2017/01/29

Mendi lasterketen bilakaera: 2016ko txostena / Gipuzkoako mendi federazioa

GI PUZKOAKO MENDIZALE FEDERAZIOA



GIPUZKOAKO MENDI-LASTERKETEI BURUZKO INGURUMEN TXOSTENA
Egilea: Igor Aldalur Zendoia
GMF-ko ingurumen teknikaria
2016ko azaroa

Gaztleraz / castellano

AURKIBIDEA
1.- Sarrera
2.- Azterketaren helburuak
3.- Lasterketen inguruko datuak
3.1.- Lasterketa-eguna
3.2.- Lasterketa-lekua
3.3.- Antolatzailea
3.4.- Parte-hartzaileen kopurua
3.5.- Lasterketen distantziak
3.6.- Araudia
4.- Ingurumen-azterketa
4.1.- Babestutako Naturguneetatik eta/edo elementu kalteberetatik igarotzea
4.2.- Hondakinak
4.3.- Bidea eta higadura
4.4.- Balizajea
4.5.- Kutsadura akustikoa
5.- Azaldutako proposamenen laburpena
6.- Ondorioak

 


1.- Sarrera.

Mendi-lasterketak mendia eta mendizaletasuna ikusteko modu berriak sortzen ari dira. Gailurrera ahalik eta azkarren iristeko grina betidanik egon da, bereziki adin txikietan, baina mendi-lasterketen finkatzeak jauzi handia eragin du alor horretan. Entrenamendu zehatzak, anoa-postuak ibilbidean, kronometrajeak... bezalako kontzeptuek ez dute harrera onik mendizaletasun klasikoan.

Hala eta guztiz ere, ukaezina da mendi-lasterketek goraldia bizi dutela eta urtero gure lurraldeko bazter guztietan milaka pertsonek parte hartzen duten errealitate bihurtu direla. Errealitate horretaz jabetu garen arren, orain arte ez genekien zenbat lasterketa antolatzen ziren, nork antolatzen zituen, zenbat jendek hartzen zuen parte...

Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatu duen hitzarmenari esker, 2016 hasieran Gipuzkoako Mendizale Federazioak azterketa hau martxan jarri zuen aurreko galderei erantzuna emateko asmoz.


2.- Azterketaren helburuak.

Aipatu bezala, jakina zen Gipuzkoan mendi-lasterketa ugari egiten zela, baina horietako askoren datu errealik ez genuen. Horregatik, gure lehen helburua lasterketen inbentarioa egitea izan zen. Bertan datuak bildu dira honako aspektuen inguruan: lasterketen egunak, lekuak, antolatzaileak, parte-hartzaileen kopurua, egindako distantzia eta araudirik bazegoen ala ez.

Bestetik, lasterketek gure ingurumenean sortzen duten inpaktuaren analisia egiteko ere erabili dugu azterketa. Horretarako, 5 lasterketa in situ ikustatu eta honako aspektuak aztertu dira: Babestutako Naturguneetatik igarotzen diren ala ez, hondakinen bilketa, balizko higadura, balizaje motak eta kutsadura akustikoa.

Amaitzeko, antolakuntzaren nahiz ingurumenaren ikuspuntutik lasterketen kalitatea hobetzeko hainbat proposamen azaldu dira.


3.- Lasterketen inguruko datuak.

2016an 56 mendi-lasterketa egin ziren Gipuzkoan; kopuru handia da, kontuan hartuta gure lurraldea txikia dela eta ia 700.000 biztanle dituela. Jarraian, lasterketen datu esanguratsuenak banan-banan aztertuko ditugu:

3.1.- Lasterketa-egunak

1. grafikoan ikus daiteken moduan, lasterketak urte osoan zehar egiten diren arren, gehienak apirila, maiatza, ekaina, uztaila eta irailean pilatzen dira. Pilaketa hori udaberrian eta udan gertatzen da, garai horietan klimatologia ustez hobea delako. Pilaketa horren ondorioz, asteburu batzuetan 2 edo 3 lasterketa ere egiten dira lurraldean. Aipatzekoa da apirilaren 24ko kasua. Egun horretan bi lasterketa egin ziren Donostia inguruan; ibilbidearen zati batean bat egiten zuten eta horrek arazoak sortu zizkien lasterkariei.

Nabarmentzekoa da urrian oso lasterketa gutxi egiten dela, jakinda hilabete horretan euri gutxi egiten duela eta gure latitudean tenperaturak epelak direla.


( 1. grafikoa )

Proposamena: antolatzaileek lasterketa berri bat antolatzeko asmorik badute, urrian edo azaroan planteatzea gomendatzen diegu.
Antolatzaileen arteko koordinazioa handitzea ere proposatzen dugu, Donostiako apirilaren 24ko bi lasterketen kasuak bezalakoak ekiditearren.


3.2.- Lasterketa-lekua
2. grafikoan ikusten dugunez, lasterketak modu ia homogeneoan banatuta daude Gipuzkoako 6 mugapenetan zehar. Nabarigarria da Tolosaldean, mendizaletasun-tradizio handiko eskualdea izanik, soilik 3 lasterketa egitea.

Kasu paradigmatiko gisa Beasain aipa dezakegu. Urtean 6 lasterketa ospatzen dira bertan. Datu azpimarragarria da, 6 horietatik 3 asteburu berean egiten diren arren (100 millak, G2H eta Marimurumendi).


( 2. grafikoa )

Proposamena: eskualde gehienek urtean zehar nahikoa lasterketa egiten dituztela ulertzen dugu. Debagoiengo eta bereziki Tolosaldeko eskualdeek izango lukete akaso lasterketa gehiago egiteko aukera.

Mendi-lasterketak pizgarri izan litezke, proba mota hauek landa-garapenarentzat duten onurak ikusita (“Mendi-lasterketen azterketa sozioekonomiko eta ingurumenekoa Espainiako landa-eremu eta ingurune naturalean” FEDME. 2010) eta Tolosaldeko biztanleriaren gehiengoaren ezaugarriak kontuan hartuta (landa-eremu sakoneko udalerri txikiak).


3.3.- Antolatzailea
Grafikoan ikusten dugun legez, mendizale-klubek antolatzen dituzte lasterketa gehienak (18). Errealitate horrek abantailak ekar litzake, klub horiek berez mendizaletasuna eta mendiarekiko errespetua bultzatzen baitute. Gainera, Federazioarentzat errazagoa da gomendioak mendizale-klub horiei egitea, federazioaren parte ez diren beste erakundeei baino.

Aipatzekoa da mendizaletasuna ez den beste kirolen klubek presentzia handia dutela mendi-lasterketak antolatzeko garaian. Datu horrekin zera pentsa dezakegu, batzuetan lasterketak triatloia, krosa edo BTT bezalako kiroletan dabiltzan edo zebiltzan pertsonek antolatzen dituztela, eta mendi-lasterketak beren entrenamenduak osatzeko edo jarduerak dibertsifikatzeko erabiltzen dituztela.

Azkenik, nabarmendu beharra dago Gipuzkoan soilik enpresa pribatu batek lasterketa bakarra antolatzen duela. Garrantzitsua da alor horren mailak baxu mantentzea, lasterketen helburu nagusia onura ekonomikoa izan ez dadin.


( 3. grafikoa )

Proposamena: antolatzaileen eta federazioaren arteko komunikazioa hobetzea, azterketan zehar zehazten joango garen aspektu batzuk hobetzearren.


3.4.- Parte-hartzaileen kopurua

Txosten hau egiteko garaian 11 lasterketako datuak falta izan zaizkigu, baina orain arte eskuratutako emaitzak estrapola ditzakegu balorazio bat egiteko. Datuak falta arren, zera baiezta dezakegu: Gipuzkoako mendi-lasterketetan 10.000 lasterkari baino gehiagok hartzen dute parte.

4. grafikoan ikusten den moduan, Gipuzkoako egutegian hainbat lasterketa zeharo finkatuta daude: Zegama-Aizkorri, Flysch, Talaia, eta Beasainen uztailaren bigarren asteburuan pilatzen diren hiru lasterketak (100 millak, G2H eta Marimurumendi). Horiekin batera Zestoako Kobaz koba trail ere joan liteke, bere lehen urtean 400 parte-hartzaile izan baititu.

Beste muturrean 100 parte-hartzailera iristen ez diren 15 lasterketa ditugu. Ez litzateke harritzekoa datozen urteetan horietako baten bat egiteari utziko baliote.

Azkenik, aipatu beharra dago lasterketa batean (Talaia trail) ezarritako gehiengoa baino dortsal gehiago banatu zirela. Gure ustez jardute hori arautu beharra dago, are gehiago lasterketa horrek Natura 2000 sareko bi Kontserbazio Bereziko Eremu zeharkatzen dituela kontuan hartuta.


( 4. grafikoa )

Proposamena: federazioan uste dugu interesgarriago dela 25-30 lasterketako egutegia edukitzea eta lasterketak antolakuntza-maila eta lasterkari-kopuru handikoak izatea (betiere 500 azpitik).


3.5.- Lasterketen distantziak

Grafikoan ikusten dugunez, Gipuzkoan egiten diren 22 lasterketa ez dira mendi-lasterketatzat hartzen, ez baitira EMFko araudian ezarritako gutxiengo kilometro-kopurura iristen. Hala eta guztiz ere, lasterketa horiek (7 eta 20 kilometro bitartekoak) 21 kilometro baino gehiagokoen ezaugarri berak dituzte antolakuntza eta parte-hartzeari dagokionez, eta horregatik sartu ditugu azterketa honetan.

Lasterketa bertikalei dagokienez, soilik bik jaso dezakete Kilometro Bertikala izena. Hala ere, gainerako 8ek kilometro bertikaleko lasterketen ezaugarriak bete ez arren (1000 metroko desnibela, gehienez 5 kilometroko ibilbidean), igoerako lurretan egiten dira osoki.

Ultrei dagokienez, soilik 2 egiten dira (G2H eta 100 millak) eta asteburu berean egiten dira, antolatzaile berdinek antolatuta.

Azkenik, aipatu beharra dago 13 lasterketek bi distantzia edo gehiago eskaintzen dituztela (ezaugarri desberdinetara egokituz).


( 5. grafikoa )

Proposamena: lurraldeko GR ibilbideen sarea baliatuz, ultren eskaintza zabaltzeko aukera legoke. Hala, ibilbide horiek ezagutaraziko lirateke eta horien mantenua hobetu.


3.6.- Araudia.

Atal honetan lasterketek probaren aspektu desberdinak zehazteko araudirik ba al duten aztertu dugu, hala nola kategoriak, diziplina-erregimena...

Grafikoan ikus daitekeenez, lasterketa gehienek araudi propioa dute edo Euskal Mendizale Federazioaren araudian oinarritzen dira, baina oraindik ere 22 lasterketek (% 40) ez dute araudirik.

Baliteke antolatzaile batzuek lasterketak antolatu izatea gisa horretako probak antolatzeak ekar ditzakeen erantzukizun zibilak kontuan hartu gabe.


( 6. grafikoa )

Proposamena: Gipuzkoako Mendizale Federazioak araudi-eredu bat emango die antolatzaileei, oraindik ere araudirik ez dutenek lasterketetan erabil dezaten.


4.- Ingurumen-azterketa.

Aztertu berri ditugun lasterketen inguruko datu orokorrak biltzeaz gain, azterketan zehar honako 5 lasterketak in situ ikuskatu ziren:

- Talaia trail (Donostia eta Hondarribia artean). Martxoak 20
- Kilimon trail (Mendaro). Apirilak 10
- Izarraitzko mendi-lasterketa (Azpeitia). Maiatzak 7
- Galdaramiñora igoera (Eibar). Ekainak 12
- Axari trail (Idiazabal). Irailak 11

Izarraitz eta Galdaramiñoko lasterketetan ikuskariek lasterkari gisa parte hartu zuten, lasterketaren xehetasunak barnetik ikustearren.

Axari traileko lasterketa epaileen ikuspuntutik ikusi zen, txosten honen idazleak mendi-lasterketako epaile izateko praktikak egin baitzituen lasterketa hartan.


4.1.- Babestutako Naturguneetatik eta/edo elementu kalteberetatik igarotzea.

Dagokion zenbaketa egiteko, lasterketetako ibilbide guztiak aztertu dira eta BNak zeharkatzen dituzten ala ez begiratu da. BNei buruz hitz egiten dugunean, honakoak hartzen ditugu aintzat: Parke Naturalak, Babestutako Biotopoak eta Natura 2000 sareko eremuak (Kontserbazio Bereziko Eremuak zein Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuak).

Grafikoan ikus daitekeenez, lasterketen erdia baino gehiago babesguneetatik igarotzen da.

Antolatzaile batzuk errealitate horretaz jabetzen dira, baina agian beste batzuk ez hainbeste, gunea duela gutxi sortu zelako (KBE berria) edo lasterketa babesgune baten mugetatik gertu igarotzen delako eta, ondorioz, babesgunearen barruan ez dagoela pentsatzen dutelako.

Deigarria da BGetatik igarotzen diren lasterketa batzuk berezko araudirik ez izatea eta, horren ondorioz, ez dietela lasterkariei egoera horretaz ohartarazten.


( 7. grafikoa )

Horrez gain, lasterketa ekosistema kalteberetatik igarotzen den ala ez aztertu da, esaterako, ibaietatik. Ohikoena izan ez arren, badira erreka txikiak igarotzen dituzten lasterketak.

Proposamena: federazioak BNetatik igarotzen diren lasterketei egoera horri buruz jakinaraziko die, eta araudirik ez dutenak 2017rako hori erabiltzera animatuko ditu. Antolatzaileek lasterketa egingo dela jakinarazi beharko diote Foru Aldundiari. Horrez gain, ibilbideak ibairik ez zeharkatzea gomendatzen da.


4.2.- Hondakinak.

Asko hobetu beharreko bi aspektu ikusi ditugu: lasterketan zehar ingurune naturalean botatzen diren hondakinak eta balizajerako erabiltzen den zinta-kopuru handia.
Lasterkariek botatzen dituzten hondakinei dagokienez, egoera desberdinak ikus daitezke:

- Anoa-postuen inguruan hondakinak botatzen dira.
- Anoa-postuetatik kanpo hondakinak botatzen dira.
- Ez dago arau-hausleak zigortzeko araudirik.

Lehenengo puntuari dagokionez, berretsi dezakegu anoa-postuak direla hondakinen arazoaren puntu kalteberenak. Lasterkariek ziztu bizian zeharkatu ohi dituzte postu horiek eta batzuetan erreflexuak murriztuta dituzte nekearen ondorioz. Antolakuntzak hondakinak zaborrontzietara botatzeko erraztasunak jarri beharko lizkieke lasterkariei. Talaia trailen jardute on bat ikusi genuen: anoa-postu bakoitzeko hiru zaborrontzi jarri ziren, bata mahaiaren ondoan, bestea bertatik 5 metrora eta hirugarrena 25 metrora.

 

Zaborrontzien erabilerak funtzionatzen duela berretsi da, ez ordea poltsak jartzeak. Axariko anoa-postu batzuetan zaborrontzien ordez poltsak jarri ziren eta, argazkian ikus daitekeenez, hondakin batzuk poltsetatik kanpo geratu ziren.

 

Izarraitzeko lasterketan gauza bitxia gertatu zen: anoa-postutik 75-100 metrora dozena erdi bat lasterkarik laranja-azalak harri beraren gainean utzi zituzten. Horrek argi erakusten du lasterkariek ez zutela ingurunea zikintzeko asmorik, baina postutik distantzia horretara zaborrontzirik ez zegoenez, erraz ikusteko leku batean utzi zituzten (gure ustez, antolatzaileek azalak ikusteko eta biltzeko).

Aipatzekoa da aztertu ditugun bi lasterketek (Kilimon eta Axari) seinale iraunkorrak dituztela eta, horri esker, lasterkariek urte osoan zehar ibilbidean entrenatzeko aukera dutela. Axarin ez zen hala gertatu, baina Kilimon lasterketa baino hiru egun lehenago egindako ikuskaritzan jelak eta beste hondakin batzuk aurkitu ziren.

Azkenik, aipatu beharra dago lasterketa batzuek ez dutela araudirik, eta beste batzuen araudietan ez dela zehazki azaltzen zer egin behar den botatako hondakinen kasuetan. Muturreko egoera hori argitu beharko litzateke eta lasterketa guztietan gehitu.

Proposamena: anoa-postu bakoitzeko hiru zaborrontzi (ez poltsa) jartzea gomendatzen da. Gainera, araudiak xehetasunez azalduko du zer egin behar den botatako hondakinen kasuetan. Aurretik zuritutako fruta eskaintzea proposatzen dugu.


4.3.- Bidea eta higadura.

Lasterketa gehienetan gutxi erabiltzen diren bide edo zidorrak hautatu dira eta, irizpide onak jarraituz, antolatzaileek aukera aprobetxatu dute bide horiek berreskuratu, bazterreko sasiak garbitu eta urte guztian zehar erabiltzeko egokitzeko. Azken hori mendi-lasterketen alderdi positiboenetako da, (kasu askotan publikoak diren) ibilbideen sarea mantentzen laguntzen baitu, mantenu faltagatik galtzen ari zirenak, alegia.

Ibilbide gehienak aurretik bertan zeuden bideak hartzen dituztenez, lasterketek eragindako higadura oso baxua edo hutsala da.

Adibide negatiboa Kilimon Trail lasterketan irekitako bide berriak dira; aldapa handiko pinudi-eremuetan ireki ziren eta higadura sortu zuten, bi argazkietan ikus daitekeen moduan.

  

Proposamena: antolatzaileak animatzea lasterketa-ibilbideak (ahal bada publikoak diren) mendi-bide eta -zidorretatik egiten jarrai dezaten, horien berreskurapena eta erabilera urte osoan zehar bultzatzeko.

Bide berriak irekitzea ekiditea.


4.4.- Balizajea.

Aurretik aipatu bezala, in situ aztertutako lasterketetatik bik balizaje iraunkorra dute, EMFren irizpidearen aurka eginez. Bi horiez gain, bada beste bat, Zegama-Aizkorri, urte osoan zehar balizatua dagoena. Hala eta guztiz ere, ez litzateke bidezkoa hiru kasuak zaku berean sartzea, hiru ibilbideak era guztiz desberdinetan balizatuta baitaude.

Axari eta Zegama-Aizkorriren kasuetan, ibilbideak puntu horiz eta seinale bertikalez balizatu dira, baina Kilimoneko balizaje iraunkorrak hobekuntzak behar ditu: alde batetik, federazioaren baimenik gabe marka txuri-berdeak erabiltzen ditu (hots, FEDMErekin erregistratuta dauden herri-ibilbideen [SL] marka berdinak); bestetik, marken tamaina oso handia da eta, azkenik, gehiegi balizatu da.

 

Aztertutako beste lasterketetan gehienbat plastikozko zinta erabili da lasterketa markatzeko.



Proposamena: lasterketa gehiagotan marka iraunkorrak ipintzea ekidin beharra dago (EMFk adierazten duen moduan), eta are gehiago mendi-ibilaldien balizaje berdinak erabiliz markatzea.

Lasterketak markatzeko, banderatxo berrerabilgarriak erabiltzea gomendatzen diegu antolatzaileei. Hala, urtero berdinak erabili ahalko dituzte. Plastikozko zinta erabiliz gero, lasterketaren amaieran guztia jaso eta dagokion edukiontzira bota beharko da.


4.5.- Kutsadura akustikoa.

Aztertutako lasterketetan ikusi dugu megafonoak hiriguneetan ezartzen direla eta, ondorioz, ingurune naturalean duen eragina antzemanezina dela.
Proposamena: egungo irizpideekin jarraitzea eta lasterketak hirigunetik kanpo dituen tarteetan megafonorik ez jartzea.



5.- Azaldutako proposamenen laburpena.

 Antolatzaileek lasterketa berri bat antolatzeko asmorik badute, urrian edo azaroan planteatzea gomendatzen diegu.

 Antolatzaileen arteko koordinazioa handitzea proposatzen dugu, Donostiako apirilaren 24ko bi lasterketen kasuak bezalakoak ekiditearren.

 Eskualde gehienek urtean zehar nahikoa lasterketa egiten dituztela ulertzen dugu. Debagoiengo eta bereziki Tolosaldeko eskualdeek izango lukete akaso lasterketa gehiago egiteko aukera.

 Interesgarriago dirudi 25-30 lasterketako egutegia edukitzea eta lasterketak antolakuntza-maila eta lasterkari-kopuru handikoak izatea (betiere 500 azpitik).

 Lurraldeko GR ibilbideen sarea baliatuz, ultren eskaintza zabaltzea. Hala, ibilbide horiek ezagutaraziko lirateke eta horien mantenua hobetu.

 Gipuzkoako Mendizale Federazioak araudi-eredu bat emango die antolatzaileei, oraindik ere araudirik ez dutenek lasterketetan erabil dezaten.

 Federazioak BNetatik igarotzen diren lasterketei egoera horri buruz jakinaraziko die, eta araudirik ez dutenak 2017rako hori erabiltzera animatuko ditu. Antolatzaileek lasterketa egingo dela jakinarazi beharko diote Foru Aldundiari. Horrez gain, ibilbideak ibairik ez zeharkatzea gomendatzen da.

 Anoa-postu bakoitzeko hiru zaborrontzi (ez poltsa) jartzea gomendatzen da. Gainera, araudiak xehetasunez azalduko du zer egin behar den botatako hondakinen kasuetan. Zuritutako fruta eskaintzea proposatzen dugu.

 Antolatzaileak animatzea lasterketa-ibilbideak (ahal bada publikoak diren) mendi-bide eta zidorretatik egiten jarrai dezaten, horien berreskurapena eta erabilera urte osoan zehar bultzatzeko. Bide berriak irekitzea ekiditea.

 Lasterketa gehiagotan marka iraunkorrak ipintzea ekiditea (EMFk adierazten duen moduan), eta are gehiago mendi-ibilaldien balizaje berdinak erabiliz markatzea.

 Lasterketak markatzeko, banderatxo berrerabilgarriak erabiltzea gomendatzen diegu antolatzaileei. Hala, urtero berdinak erabili ahalko dituzte. Plastikozko zinta erabiliz gero, lasterketaren amaieran guztia jaso eta dagokion edukiontzira bota beharko da.

 Egungo irizpideekin jarraitzea eta lasterketak hirigunetik kanpo dituen tarteetan megafonorik ez jartzea.



6.- Ondorioak.

Egun, Gipuzkoako lurralde historikoak mendi-lasterketen ugaritzea bizi du. Urtean 56 lasterketa egiten dira; asko dira, batez ere kontuan hartuta udaberri eta udako hilabeteetan pilatzen direla.

Badira zaleak (10.000 baino gehiago), beraz administrazio eta federaziook ezin gara entzungor geratu eta lasterketa mota horien jarraipenak egin behar ditugu (beste probekin egiten dugun moduan, esaterako mendi-martxak, BTT martxak, enduro-probak...).

Lasterketa desberdinen arteko dibertsitatea nabarmena da. Zegama-Aizkorrik edo Zumaiako Flysch lasterketak zerikusi gutxi dute Eibarko bizilagun-elkarte batek antolatutako lasterketa batekin.

Dibertsitatea ona da, lasterkariei lasterketa zeharo desberdinak eskaintzen baitizkie; baina dibertsitate horrek ez du zertan lasterketak kontrolpetik ateratzea eragin behar. Hori ekiditearren, administrazio publikoek –Gipuzkoako Foru Aldundia lurraldeko erakunde kudeatzaile gisa, udaletxeek eta Mendizale Federazioak– lasterketen jarraipena egin behar dute, eta lasterketa guztiek araudi egokia dutela eta indarrean dauden ingurumen-arauak errespetatzen direla bermatu behar dute.

Azterketa hau Gipuzkoako ingurune naturalean egiten diren kirol-jarduera desberdinen jarraipen-lanaren hastapena besterik ez da. Azterketan, jarduerek landa-garapenarentzat izan ditzaketen onurak aitortzen dira, baina era berean jarduerok inpaktuak sortzen dituztela, kontrolatu eta minimizatu behar direnak, alegia.



ERANSKINA: LASTERKETEN ZERRENDA
EGUNA LASTERKETA UDALERRIA ANTOLATZAILEA
2016/01/02 Mitxitxolako igoera Pasai Donibane Itsas mendi kirol elkartea
2016/01/24 Garingo mendi lasterketa Beasain (Garin auzoa) Muñogain elkartea
2016/01/31 Herri Ametsa Talaia Donostia Herri Ametsa ikastola
2016/02/14 Antzuolako 8 miliak Antzuola Arrola mendi taldea
2016/02/14 Kobaz koba trail Zestoa Nik Tri triatloi taldea
2016/02/21 Lezo Jaizkibel Lezo Alerru eta lezotarrak lasterkari taldea
2016/03/06 Orioko mendi lasterketa Orio Orioko Herri ikastola
2016/03/19 Arriarango mendi lasterketa Beasain Beasaingo lasterkariak (bealak)
2016/03/20 Larraul-Ernio-Larraul Larraul CD Utseta
2016/03/20 Talaia bidea Donostia-Hondarribia CD Fortuna
2016/04/09 Leharrei mendi lasterketa Gabiria Gabiriako udala
2016/04/10 Kilimon Trail Mendaro Mendaroko txirrindulari elkartea
2016/04/10 Arrasate udalatx Arrasate Mondraitz kirol kluba
2016/04/16 Pasaiako mendi lasterketa Pasai San Pedro Club atletico Trintxerpe
2016/04/24 San Markos lasterketa Errenteria Club Atletico renteria
2016/04/24 Donosti mendi trail Donostia El Diario Vasco
2016/04/29 Butreaitzeko gaueko bertikala Oñati
2016/05/01 Aloñako igoera Oñati
2016/05/01 Urnietako mendi lasterketa Urnieta Urnietako udala
2016/05/07 Izarraitzeko mendi lasterketa Azpeitia Anaitasuna MB /Lagun Onak MB
2016/05/07 Segura-Zerain Segura-Zerain Segurako kirol elkartea
2016/05/08 Izazpiko igoera Ezkio Ezkioko jai batzordea
2016/05/08 Erlaitz Aiako Harria Irun Erlaitz mendi elkartea
2016/05/15 Pagoetako mendi lasterketa Zarautz Salbatore Mitxelena ikastola
2016/05/20 Aizkorriko KM bertikala Zegama Zegamako udala /Amezti
2016/05/22 Zegama-Aizkorri Zegama Zegamako udala /Amezti
2016/05/28 UZ trail Urretxu-Zumarraga Goierri Garaia Mendi Lasterketa
2016/05/29 Zuzenien Azpeitia Lagun Onak
2016/06/05 Arnoko mendi lasterketa Mutriku Burumendi
2016/06/05 Ereñotzuko mendi lasterketa Ereñotzu (Hernani) mendi lasterketa taldea
2016/06/12 Aiako mendi lasterketa Aia Aiako kirol elkartea
2016/06/12 Galdaramiñoko lasterketa Eibar Eibarko klub deportiboa
2016/06/12 Intxixu trail Oiartzun Girizia
2016/06/18 Eskoriatza gabez trakarraran Eskoriatza Eskoriatza kultur elkartea
2016/06/19 Tolosako 3 tontorrak Tolosa T3T taldea
2016/07/02 Urkora igoera Eibar Amañako jai batzordea
2016/07/03 Zumaia - flysh Zumaia Udala eta flysh kirol elkartea
2016/07/08 Ehun milak Beasain Arrastaka mendi elkartea
2016/07/09 G2H Beasain Arrastaka mendi elkartea
2016/07/10 Marimurumendi Beasain Arrastaka mendi elkartea
2016/07/10 Iñaki Ruiz mendi lasterketa Soraluze Soraluzeko mendi taldea
2016/07/30 Itziar trail Itziar Debako udala
2016/09/04 Usurbeko igoera Beasain Beasainmendi elkartea
2016/09/03 Izarpein Kakutea ixoerie Azkoitia Anaitasuna MB /Lagun Onak MB
2016/09/11 Arnotrail sprint Mutriku Mutrikuko udala
2016/09/11 Axari trail Idiazabal Idiazabalgo udala
2016/09/18 Akua bira Zestoa Akua auzo elkartea
2016/09/24 Platako itsasargira igoera Pasai San Pedro trintxerpe atletiko kluba
2016/09/25 Endoiako mendi lasterketa Zestoa Zestoako udala
2016/09/26 San Migueleko igoera Elgoibar San Miguelgo jai batzordea
2016/10/09 Akerbeltz trail Deba Deba X-tream kirol taldea
2016/10/15 Urkabeko igoera Oiartzun Girizia
2016/10/16 Eltxo trail Orendain Orendaingo udala
2016/10/30 Osintzuko mendi lasterketa Osintxu-Bergara Txuringo kulutur elkartea
2016/10/30 Donostiako 3M Donostia Triku Kirol elkartea
2016/11/01 Beñat Elzo mendi lasterketa Hondarrabia Biosnar trialoi kluba
2016/11/21 Karakatera igoera Elgoibar Morkaiko
2016/12/24 Gabon trail Eibar Eibarko klub deportiboa
2016/12/31 San Silvestre trail Bergara Hankaluze eta pol pol

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina