2010/07/05

Gran Trail Peñalara Ehunmilarako azken testa


Gran trail Peñalara-ko krokisa.


2010-07-03, goizeko 8:00ak, Peñalara herrian irtetzeko prest.


Federico, madrildarra, beste makina bat.


Kemen-ekin irteeran.



PEÑALARA EZAGUTUZ

"Madrilera hurbildu gara oraingo honetan, Guadarrama mendilerrora hain zuzen ere.
Aspalditik Iberiar penintsulako mendi hauetan zehar ibiltzeko banuen gogoa. Jadanik Pirineoak, Picos de Europa, Moncayo, Cataluynako hainbat mendilerro, Sierra Nevada Andalucian, Sierra de Gredos Salamanca eta Caceres artean, Leon eta Galiziako mendilerro batzuetan egonak ginen, baina erdiko mendilerroa Somosierrako portutik beti kotxez gurutzatzen genuen, bertan ibilaldirik egin gabe.

Gran Trail de Peñalara mendi lasterketarekin Peñalara ( 2429 m ) eta Navacerrada aldea ezagutzeko aukera izango genuen azkenik. Horretarako 110 km-ko eta 5100 m-ko desnibel positiboa igaro beharra genuen 32 orduko epean.

Javier Ugalde deustuarrak probaren berri eman zidanetik, biok gure egutegia ondo begiratu genuen. Aurtengo helburu nagusiak bi dira: uztailaren 16-17-18an Ehunmilak (167 km / 11.500 m d+) eta abuztuaren 27-28-29an Ultra Trail du Mont Blanc (167 km / 8.900 m d+) entzutetsua. Beraz, Gran Trail de Peñalara, uztailaren 3-4 bitartean ospatu dena, nahiko gertu genuen besteengandik, baina test modura hartu genuen. Horrelakoetan, gorputz prestatzeko oso baliogarria izaten da bai fisikoki bai mentalki, batez ere. Luzera handiko ultra hauetan, beti gertatzen da ezustekoren bat, elikadurarekin arazoren bat izatea, eta gorputzak ezin bereganatzea ez janaririk ez edaririk. Beraz, uztaileko oporraldiaren hasiera aprobetxatuz, eta entrenatzeko denbora gehiago izanik proba honetan parte hartzeko erabakia hartu genuen. Gainera lehen edizioak ematen duen xarma gertutik ezagutuko genuen!

Aurreko astebukaeran Hiru Haundiak ospatu zen, eta gertuko lagunek emaitza oso onak lortu zituzten. Joserra Sousa kategori ibili zen, norekin eta Oihana Azkorbebeitia indartsuarekin! Berriro ere zorionak biei. Eibartik ere ordezkaritza fina joan zen; Asier Garde, Iosu Elejalde, Luis Mari Ugarte (aurten Transgrancanaria-123km-n 41.postuan bukatu zuena), Santi, Eneko, Jabi Bastarrika , Miren Gallastegi e.a Elgoibartik berriz; Roberto, Modesto Cid, Alberto Alvarez e.a. Hauetako batzuk animatzeko aukera izan genuen, eta inbidia apur bat pasatu ere bai. Baina indarrak neurtu egin behar ziren eta Peñalara zain genuen!


Maliciosa ( 2227 m ) mendira igotzen.


Jendea martxa onean hasi zen.


Navacerrada inguruko haitz ezanguratsuak aurrean Dehesillas leporako (1458 m) bidean.


Landaretza Dehesillas aldean nahiko itxia zen.


Juan Carlos Calleja madrildarra. Juan Carlosek Elgoibarko Jesus Mari Sarasua ezagutzen du, kasualitatea!


Osacar. Deriotar honek irailean 336 km-ko proba bat egiteko asmoa du, 7 egunetako epean, Italiako Aosta bailaran!


Hasierako anoetariko bat, 32. km-an. Sabela oraindik osorik nuen!


Morcuerako portua (1776 m), 38. km-an. Hemen hasi ziren lehenengo nekealdiak, eta oraindik 72 km falta ziren!


La Morcuerako portutik, urrutian, Peñalarako mendi serra nabari zen, elurtegi batzurekin gainera!


Rascafria herria (1250 m), 50. km. Gorputzari buelta eman ezinik nenbilen gune honetan, baina jakin banekin gerora emango niola, beraz buruarekin burruka bat hasi zen.


Peñalara oraindik oso goian ikusten zen.


Reventon (2037 m) lepoa, 61. km-an. Espainiako football selekzioak Paraguay-ren aurka partidua zuela nabaritzen zen. Ea guk noiz izaten dugun aukera berdina! Anoetan partiduko gora beherak irratien bitartez jarraitu izan genuen.


Peñalara (2429 m), 69. km.


Uztailak 2, ostirala, 14:00, Eibartik Deustura abiatu bezain laster Peñalaran murgildu naiz. Javier jaso ostean 4 ordutan Navacerradan gaude. Kiroldegian dortsala jaso eta txarla informatiboa entzun ostean afaria prestatzera joan gara. Oraingo honetan ere sirdarra (sukaldaria, zaindaria, gidaria) ni izango naiz. Espagetiak egozten ditudan bitartean Javier aldameneko tabernara joan da garimba bat edatera, eta bide batez Sudafrikako munduko football txapelketa ikustera; oraingo partida Uruguai-Ghana zen. Afaldu ostean, partidaren prorroga eta penaltiak ikusi ditugu, afrikarrak txapelketatik at gelditu dira. Gero lotara, furgonetara.

Uztailak 3, larunbata, 6:40, esnatzeko ordua. Gosaldu ostean probarako azken prestaketak egin ditugu. Motxilan derrigorrezko materiala (frontala, atzeko argi gorria, manta termikoa, 500cl-ko ontzia(k), 500 klc janari eta txilibitua) sartu ondoren kiroldegira hurbildu gara. Irteera tokian aurreko probetetako ezagun batzukin elkartu gara: Kemen (Aramotz, Anboto KB, Arratzu-Urdaibai, Transgrancanaria-123km-2009, Brinean taldekoa), Federico (Transgrancanaria-123km-2010), Isabel (Andorra-90km-2009) e.a. Argazki batzuk blogerako etara eta hasteko prest gara!

Peñalarako proba honetan helburu 2 ditut: ez lesionatzea Ehunmilara begira eta tripetatik ondo ibiltzea, azkenengo proba luzeetan (Transgrancanaria eta Los diez mil del Soplao (Cantabria)) botaka saio batzuk izan baititut.

Goizeko 8:00ak, bozgorailuetatik musika epikoa topera jarri bezain laster atzerako kontaketari ekin diote. Hasi eta berehala Navacerrada (1160 m) inguruko parke naturalean sartu gara. Madrildar ugari alderdi honetara etortzen da “a la sierra” picnic egitera. Eguraldia lagun dugu, lainoak zeruan eta 14ºko tenperatura. Lehenengo aldapetan lasai noa, segurola. Oinez eta makilen laguntzarekin besoak erabiltzen. Lepora iristean euri pittin bat hasi du, jendeak txubaskeroa atera du motxiletatik eta soinean jantzi du, nik berriz aurrera jarraitu dut; madrildar hauek lau tanta nabaritu eta babestu egin behar! Maliciosa (2227 m ) tontorretik, 9:50 (1:50), behe lainoarekin igaro dugu. Jeitsiera labainkorra zegoen, eta orduan lasai hartu det; oraingoan txubaskeroa jantzi dut. Hurrengo km-ak beheruntz izan dira, eta korrika egiteko aproposak. Javierrek hasierako km-tan alde egin dit. Beti gabiltza elkarri arrapatu nahian. Oraingoan berriz, ez det uste horrelakorik gertatuko denik, nik lasai asko hartzeko asmoa baitut Peñalarako traila.
Lehenengo anora (22. km) iritsi baino lehen botellinean neraman Acuarius-a piskanaka piskanaka edaten joan naiz, baina bertara iritsi bezain pronto, 11:07 (3:07) litro bat bete Acuarius bapatean edan dut. Lehenengo akatsa!
Gustura eta alai noa. Azkenengo asteetan ez det entrenamendu saiorik egin, lanean a tope ibili garelako, eta ez dut denborarik izan. Baina gorputzak momentuz sentsazio onak ematen dizkit, urte hasieratik eginiko prestaketa ezberdinek maila fisiko on bat eman didate, eta nolabait esateko errenta horiek aprobetxatzen ari naiz. Dehesillas-eko portua (1458 m, 27, km) taldetxo baten babesean igaro det. Beheruntzako zatian korrika egiteko aukera handirik ez dago, landaretza handiak eta lokatsak erritmoa moteltzea dakarte. Taldetxo batean noa, eta laster jende ezberdinekin berbetan hasi naiz. Juan Carlos Calleja madrildarra da, eta kasualitatea da baina Elgoibarren Jose Mari Sarasua ezagutzen du, gainera laguna du. Argazki bat atera diot eta ondoren Derioko Oscar-ekin bat egin dut. Tipo hau makina bat da, Mont Blanc-eko ultra traila egina du besteak beste, eta irailean Tour du Gigantes-en parte hartzera doa, Italiako Aosta bailaran 160 orduko epean (7 egun eskas) 336 km antxitxika!!! Honi ere beste argazki bat atera diot, nola ez!
Hurrengo anoan (32. km), 13:28 (5:28), Juan Carlos eta Oscarrek aurrera egin dute, nik berriz lasaigo hartu det eta anacardo batzuk jaten gelditu naiz. Egia esan, motxilan daramadan janaria, barritak eta gelak, ez det probatzeko asmorik, baina antolakuntza eskatzen dituen 500 kilo caloriak betetzen dutenez hor ditut hasieratik gordeta. Beraz, janaririk ez daramat. Anoetaz gehiegi fidatzen naiz, eta ondo datorkidan janaririk ez baldin badago sabelak faktura pasatzen dit. Bigarren akatsa!
Alto de la Morcuera (1776 m, 38. km) hurrengo aldapa luzea dugu. Bertara iristerakoan, 15:05 (7:05), gorputzak ura bakarrik edatea nahi zuen. Hasi gara berriro kalbarixuakin, eta oraindik 82 km falta dira! Beherantz indarrak neurtzen hasi naiz, eta oinez joan naiz. Rascafriara iristean (1200 m, 50. km), gorputzak justu justu urdailezko ogitarteko bat irentsi du, baina nahikoa beste 30 km egiteko.
Gaur espainiarrek Paraguai-ren aurka mundialeko partida dute, eta inguru hauetan ere nabari da, banderaz josia ageri baita. Datorrena eguneko 2 aldapa gogorrenak dira, eta nire erreserbak minimoan daude. Burua jo ta ke dabil. Egoera hau ez da berria niretzat, eta badakit azkenean buelta ematen diodala, piskanaka piskanaka likidoak asimilatzen joaten naiz erritmoa minimora ere jeisten dudanean. Alde horretatik lasai noa, baina une oro erritmoa kontrolatzen, eta alden neurrian jendearen ondoan.
Reventon portura (2037 m, 61. km), 21:01 (13:01), iritsi baino azken maldan eguneko lehen botakada saioa izan dut. Aldamenekoak izututa ixil ixilik gelditu dira, nik lasai egoteko esan diet, eta arnasa ondo hartrik aurrera jarraitu dugu. Hemendik traileko puntu gorenera, Peñalara tontorra, 9 km daude, eta bertatik jeistean La Granja herri historikoan ano garrantzitsu bat dugu. Beraz tontorretik pasatzen banaiz proba bukatzeko aukerak asko handitiko dira. Alde konplikatua jadanik gaua iristear dagoela da, eta frontalaren argiarekin aurrera egin beharra dudala. Eskerrak frontal bikaina eskuratu nuela; Led Lenser.
Espainiak 1-0 irabazi dio Paraguay-ri, Casillas-ek penalti bat gelditu du eta beste horrenbeste egin du beste atezainak. Azkenean Villa-ren gol bati esker final erdietara sailkatu dira. Kontroletan irratia lagun dugu, eta ez da besterik entzuten. Hemen ere bigarren botakada saioa izan dut. Kefir eman didate edateko, sabela indartzeko, eta egia esan oso ondo asimilatu det. Indarberriturik gorantz jarraitu det harri handien artean. Gauean hotz puntu bat nabari da eta praka luzeak eta txubaskeroa jantzi ditut.
Peñalara tontorrera (2429 m, 70. km), 23:25 (15:01), gau erdian iritsi naiz, eta bertizea ikutzeko gogorik ere ez dut izan. La Granja herrira lehen bait lehen iristea nahi det.
Jeitsiera oso potentea izan da, desnibel handikoa, lehenengo 2 km-tan 500 bat metro!, eta gainera gauez! Eskumako belaunean zain tiratu bat izan det, baina hankek ondo erantzuten didate orokorrean.
La Granja herrira (1150 m, 78. km), 2:25 (18:25), logureak jota iritsi naiz. Ia ordubete igaro det aulki batean jarrita burua hanken gainean eutsiaz bi eskuekin. Elizako kanpaiek esnatu naute, eta azken 32 km-ei ekin diet. Egoerari buelta eman diot. Ondo nago. Mireni sms bat bidali diot 7-8 ordutan iritsiko naizela iragarriz. La Granja herrian errege jauregia dago, eta hori nabari da bertako etxe dotorezian eta handitasunean. Errege jauregiko harresiaren alde batetik km 1 egingo genuen oinez. Harresi guztiak beraz 3-4 km bueltan izango zituen, eta 3 m baino garaiagoa zenez, atera kontuak zenbat harri eta zenbat lan 2 apopilo babesteko!
Las Aguas-eko kontrolera (1420 m, 91 km), 6:05 (22:05), eguneko lehen argi izpiekin iritsi naiz. Oraingoan ere, kontrola likidoz eta fruitu lehorrez beteta ageri da, baina nik ur pittin bat bakarrik edan dezaket, eta beste siestatxo bat bota det (15´). Eskumako belauneko zain tiratuak traba handirik ez dit ematen, baina ahalik eta gutxien erabiltzen det Ehunmila-ra begira. Gaur lesio txiki batekin bukatuko det. Lehen helburua, ez lesionatzea, ez det beteko. Bigarrena aldiz, tripetatik ondo ibiltzea, azken 50 km-tan pairatzen ari naiz!
Fuenfria-ko portuan (1792 m, 95. km), 7:34 (23:34), izenak dioen bezala iturri eder bat dago. Ura barra barra edan det, eta tripek ondo erantzun didate. Orain disfrutatzera. Egunsentia lagun dut, eta aldapa gogorrak bukatu dira. Ze ondo noan mendian barrena, goizeko 8tan, oinez, eguzkiaren lehen printzekin gozatzen.
Navacerradako portuan (1862 m, 100 km), 8:40 (24:40), eski estazio bat dago. Bertan Peñalara taldeko aterpetxetik igaro gara. Bertan sartu irten bat besterik ez dut egin. Gogoa dut Navacerrada herrira iristeko Javierrekin bazkari eder bat jateko. Seguru bera furgonetan lotan egongo dela hoezkero!
Azken jeitsieran parte hartzaile ugari pasatu ditut. Jendea nekaturik iristen ari da, ni berriz beste 50 km egingo nituen lasai asko. Oso ondo aurkitzen naiz. Proba guztian zehar erritmo moteltxoa eraman det, eta orain, bukaeran nabari da. Ehunmilak erritmo honetan eta tripak ondo zaindu ezkero, bukatzeko aukerak izango det.
Navacerrada herrira (1160 m, 110 km), 10:57 (26:57, 208. postuan) , korrika iritsi naiz, behin eta berriz eskumako belauna zainduz. Helmugan Javier zain nuen, bera goizeko lehen argiekin iritsia zen, 6:19 (22:19, 83. postuan). Nahiko luzea izan dela komentatu dugu, batzuek GPSarekin hartutako datuen arabera 117 km izango lituzke Peñalarako trailak. Federico eta Oscar ere helmugan zeuden, dutxaturik, lokuluska eginik, gozaldu berri eta abenturak kontatzeko gogoarekin. Zati hau gehien gustatzen zaiguna da. Hurrengo arte!


La Granja edo Ildefonso herria (1250 m), 78. km. Segoviako herri hau oso entzutetsua da bertan errege jauregi bat bait dago. La Granjara goizeko 2:30etan iritsi ginen, ilunpetan. Bertan 45´-ko lokuluxkada bat bota eta aurrera!


la Granjatik irtetzen, goizeko 3:20´.


Gauean (5:30), nekaturik, Fuente el agua-ra iristen, 88. km.


Egunsentia igarota, basoetatik zehar, 92. km, azkenengo aldapari aurre egiteko prest!


Frontala jadanik ez genuen behar.


Fuente fria (1792 m), 94. km, goizeko 7:00ak.


Navacerrada (1862 m) porturunz dihoan bidea; lasaia eta atsegina, behingoz!


Navacerradako portua ( 1862 m), goizeko 8:40.


Navacerrada-ko sky-zko pistak.

Navacerradako portua.


Peñalara mendi taldearen aterpetxea (1820 m), 100. km, Navacerradako portuan bertan dago.



Azkenengo jeitsierari aurre egin baino lehen. Atzean "Bola del Mundo" izeneko alderdia.


Aurreko eguneko goizean igotako La Maliciosa (2227 m ) mendia, azkenengo portutik.



Helmuga igaro ondoren, bertara gerturatu eta oiko argazkia ateratzeko prest!


Mila esker Madrid!


Mila esker Javier! Hurrengoa: Ehunmilak-168km-11500mD+!!!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina