2010/08/03

BIDARRAIn Haritz Kortabarria txapeldun!


Jon Bikendi Bidarraiko mendi maratoia bukatu berri. Eskumako eskuan izotza jarrita du, lasterketan erorikoa izan baitzuen. Aupa txapeldun!


Bidarraiko mendi maratoian parte hartzaileak irtetzeko prest! goizeko 7etan! Animo txapeldunak!


Bidarraiko mendi maratoiko krokisa.


Fitxa teknikoa:

-Bidarraiko mendi maratoia- 2010-07-24an.
-Luzeera: 42,195 km.
-Desnibel +: 3100 m
-Irabazlea: Haritz Kortabarria arrasatearra, zorionak!


Jon Bikendi helmugara iristen; 5h02´tan, 6. postuan, eta hori eskumako eskua minduta izan zuela lasterketan erorikoa izan ostean! Zorionak txapeldun!

Hona hemen Jon Bikendik Bidarrain eginiko mendi lasterketaren inguruan bidali digun kronika. Mila esker Jon!

EUSKAL HERRIKO MENDI MARATOIA (BIDARRAI)

Goizeko 5:00ak. Gaurkoan ez nau iratzargailuak esnatu, telefono mugikorraren alarmak baizik. Furgonetako ohean lo egitearen beste desberdintasun bat. Arraro samarra egin zait mendi lasterketa baterako hain goiz jaiki behar izatea. Txirrindularitzan aritu nintzeneko garaiak gogorarazi dizkit horrek, garai hartan lasterketetara joateko oso goiz ibili beharra izaten baikenuen. Baina kontuak kontu, nik askoz nahiago dut edozein lasterketa goizean goiz egitea. Beraz, pereza handirik gabe jaiki naiz eta patxadaz gosaldu dut. Tenperatura freskoa dago eta dena ilun, eguna oraindik argitu gabe baitago. Gosaldu ostean, furgoneta pixka bat txukundu, luzaketa batzuk egin eta lasterketarako gauzak prestatu ditut. Batez ere oinek kezkatzen naute, urratuak eta babak lasterketa ia gehienetan izan baititut orain arte. Baselinaz ongi igurtzi eta esparadrapu mordoska batez punturik ahulenak estali ondoren, zapatilak eta arropa janztea izan da azken pausua. Erlojuari begiratu eta 6:30ak. Ordu laurden eskas geratzen zait pixka bat berotu eta irteerako kontrol gunera sartzeko (6:45). Beroketan fisikoki gorputzaren sentsazioak ohikoak dira, beste lasterketetan izan ditudanen antzekoak. Psikologikoki, ordea, gaurkoa beste gauza bat da.

Izan ere, lehen aldia da maratoi bat korritzera noala, eta nahi edo ez, horrek halako urduritasun eta “intriga” puntu bat sortarazten dit. 20-25 kilometroko lasterketak ongi joan dira, baina 42 kilometro… Gainera, lasterketa gogorra da Bidarraikoa, 3100 metroko desnibel positiboa baitauka. Eta lasterketa aurreko nire azken astea ez da prezisoki oso “modelikoa” izan. Ehunmilak probak iraun duen bitartean antolakuntzako kide gisa lo oso gutxi egin dut (ostiral goizetik igande gauera 6 ordu guztira) , eta tentsio, neke eta urduritasun ugari pilatu ere bai. Eta ondorengo egunetan pirinioetan frantziako tourra ikustea ere nahi genuenez, 3 egunez kanpingean izan naiz lo gutxi egin eta etxeko ohe gozoa ikutu gabe, horrez gain hotza nahiz etengabeko euria pairatuz. Ostegun gauean 4:00etan iritsi nintzen etxera, ostiralean 9:00 jaiki eta bazkal ostean Bidarraira. Horrek guztiak ematen dit halako kezka puntu bat. Kontuak kontu, neure martxa aurkitu eta proba amaitzea beste helbururik ez daukat. Beroketa ondoren kontrol gunea zeharkatu eta irteeraren zain geratu naiz. 7etako kanpaiekin batera eman zaio probari irteera.

Lehen bizpahiru kilometroak nahiko errazak dira, asfaltoan direlako eta gainera zati handi bat aldapa behera baitute. Ni neure erritmora noa, sarri-sarri pultsometroari begiratuz. Aurretik dozena bat laguneko taldea doa, baina ez naiz ausartu haien erritmoa jarraitzera, nahiz eta hain azkar ez doazen irudipena izan. Ez dut inoren erritmoan sartu nahi, neurera eta kito! Azkarrago joan banaiteke, etorriko da bai “pottoak” estutzeko nahikoa aldapa eta aukera!! Lehen igoera gustura egin dut. Mendi pistan gora lehenik eta aldapa handiko zelai batean gora geroago. Pultsometroari begiratuta nahikoa pultsazio altuak daramatzadala iruditzen zait (175-180 bitartean), baina ez noa batere behartuta eta 150 pultsaziotan banindoa bezala sentitzen naiz. Beraz, momentuz sentsazioei kasu egingo diet. Gero gerokoak! Igoera oso polita da, eta goizeko behe lainoaren azken arrastoak desagertzen ari dira. Gaina igaro eta 8. kilometroan jeisten hasi gara. Eguna zoragarria dago eta paisaiak ikusgarriak dira. Paisaiaren edertasunaz gozatuz zelaian behera noala bidezidorraren ertzarekin estropozu egin eta erori egin naiz. Erorketa “tonto” horietakoa izan da, baina erortzerakoan gorputzaren pisu guztia (ez da gehiegi, baina okerra egiteko nahikoa!!) eskubiko eskuaren gainean jarri dut, eta segituan nabaritu dut “krak” moduko zerbait. Zutik jarri eta min handia nabari dut eskumuturrean. Mugimendurik txikiena egiten hasi eta gorriak ikusten ditut. Beldur naiz hautsiren bat ez ote den izango. Hala balitz, eskumuturra hazi edota zorabioren bat izan beharko nukeela uste dut, eta hori gertatu arte aurrera jarraitzea pentsatu dut.

Kasualitatez, erori eta hurrengo 5-6 kilometroak dira ibilbide guztiko kilometrorik teknikoenak eta zailenak. Harkaitz artean behera malkar eta aldapa handiak jaitsi behar dira. Sekulako paisaiak ikus daitezke. Pirineotako mendi altuen antza du inguru honek, leku harritsua eta malkar handiak baitaude. Nik eskuineko eskua ezin dut inon apoiatu, eta nola edo hala noa harkaitz artean behera. Baldintza normaletan baldarra banaiz jaisten, imajinatu nola noan une honetan goitik behera. Erabat mantso eta torpe, denbora guztian ezker eskuarekin moldatuz. “Letxe” oso txarrean noa, neure buruari etengabe marmarka. Neure pelikula partikularra osatu dut beti ere txarrena pentsatuz: helmugara iristea lortzen badut, segidan anbulategi edo ospitaleren batera joan beharko dut plakaren bat ateratzera, gainera nik frantsesez arrastorik jakin ez eta auskalo nola ibiliko naizen! Hori gutxi ez balitz, furgoneta gidatzeko ere ez naiz gai izango. Eta noski, hurrengo egunean Bidarrain bertan rafting-a egiteko geneukan asmoa ere pikutara! Txukuna nago ni pala hartu eta ibaian behera abiatzeko!! Burutazio horiek denak darabiltzat 8 kilometroak jaisten ari naizen bitartean. Ez noa lasterketan batere zentratuta, eta korrikalari mordoska batek aurreratu nau.

Jaitsiera ia amaitzen ari naizela (15. kilometroa), erreka bat gurutzatzen ari nintzela irrist egin eta eskuin eskua zuhaitz batean jarri beharra izan dut. Izarrak ikusi ditut minaren minez, baina oraindik ere aurrera jarraitzeko gogoz nago. Eskumuturra hazita daramat, baina zorabiorik ez dudanez izan eta hazitasuna handiegia ere ez denez hausturaren aukera baztertu egin dut. Bihurrituren bat izango da eta kito! 16. kilometroan lehen kontrol gunera iritsi naiz. Platano zati eta piku batzuk jan eta bizpahiru basokada ur edan ditut. Uste dut gerrikorik eta kamelback-ik gabe atera den korrikalari bakarra izan naizela. Anoa postuak 6-7 kilometroz behin egonda, ez nuen beste ezeren beharrik ikusten, eta hala izan da. Kontrol gunea igaro bezain laster bigarren igoerari ekin diot. Igoera gogorra da, harkaitz artean aldapa handiak dituena. Zati askotan Azpeitiko zuzenien bertikalaren itxura hartu diot. Jakina, horrelako ibilbidean nahitaezkoa da bi eskuen laguntza harkaitz artean gora indarra egin eta gorputza bultzatzeko. Baina nik eskuineko eskua ezin dut ezertarako ere erabili. Beraz, toki askotan halamoduzko “malabarismoak” egin beharrean nabil ezker eskuaz bakarrik igo ahal izateko. Hala ere, beste zati batzuetan korrika pixka bat egin daiteke, eta zati horietan gustura noa erritmo nahiko bizian. 25. kilometrorarte luzatzen da igoera (nahiz eta tartean jaitsiera batzuk badituen), eta igoera honetan lehen jaitsieran aurreratu nauten korrikalari dezente aurreratu ditut.

Antena handi batzuk dituen gaintxo batetik igaro eta jaitsiera hasi da. Jaitsiera hau errazagoa da, mendi pistetatik barrena egiten baita. Korrika egiteko zatia da eta gustura noa. Zelai, baso eta garo artetik pasatuz egiten ditugu hurrengo 7 kilometroak. Benetan dotorea ibilbidea! Fisikoki ongi noa. Lasterketa amaitzea posible ikusten dut, eta aurrez izandako erorikoaren ondoren gauza txarragorik ez dudan neurrian konforme noa. Dena den, lehen egindako pelikula oraindik ere buruan darabilt. 32. kilometroan azken kontrol gunea dago. Bertan 6. noala esan didate, eta sinestea kosta egiten zait. Beste 3 kilometro goruntz (Iparla mendira) eta ondoren 7 kilometro dena beheruntz Bidarraira. Platano zatiak eta pikuak jan, ura edan eta txipa irakurgailutik pasatu ondoren gogotsu ekin diot azken igoerari. Aurretik ez dut inor ikusten, eta atzetik ere ez dator inor gertuan. Igoera gogorra da, aldapa handikoa eta harri dezente duena. Korrika askorik ezin da egin, eta oinez ahalik eta erritmo bizienean igo beste aukerarik ez dago. Tontorrera iritsi eta lasai ekin diot jaitsierari. Ez dut azkar eta arriskatzen ibili nahi. Lasai lasai eta eskuin eskua ahalik eta ondoen mantentzea besterik ez dut buruan.

Lehen bi kilometroak zelaian behera dira, korrika egiteko erosoak. Ondoren bide estu batetik behera sartu da ibilbidea. Bidea oso estua, harritsua eta teknikoa da. Xoxoteko jaitsieraren antz handia dauka, harri artean baita dena. Hanketatik ondo noa, uste baino askoz hobeto. Dena den, jaitsiera oso lasai egiten ari naiz, azken kilometroetan indarrekin batera erreflejuak ere gutxiago izaten direlako eta erorketaren baten arriskua handiagoa izaten delako. Eta gaurkoz sustoen “kupoa” ongi beteta daramat. Handik pixka batera Bidarrai ikusten hasi naiz. Ez zait askorik falta, eta animatuta noa. Pare bat kilometroren ostean herrira iritsi eta helmugan sartu naiz. 6. postuarekin harrituta, eta are gehiago 5h:02 denborarekin. Erorketaren istorio horrekin guztiarekin eta azken jaitsiera hain lasai eginda denbora itxurosoa iruditu zait. Postuak ez dit axola, baina denborak poza eman dit. Lehen maratoiak fisikoki ez nau hain nekatuta edo ikututa utzi (Lakuntza eta Zumaiako lasterketak okerrago amaitu nituen), eta erritmo aldetik askoz ere gehiago gustatu zait lasterketa luzekoa maratoi erdietakoa baino. Esperientzia dotorea izan da, eta proba luzeetan hobeto molda nintekeen ustea konfirmatu dudala iruditzen zait.

Helmugako anoa postuan ura edan ondoren furgonetara joan, luzaketa batzuk egin eta dutxara joan naiz. Nahiko komeria izan ditut arropa kendu eta jaboia emateko, zeren ezker eskua ez baitut ezertarako ere erabiltzen. Masajea hartu eta gero medikuarengana joan naiz eskumuturra begiratu ziezadan. Majo kosta zaigu elkar ulertzen (berak euskaraz eta gaztelaniaz ideiarik ere ez, eta nik frantsesez ere zorrik ulertzen ez…). Beste pare bat boluntarioren interprete lanaz baliatuta eskumuturra bihurrituta dudala esan dit. Izotza jartzeko eta bizpahiru egunetan inflamazioa jaisten ez bada plakak ateratzera joateko. Tira! Hautsirik edo pitzadurarik ez dudan bitartean konformatzeko modukoa iruditu zait. Furgoneta ezker eskuz arrankatu beharra dut, martxa atrasa eta esku frenua ere ezker eskuz erabili behar ditut, baina kanbioa eskuin eskuz nola edo hala erabiltzeko moduan nago (minez bada ere). Gaitzerdi!! Asteburua Bidarrain pasatzeko moduan izango naiz, eta zorte pixka batekin rafting-a egiteko ere bai…

Jon Bikendi

Orain Collaradako 2xKB prestatzera, runner!
Collaradako km bertikal bikoitza irailaren 11an ospatuko da Villanua ( 890 m ) herrian ( Huesca ). Collaradak 2886 m ditu eta igoera oso zuzena da. datorren egunetan bertara eginiko igoera baten berri emango dizuegu argazki eta guzti. animatu zaitezte eta etorri. Villanuan bertan oinarrizko kanpoa izango dugu, informazio gehiago nahi izan ezkero deitu 665 70 38 20 telefonora ( Edu ).

2010/07/19

EHUNMILAK 2010: IMANOL ALESON TXAPELDUN!

Ehunmilak-eko ibilbidean zehar.

EHUNMILAK



Josu Elejalde eta Josu Unsion lagun zaharrak. Elejalde eibartarrak Lizarrustin (116. km) bukatu zuen, 16 ordutan, 18. postuan zihoala! Unsionek berriz 31h36´tan, 16. postuan, proba osoa! Zorionak bioi! Elejaldek orkatilarekin gora-beherak izan ditu aurten, eta kontutan izanik ezkerreko hankako koadrizepsa lesionaturik duela harritzekoa da egin zuen lasterketa, chapeau!

Bernard eta Salvadorrekin. Bernard-ek Etxegaraten bukatu zuen, eta Salvadorrek 32h04´tan, 18. postuan, itzuli osoa. Edu berriz Amezketako ( 96. km ) anoan neutralizatuta izan zen eguraldi kaxkarra medio, antolakuntzako erabakia egokia izan zen partaideen segurtasunari lehentasuna eman nahian. Ea datorren urterako ibilbide alternatiboak esartzen diren ibilbidean zehar erabakiak hartu behar badira.



Imanol Aleson, azkoitiarra, irabazlea: 25h14´.
Javier Leal-ek, Azpeitin bukatu zuen, 13h33´.
Haritz Iturbe-k, azken aurreko kontrolean bukatu zuen, 27h15.
Pello Alberdi-k, bukatu zuen: 34h41´ ( 25. postuan ).


Benito Lekuona-k 42h40´tan bukatu zuen ( 67. postuan ).


Javier Ugalde-k 45h41´tan bukatu zuen ( 102. postuan ).
Zorionak Javier!

Ehunmilak - parte hartzaileak:
-Irten: 263
-Bukatu: 121

Goierriko bi haundiak - parte hartzaileak:
-Irten: 105
-Bukatu: 68

Ehunmilak - sailkapena - podiuma:
-Gizonezkoak:
1. Imanol Aleson (Azkoitia) 25h14:18.
2. Iker Urizar (Elorrio) 26h03:04
3. José Luis Albizuri (Azpeitia) 26h04:54

-Emakumezkoak:
1. Nerea Martinez 29h26:18
2. Jaione Sasieta 39h04:45
3. Jone Pelaez 41h32:44
4. Meritxell Melgar 43h23:28
5. Nekane Ituarte 45h24:30

Goierriko bi haundiak - sailkapena - podiuma:
-Gizonezkoak:
1. Xabier Larrion (Beasain) 13h39:05
2. Ernesto Angulo (Jaén) 13h39:11
3. Aitor Urbieta (Azkoitia) 14h33:08

-Emakumezkoak:
1. Elena Calvillo (Beasain) 15h36:48
2. Monika Grajera (Alkiza) 16h16:26
3. Leire Iruretagoiena (Orio) 15h16:27

4. Lidia Gomez 18h47:06
5. Pilar Garcia 20h28:45
6. Sharlyn Gunderson 20h42:16

EHUNMILAK 2010: IKARAGARRIA!

Eguna iritsi da, uztailak 16a, ostirala, Beasaingo udaletxearen aurrean gaude. Denok prest Ehunmilak-en parte hartzeko. Urte guztian zehar eginiko entrenamendu eta saiakerak orain izango dute kanpora ateratzeko aukera.

Ezagun askorekin elkartu naiz; Iosu Elejalde, Unai Bengoa, Adur Juaristi eta bere aita ( hauek ere elgoibartarrak, beraz ez naiz herriko bakarra, pentsatzen naban Mendarokoak zirela ), Miquel katalana eta bere lagunak Miguel eta Manolo ( hauek taldeka datoz ) eta bere Jordi, bere semea, Isidro madrildarra ( Peñalara ), Bernard eta Salvador ( Andorra, Aux les Thermes ), Jon Bikendi eta Mikel Valdivielso antolatzaileak, eta Javier Ugalde. Ricardo ez det ikusi, bera ezagutzeko gogoa banuen, hainbeste aldiz telefonoz hotsegin ostean pertsona oso zentzuduna dirudi, ea probaren zehar bat egiten dugun.

Probarako bereziki eginiko musika bozgorailuetatik jarri dute, eta jendearen txaloen artean abiatu gara. Hasieran Javierrekin lasai irten naiz, baina erritmo onean. Jendea gustora doa. Usurbeko lehen aldatzak ez dira bat ere nabaritzen. Lepo aldean argazkilari bat zegoen eta denok aurpegirik onena eskeini diogu.

Kizkitza da hurrengo helburua. Lehen euri sirimiri zantzuak nabaritu ditugu. Seinale ona, eguraldi berorik ez dugu izango. Gero 16 ordutan, larunbateko eguerdirarte, gainean izango dugu, eta ez da izango bat ere atsegina, mendiaren egoera asko zailduko bait du, lurra lokatzez gainezka eta labainkorra bihurtuko duelarik.

Kizkitzara ( 800 m, 11. km ) 20etan iritsi gara ( 2h ). Bertan baseliza bat dago, eta jendeak aterpearen azpian atsendentxo bat eta zira gainean jartzeko parada hartu du.
Izazpira ( 967 m, 15. km ) 20:55etan iritsiko gara ( 2h55 ). Laino artean goaz, baina gogotsu.
Antiguako amaren baselizara ( 450 m, 18. km ) 21:35etan iritsi gara ( 3h35 ). Hemen ere argazkilariak zeuden.

Zumarragara ( 250 m, 20. km ) 21:50etan iritsi gara ( 3h50 ). Anoan ura edan eta palmeratxo batzuk eta platano bat jan ostean Irimoruntz abiatu gara. Herriko plazan, Gorka Azkarate agurtu det, animatzaile moduan zegoen mikrofonoa eskuetan zuela. Mila esker Gorka! Kanpotik etorritako jendea ( katalanak, frantsezak, portugesak ... ) harrituta zeuden hemen mendizaletasuna nola bizi dugun ikusita; ano eta bide bazter guztietan pertsonak animatzen izan ditugu.

Irimora ( 901 m, 23. km ) 22:55etan iritsi gara ( 4h55 ). Indarrak neurtzen.

Gorlara ( 600 m, 27. km ) 23:55etan iritsi gara ( 5h55 ). Bergarako jendia oso animoso dabil, juerga ederra botatzen ari dira Ehunmilako aitzakixakin, mila esker animoengatik! Bidean Xavier edo Txabi Sabadell-eko mendizale batekin bat egin dut, eta Amezketaraino berarekin egingo det bidea. Txabik esperientzi handia du martxa luzeetan, Mont Blanc-eko Ultra Trail-a birritan egina du, eta beste ugaritan egona dago ( Madeira, Andorra ... ). Berarekin ibilbidean zehar momentu aberasgarriak bizi izan ditut, batez ere martxa luzeei aurre egiteko pautak ikasten. Mila esker, gracies Txabi!

Irukurutzetara ( 895 m, 35. km ) 01:20etan iritsi gara ( 7h20 ). Oso emozionantea izan da Elgoibarko mendirik garaienera iristea, zegoen eguraldi kaxkarrarekin eta bertan Mikel, Aitor, Arkaitz eta beste elgoibartartar batzuk lepotik heldu eta airean eraman naramatela sentitzea. Plazerra benetan! Oraindik ere, idazten nauan bitartean oilar haragia jartzen zait! Txapo Elgoibar!!!

Otsauartera ( 550 m, 37. km ) 2:00etan iritsi gara ( 8h00 ). Irukurutzetatik Sargoate alderako jeitsiera oso oso labainkorra zegoen eta momentu batzuetan lurrera joan naiz. Otsauarten beste animatzaile kuadrilla bat zegoen, trikitixarekin! Mila esker zuei ere!

Madarixara ( 550 m, 41. km ) 2:50etan iritsi gara ( 8h50 ). Hemen jakin dugu Iker Karrera 10:30ak aldera igaro dela Madarixatik!!! Gu baino 4h20 lehenago! Makina! Atzetik Aleson zihoan ordu batera edo.

Xoxotera ( 550 m 42. km ) 4:30etan iritsi gara ( 10h00 ). Gauean, Azpeitira jeitsi beharrak tentu handiz jokatzea eskatzen du, batez ere haitza oso labainkorra bait dago.

Azpeitira ( 125 m, 53. km ) 5:40etan iritsi gara ( 11h40 ). Atsedena hartu ostean goruntz jarraitu dugu.

Sañura ( 612 m, 58 km ) 6:55etan iritsi gara ( 12h55 ). Egunsentiarekin batera indarrak bete-betean ditugu oraindik. Denbora guztian dosifikatzen goaz, eta janaria eta edaria kontu handiz irensten! Oinarrizkoa da sabela zaintzea. Oraingo honetan asmatzen ari naiz, gauza bat gehiago ikasi dudala.

Gazumera ( 1013 m, 65 km ) 8:53etan iritsi gara ( 14h53 ). Laino artean iritsi gara eta Arrasateko hirukote bateko partaideek zira ez dudan jantzi behar galdetu didate. Baina hain kontzentratuta nihoa ez dudala hotzik sentitzen ere.

Zelataun ( 850 m, 67. km ) 9:18etan iritsi gara ( 15h18 ). Zira janzteko denbora hartu det, eta baita txorizo erreaz beteriko bokadillo bat jateko, “ayuda exterior” esan dit batek, antolakuntzakoeei brometan txorizo egosia gustora jango nuela esan bait diet, eta bi minutura aipaturiko ogitartekuarekin azaldu zait tipo jator bat.

Herniora ( 1070 m, 69, km ) 9:42etan iritsi gara ( 15h42 ). Gogotsu aurrera goaz.

Hernio Zabal (1060 m, 71. km ) 10:14etan iritsi gara ( 16h14 ). Labainkorra.

Tolosa ( 120 m, 77. km ) 11:53etan iritsi gara ( 17h53 ). Lasai goaz, dosifikatzen, oraindik Aralar eta Aizkorri falta zaizkigu, gogorrenak, Ehunmilak hor hasiko da!

Jazkue gaina ( 680 m, 82. km ) 15:38etan iritsi gara ( 21h38 ). Aurrera goaz, ariztien artean bideaz disfrutatzen. Telefonoz Asier Arrietak deitu dit, eta animo pillo bat bidali dizkit. Asierrek igandean Gararleitz-eko mendi maratoian parte hartuko du. Egurraaa!

Amezketara ( 250 m, 96. km ) 17:28etan iritsi gara ( 23h28 ). Txindoki besterik ez dugu buruan, bera aldapak eta Aralarreko serra! Gozatzera goaz! Animoak %100ean ditugu; fisikoki ondo, tripetatik bikain eta moralki a tope! Herrira iristean proba moztu egingo dela esan dit plazan zegoen pertsona batek, nik ea brometan zebilen galdetu diot. Ezetz. Sinistu ezinik frontoira sartu eta fitxatu ostean ea zer gertatzen den galdetu det. Antolakuntzakoek Aralarreko zeharkaldia oso harriskutsua dagoela aipatu digute. Jendea hipotermia zantzuekin dabilela, batzuk galdu egin direla laino itxia dela eta, beste batzuk jausi eta mina hartu, oso labainkorra eta lokaztuta bait dago dena. Harrituta gaude denok! Zartakoa! Baina segurtasunak agintzen du, eta orain antolakuntzaren erabakia onartze prozesuan hasi gara guztiok. Batzuk hala ere aurrera jarraitzea proposatzen dute, baina Aralar, baldintza hauetan oso harriskutsua dela aipatu diegu, eta erabakia errespetatu dezatela adierazi ere. Palo bat da, baina mendizaleak gara eta ez du merezi pertsonen bizitza tinka larrian jartzerik. Valdi etorri da, antolatzaile nagusia. Bere aurpegian tristura nabaria da. Pot eginda dago. Barrutik negarrez nabaritzen diot. Animatzen saiatu naiz, eta lasai egoteko, orain arte asko disfrutatu dugula eta datorren urtean lanak bukatuko ditugula. Hala ere beste alternatiba batzuk aipatu ditugu: taldean Aralar azpitik zeharkatzea, edo autobusez Lizarruztira eramatea. Ez dagoela aukerarik erantzun digute, eta jendea poliki poliki egoera asimilatzen joan da. Zorionak Valdi eta zurekin zeuden antolakuntzako beste partaideek erakutsi diguzuen tenplea, ardura, zentsua eta humanitateagatik! Ehunmilak ez dira mendiak bakarrik, maite duten medizaleak baizik!

Amezketako kiroldegitik Javierri telefonoz deitu diot egoeraren berri emateko. Javierrek ahots moztuarekin Txindokin neutralizatuta daudela erantzun dit. Laino itxia, haizea eta dena bustita dagoela aipatu dit, oso harriskutsua. Hala ere, zortzi bat pertsonako talde bat osatzen dute, eta aurrera egiteko gogotsu daudela. Beraiek azkena izango direla kortea pasatzen esan diot, eta aprobetxatu dezala aukera hau; atzetik gindoazen beste danok goguekin gelditu garela, eta batzuk Txindoki tontorretik ere jeitsi behar izan dituztela.

18:00etan berriro Javierri deitu diot, eta Ganbora iristen ari direla erantsun dit, oso larri dabiltzatela baina aurrera.

Amezketatik Beasaina autobusez eraman gaituzte, eta bertan Aleson txapeldunaren iritsiera ikusteko aukera izan dugu: 25h14 minututan bete du ibilbide guztia. Ikaragarria! Bejondeizula! Helmugan alkandora bana eman digute eta lagun zaharrak eta egindako berriak agurtu ostean Jon eta Fani-rekin kafetxo bat hartzera abiatu gara. Jonek ere Amezketan bukatu beharra izan du, eta Fanik, neska lagunak, azkenengo 3 km-ak egiten lagundu digu. Oso atseginak zarete bikote! Jonek Etxegarateko portura eraman nau, bertan geneukan poltsa hartzeko eta gero Eibarrera lagundu dit. Mila esker Jon!

23:00ak aurrera Javierri deitu diot, eta Etxegaratera iristen ari direla erantzun dit. Bere taldekoak banaturik dihoaz, bakoitza ala nola, baina aurrera, nola ez!

Etxean lo egin ostean, hurrengo egunean, igandean, Javier besterik ez dut buruan. Proban jarraituko ote du? Non ibiliko da? Goizeko 7:00etan deitu diot, eta Aizkorrira iristen ari da!!! 20´ falta zaiola esan dit, eta tontorrean dozena bat pertsona animatzen ikusten dituela!!! Animoak eman dizkiot, eta asko disfrutatzeko. Zenbat ordu lo egin dituen galdetu diot, eta ez duela lorik egin!!! erantzun dit, Etxegarateko kontrolean jan eta aurrera jarraitu duela.

12:00ak aldera berriro deitu diot, eta pare bat ordu falta zaizkiola kalkulatu dut. Orain azkenengo km-etan ari da eta herritik laguntzera joan zaion lagun batekin bukatzen ari da ibilaldia. Gehiago ez diot deitu, seguru kotxean lo seko egongo dela eta ez diot trabarik egin nahi. Bejondeizula Javier! Mont Blanc-eko ultra trail-ean elkar ikusiko dugu, makina!

Kronika hau idazten nagoela, Joserra Sousak deitu dit. Alpeetan egona da, Mont Blanc-eko ultra traila bertatik bertara ikusten; 110 km-ko ibilbidea egin du 2 egunetan, aterpeetan lo eginez. Joserrak proba luze hauek mimo handiz prestatzen ditu, eta aldez aurretik gerturatzen da ibilbidea gertutik ezagutzera. Profesionala haiz Joserra!

Horrela ba, datorren urtean berriro elkar ikusiko dugu Beasaingo Udaletxeko enparantzan. Gozatezeko prest! Mila esker danoi!

Edu Uribe


Usurbetik jeisten.


Jendea animoso Usurbeti igaro ostean ( 12. km ).

Pedro Azpiazu-k eta Joxean Ostolaza-k 44h14´tan bukatu zuten elkarrekin ( 87. eta 88. postuetan ), zorionak bioi!


Lehenengo anora iristen argazkien artean.


Kizkitza ( 850 m ).


Izazpi ( 967 m ).


Zumarragara jeisten.
Irimo ( 901 m ).

Gorlan Gurutze Gorrikoak.

Irukurutzetan ( 895 m ) guztiz emozionaturik lagunekin. Mila esker Mikel eta konpañia!

Aitor eta Arkaitz animoak ematen!

Sargoaten ere animoak jasotzen elgoibartarrengandik! Mila esker!

Xoxoteko aterpeko kontrola.

Manel katalana ( Mataro ). Amezketan neutralizatua.
Miguel ( Mataro ). Amezketan neutralizatua.

Xavier-Txabi ( Sabadell ). Gracies! Amezketan neutralizatua.

Miquel katalana, indarrak berreskuratzen Azpeitiko anoan.

Sañu ( 612 m ).

Erreibindikaziorako tartea ere bazegoen!


Arrasateko hirukotea Gazumera iristen. Hotzik bai?
Mondrautarrak ere neutralizatuak izan ziren, Txindokin zeundela!
Gazume ( 1013 m ).


Zelataun.


Hernioko goiko aterpea ( 1070 m ).
Juan Mª Sagredo, Erretxinak taldekoa, Amezketan neutralizatua izan zen.


Hernio zabal ( 1060 m ).
Tolosa.


Tolosatik zehar katalanekin. Aupa ekipo!
Hoko-sport taldekoak ere Amezketan neutralizatuak izan ziren.
Tolosako kiroldegiko anoa. Masajea eta guzti! Arroza eta makarroiak gozuak zeuden!

Xabi jaten, Amezketan ere neutralizatua.

Altzo laino artean.


Jazkue gaineko harrobia.

Jazkue gaina ( 680 m ).

Jazkue gaineko anoa.

Indarrak neurtzen Txindokira begira.

Amezketara iritsi aurreko gaintxoan gora.
Victor De Pedro, Amezketan neutralizatua.

Txindoki lainopean,sirimiriarekin eta labainkorra. Neutralizazioaren arrazoiak papez-pare!

Amezketako udal enparantza.

Amezketako kiroldegiko anoan Jon getxotarrarekin. Biok neutralizatuak. Mila esker Jon eskeinitako laguntza guztiagatik! Hurrengoan Marruecos aldera joango gara, atake aldartean!

Imanol Aleson garailea: 25h14´!!! Zorionak!



2010/07/07

EHUNMILAK. ASTE BETE FALTA DA!!!






Mendizale batzuk landako anoan, Hiru Haundiak proban ( 2010 ).

EHUNMILAK. ASTE BETE FALTA DA!!!

Ehunmilak proban parte hartzeko eguna gerturatzen ari da.
Azkenengo probak igaro ostean, erabaki bat hartu det: oinez egingo dudala; hori bai erritmo onean, denbora kontrolak nahiko exigenteak baitira hasieran, batez ere Tolosara iritsi arte.
Gero, tripetatik ondo baldin banabil, aurrera jarraitzea da dosifikatzen, une oro indarrak neurtuz.

Ibilbidean zehar 2 atseden nagusi ditugu: Tolosa eta Etxegarate, eta beraietan siestatxoa botatzeko aukera ez det alperrik galduko.
Arduratzen nauan beste aldagai bat eguraldia da, beroa egiten badu akabo! Proba luze hauetan “deshidratazioa” espata bat bezala beti gainean dugu, ba beroarekin gureak egin du! Horren aurrean zer egin? Ba, burua ondo babestu, gorputza ondo hidaratatu, likidoak piskanaka piskanaka edanez eta frutak irentsiz.

Bestalde lehen edizio hau berezia izan behar da. Euskal Herrian 167 km-ko mendiko probarik ez bait da inoiz ezagutu. Badago jendea, bere kabuz, distantzia luzeko zeharkaldiak jarrain, non stop formatoan, egina duena; Sebe Peñak (1953an) eta Jabier Bastarrikak (2003an) adibidez, 4 katedralak egin zuten, 398 km osatuz: Bilbo-Gasteiz-Iruñea-Donostia-Bilbo, 4 egunetan elkartuz.

Lea Artibai aldean ere, Markinako mendizale batzuk 7 haundiak egina dute, 248 km osatuz: Markinatik hasi eta bukatu hurrengo mendiak igoaz: Oiz, Erlo, Ernio, Txindoki, Aizkorri, Anboto, Gorbea, 3 egunetako epean.

Oraingo hau berriz, Ehunmilak, non stop eran Euskal Herrian antolatu den inoizko distantziarik luzeena duen mendi zeharkaldia da. Batzuk lasterketa izena jartzen diote, beste batzuk martxa, berdin dio, proba luze hauetan helburua bukatzea da, denborak bigarren maila batean utziaz.

Datorren ostegunean, uztailak 16an, Beasainen elkar ikusiko dugulakoan, agur bero bat parte hartzaile guztiei, lagunei eta eskerrak antolatzaileei!