2011/05/16

MENDI LASTERKETEN SEKRETUA


Mendia maite det, eta horregatik lasterka noia bere bihotzerantz. Baina bidea ez da erraza izango. Badakit. Sufrituko det, negar egingo det, jausi egingo naiz, eta harriekin min hartu; baina haginak estutu eta goruntz jarraituko det; korrika, saltaka, antxitxika orein bakarti bat bezala.

Zeruan laino beltzak agertuko dira, euriak gogoz bustiko ditu bazterrak, zelaiak, bidexkak; baina tontorrera iristea nahi det, eta bertan nagoenean abiada geldiezinean beruntza jeitsiko naiz; ziztu bizian, arrapaladan, biraka elurrezko bola bat bezala.

Zenbat alditan, lanetik irtetzean eta entrenatzera noianean, gorputzak ezetz esaten didan; " ez det nahi! " oihukatzen du, baina buruak hankeri mugitzeko agintzen die; " jaiki adi zerri alaena! ", eta nagikeriak alde batera utziaz altsatuko naiz; hegoak astinduz, aske, libre arrano bat bezala.

Gogorra da baina gustoko det. Zergatik sufritu behar da zoriontsu izateko? Zergatik nahi det sufritzea? Zergatik izerditu, nekatu, botaka egin, gose izan, negar egin? Eta pentsatu, zertarako? Baina gustoko det, mendian barna ihes egiten dudanean nire maitearekin elkartzeko, eta laztan bat ematen diodanean, bihotza iraultzen zait; dardarka, borborka, aparrez gainezka ur jauzi bat bezala.

Gailurra det zain une oro. Goizetan, esnatzen naizenean, lanera noanean, sendiarekin eta lagunekin nagoenean; egunak iluntzen duenean; frontala buruan jantzi eta gaueko beltzean barreiatzen naizenean gozatzera, mendiaren magalean berriro, pozik, alai, irrikitan maitale bakarti bat bezala.

Borrokatzea gustoko det, ahaleginak egitea helmugara iristeko, zerua ikutzeko, lainoen artetik ekaitz haizetsuak bisitatzera datozkigunean. Orduan nahi det zurekin bat egitea, badakidalako beldurra pasatuko dudala, irrist egingo dudala, gorrotatuko zaitudala, baina betirako itsatsirik geldituko garela, estu estu, loturik, banandu ezinik tximistak eta trumoiak bezala.

Eta galdetzen didatenean zergatik joaten naizen mendira, korrika, zoruan pare, oihuka, ixilik gelditzen naiz, arrazoiak hitzekin ezin ditudalako elkartu; baina begi ninien artetik irrifarre batek ihes egiten dit; eta barruan dudan ametsa, zurekin bat egitea, burura etortzen zait sekretu bat gorderik izango banu bezala.

No hay comentarios:

Publicar un comentario