2016/03/21

Jon Unanue: Ehunmilak 2015 bertsotan


 Jon Unanuekin, Ehunmilak 2013an.

EHUNMILAK 2015 BERTSOTAN
Doinua - Mendiko umea naiz 
Jon Unanue

 
                     Ehunmilaeko irteera gunea
2013an
lehen saiakera
2014an
Gorlatik etxera
2015ean
berriz hemen gera
ailegatuko al naiz
Beasain aldera
                                        Mandubia

Mandubia pasau ta
aurrerantza lasai
Zumarragara noa
pozik eta alai
"gemeloak" bi bider
igo jataz ai! ai!
gaua ospitalean
ez dot pasatu nahi

Jon Unanue Irukurutzetara iristen,

Jon Ulibarriren animoak jaostzen.
        Jon Unanue Irukurutzetatik igarotzen                         

Helmugara heltzeko
ez dagoz bi bide
ta bidea arinduz
zenbat adiskide
Gorla aldean hara
hor Edu Uribe
ura ta animoak
emanez neuri be
               Sargoaten trikitiaren doinua eta arroz esnea

Madarixa aldean
baserri batean
gazta, arroz esnea
denetik atean
trikitixaz kantuan
famili artean
une batez sentitu
naz nere etxean 

                             Azpeititik irtetzen gaueko ordu txikietan


Iluntzean Azpeitin
zenbat lagun jator
animoak emanez
guztieri gogor
Kale garbitzaileak
anbulantziak hor
Ni pasau naizenean
ez zegoen inor 

                                                Zelataun

Buruan alabak ta
lagunik onenak
beraiekin mendian
pasatako orenak
oraindik falta jataz
malda gogorrenak
baina ez dau ezer lortzen
saiatzen ez denak 

                                                Tolosa

Ernio utzi eta
han behean Tolosa
hara non agertzen dan
neska bat panpoxa
nahiz muxu emateko
euki dodan lotsa
Ikusi dodanean
a zelako poza 

               Jazkue aldeko basoetatik zehar

Muxurik ez dit eman
baina animau bai
triste nihoan baina
orain pozik, alai
eguzkia irten da
ta banoa lasai
ujela hau helmugan
balego nere zai 

                                            Txindoki ( 1331m )

Fernando Amezketarra
agurtu eta gero
aita ta aman laguntzaz
Txindokira ero
goiko lepoan ere
bolondresak bero
"animo Jon eingo dok
saiatu ezkero"

                                      Ganbo ( 1408m )

Jendea ezagutuz
hemengo ta hango
pasatu dot Txindoki
baita ere Ganbo
lokartzen hasi jataz
hanka eta zango
"Lizarrusti be ez dok
hain hurrun izango! "

                                       Etxegarateko anoa
Nahiz helmugaratzea
den gehienon nahia
disfrutatu behar da
bidea, paisaia
Etxegaraten dagoz
Josu ta anaia
hantxe egingo dogu
sekulako jaia

                                        Lizarrustiko anoan

Laster egingo dodaz
bi gau lo ein barik
sekula ez dot isuri
holako malkorik
erori egiten naz
ez dakat indarrik
oinak mugitzen ditu
bihotzak bakarrik 

Gogoan Maren eta
gogoan Aiora
maiteak bihotzean
ta aldapan gora
bidean neu bakarrik
buruan bi lora
haiek gabe ez nintzan
joango inora 

"Zer egiten dok hemen?"
galdetzen dot sarri
buruan pistola bat
ez dotzue jarri
hamaika bider hil naz
ta berriz itzarri
aita "arroz con leche"
gehiago ekarri 

                                       Aizkorriko aterpea

Aizkorritik behera
jota, indar barik
sekula ez dot ikusi
holako munstrorik
begira gelditu naz
begi bat zabalik
Ta nik "ibuprofeno"
hartu dot bakarrik 

                                            Mutiloa


Mutiloa pasau dot
nola edo hala
zimaur usain galanta
aldean dodala
familia, lagunak
ta giro mundiala
azkenean heldu naiz
amestu bezala 

Berrogei ta bat ordu
mendian galduta
Kilometro ugari
hanketan batuta
depositoa ere
zeharo hustuta
Kaña bat hartu eta
txarrena ahaztuta 



Batzuk esaten dute
"zoratu egin haiz!
hobeto drogak utzi
bazenduzan garaiz"
baina leku berean
jausten garenez maiz
aurtengoan berriro
apuntau egin naiz
        Beasaingo kiroldegian masaiak jasotzen

2016ko martxoaren 20an, Jon Unanue

No hay comentarios:

Publicar un comentario