Bilboko jatetxe onenean azaldu ginen laurok. Bapo jateaz gain, bazkalondo zoragarria egin genuen, bidaiako kontuak ondo lotuta utzi genituelarik.

Bidaiarako prestamenak primeran irten ziren. Orain irteteko eguna iristea baino ez zen gelditzen.

Heldu zen bada abiatzeko eguna, irailaren 8ko arratsaldea. Itziarko autopistako atseden gunean elkartu eta furgoneta biak martxan jarri ziren. Errepideko bidaia oso ondo joan zen, trafiko gutxi zegoen eta eguraldi ona. Bidaia hain neketsua ez egiteko, 600 kilometro inguru egin ondoren, autopistako atseden gune batean gelditu eta bertan lo egin genuen. Hurrengo egunean, ostiralean, Courmayeurren ginen.

Iritsi bezain pronto, iaz bigarren sailkatu zen Salva Calvo ikusi dugu eta agurtu. Hau hasiera polita! Gero, arratsaldean, Courmayeurreko kaleetatik ibili gara, dagoeneko badaude beste mendi korrikalari batzuk, tartean Aosta bailarako Gigi Riz, iaz azkenengo bukatu zuen eta lehenengoa baino ospetsuagoa bihurtuz, aurten 5.gelditu da atzetik aurrera. Gauean berriro ikusi dugu Salva Calvo eta berarekin solastu gara 5 minutu. Aurten irabazi nahi du, iazko zapore mikatza kentzeko.

Furgonetak leku estrategikoan utzi ditugu, dortsalak jaso behar diren gunearen aurrealdean dagoen aparkalekuan. Larunbata da eta hauteskundeen bezperan bezala, gogoeta-eguna: atsedena hartu, motxilak prestatu… eta parte hartu behar duten kristo guztiarekin hitz egin. Izan ere, furgoneten aurrealdetik pasatu behar dira dortsalen bila joan behar diren orok eta eguzkiak ederto jotzen duenez, estalki deigarria jarri dugu bi furgoneten erdialdean, eta honen estalpean mahaia eta haren bueltan gaude solasaldi ederrean erlojuari aurrera egiten uzten: UTMBko edizio guztiak bukatu dituen 65 urteko Francis De Stefanis frantziarra; Enric, Montse eta Pau –Enric-ek iaz ez zuen bukatu eta arantza hori kentzera etorri da-; Manel eta Pilar… eta beste hainbat. RAI telebistakoak ere guregana hurbildu dira eta gutako baten batzuk mikrofonoaren aurrean hitz batzuk bota ditu lotsaz josita.

Gaur gauean pasta party dago eta briefinga eta bertan bat egingo dute parte hartzaile eta laguntzaile gehienek. Ehunmilak-ean Edurekin parte hartu zuen Marc ezagutu dut. Baita ere txakurren konpainiarekin parte hartu nahi duen Joel, oso tipo bitxia benetan. Jangelan sekulako giroa dago, parte hartzaileak elkarri begira…bakoitzak bere istoriotxoak kontatzen…

Afalostean, lotara. Josuk badaki hurrengo 6 egunetan ez duela lo egingo pulamentuzko ohean eta horregatik, gaurko gaua hotelean pasatuko du.

Igande goiza da eta bi ordu barru lasterketa hastera doa. Hoteletik irten eta ile luze eta kizkurduna duen mutila ikusi dugu. Mutila ala neska, horrek du ilea, ezta? Gu bai inozoak, lasterketan bigarren postuan bukatuko zuena zen, ai ene!!!

Urduri nago, sabelean txingurriak izango banitu bezala. Itzelezko inbidia ematen didate lasterketako parte hartzaileek, baina oraingo honetan laguntzera etorri naiz eta atsegin handiz, nola ez! Batzuk izerditzera etorri dira eta gu, ordea, haiek animatzera eta laguntzera.

Lasterketa hasi eta gero, zoramena izan da, plazer handiko zoramena. Beasko eta biok furgonetaz jarraituko dugu lasterketa osoa, egunez zein gauez, otorduen ordutegi finkorik gabe, lo gutxi eginda, hara eta hona joanez, etaparen kronika idatziz blog honetan, mendi martxak eta elatleta foroetan –Internet jaunak hala uzten zigunean-. Laburbilduz, minutu bat ere ez aspertu gabe.

Ez gara izan lasterketa jarraitzera joan garen bakarrak: Montse, Ivone, Silvia –Donostiako Asisen neskalaguna-, Bilboko Samuel eta Lidia… Denok osatu dugu familia handi bat eta sarri ikusi dugu elkar lasterketan zehar. Laguntzaileok ama papera interpretatu dugu, gure parte hartzaile kuttunei ezer ez faltatzeko.

Egunak pasatu ahala, ezagutu dugu partehartzaile gehiago: Zaragozako Javi, Beasainen jaio baina Milanen bizi den Kranx, Ale eta Pochi kanariarrak eta abar luze bat.

Beasko eta biok oso bikote ona osatu dugu eta bion artean ahal izan dugun gehienei laguntzen saiatu gara, bereziki Oscar, Josu, Marce, Iker, Kauldi, Marc, Javi eta Eduri. Eduk zioen moduan, ekipo bat izan gara. Baina ez gara mugatu hauei laguntzera, baita ere Ana Sebastian, Ana Bustamante, Javi, Kranx…

Laskerketa igandeko goizeko 10etan hasi eta lehenengo egunetan mendi korrikalariek elkarrengandik gertu samar ibili badira ere, egunak pasa ahala haien arteko tarteak handitzen joan dira, eta horrek zailagoa eta batzuetan ezinezkoa egin du guztiei modu berean kasu egitea. Egoera horietan, SMSak eta telefono-deien bidez “bultzatu” ditugu aurrera egiten.

Lasterketa ikusten egon ez dena pentsa dezake “lasterketa batean lagundu daiteke akaso?” Nik ere galdera hori egingo nioke nire buruari. Argi utzi behar da gu gabe partehartzaileek berdin-berdin amaituko zutela lasterketa. Gure laguntza izan da, batez ere, han egotea –aurpegi ezagunak algaraka eta oihuka ikustea bezalako Red Bull-ik ez dago-, lokuluska ostean haiek esnaraztea, arropa-poltsa hurbiltzea eta tarteka-marteka kilometro batzuk haien alboan egitea nekea modu nabarmenean agertzen zen azken etapatan bereziki.

Hamaika anekdota izan dira eta hamaika lagun bitxi ezagutu ditugu, besteak beste:
* Zaragozako Javi-k eraman zuen frontala, txinoetan erositako horietako bat zen eta ganorazko bat utzi behar izan nion. Mutil honek ere bere aitaren errauts puska batzuk astindu zituen lau haizeetara lasterketaren mendi lepo altuenean duela gutxi hildako aita omentzeko.
* Andaluzian bizi baina italiarra zen gizonarena, 2010.urtean Decaironman bikoitza egindakoa (20 ironman jarraian, soilik idazten nekatu naiz).
* Lehena bukatu zuen mutilarena, Courmayeurreko helmugara iritsi eta erratu egin zela esan entzun genuenean –ez dakit inoiz gaindituko duen hain kolpe latza-.
* Hirugarren zihoan mutilarena, 5 kilometro falta zitzaizkionean lurrean ziplo erori zela eta proba bertan utzi zuela aditu genuenean –Pablo Criadok bera laguntzen geldituz egin zuena txalotzeko modukoa da-

Izan dira une estuak, esaterako, enteratu ginenean Salva Calvok lasterketa bertan behera utzi zuela; Marc-ek proba utzi egin behar izan zuela jakin genuenean; Zaragozako Javi helikopteroz ebakuatu zutenean; edota Javi eta Kranx, egun bat bai eta hurrengoan ere bai denboraz ia-ia mugatik kanpo iritsi edo irteten zirenean.

Une goxoak ere izan dira, hauen artean:
* Andoaingo Kauldiren emaztea isil-isilik lasterketan agertu zen unea, Kauldiren ezusteko zorionerako.
* Asis-ek neskalagunari muxu eman eta Josurekin batera helmugaratu zirenean.
* Kranx-ek bukatu zuela jakin genuenean, 7 minutu soberan zituela, azken aurreko postuan, Poulidor bezala, atzekoz aurrera begiratuta.

Den-dena ondo joan da. Gure taldeko guztiek bukatu dute, denbora barruan eta oso-osorik (Marc izan ezik). Egindako postua eta denbora bigarren mailan geldituko dela uste dut, azken finean norberak bere buruari egindako desafioa baino ez da izan.

Larunbat gauean, proba amaitu eta gero, hainbat korrikalari eta laguntzaile elkartu ginen helmuga ondoan zegoen pizzerian. Imagina dezakezue zein giro ederra izan zen mahai hartan. Afari horretan ere izan zen 3.sailkatu zen Pablo Criado –kirolari aparta- eta Bilboko Samuel eta Lidia –Transalpine Run egin ostean, TDG jarraitzen izan zirenak txintxo-txintxo-.

Galdetzen badidazue nork gozatu duen gehiago, parte hartzaileak ala gu laguntzaileak, ez dut batere argi erantzuna, Beasko eta bion aurpegia ikustea baino ez zegoen erantzuna zalantzan uzteko. Nik behintzat ez dut inoiz ahaztuko esperientzia hau. Ni poz-pozik ibili nintzen, baita nire telefono-konpainia, dei eta mezu ugari bidali nielako gure korrikalariei nondik nora zebiltzan jakinminez, baina ez naiz batere damutzen.

Bueltatzeko eguna ere heldu zen eta itzuli ginen nor bere txokora. Orain, bideoak eta argazkiak elkarri pasatzea eta afari-merienda goxo bat egitea baino ez da falta. Eta gero gerokoak. "



Nik “harmailetik” halaxe ikusi nuen TOR DE GEANTS.

Albertxo


Probaren zehar Albertxok beste kronika batzuk ere idatzi zituen:



" Erdia baino ez zaie falta "

" Maitasunak ez du begirik "

 " Aostan gaude "



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina