2011/06/13

Canfranc-en Jon Bikendi 2.! eta Monica Grajera txapeldun!



Jon Bikendi La Raca ( 2288m ) tontorretik igarotzen.

CANFRANC-CANFRANC MENDI MARATOIA - 2011

Lo askorik egin gabe jo dit mugikorreko iratzargailuak. Goizeko 05:00ak dira eta ez da harritzekoa ere, baina aste guztian nahi baino lo gutxiago eginez ibili naizenez, zertxobait hobeto egitea espero nuen. Auskalo arrazoia zein izan den, baina ez diot batere garrantzirik eman. Kanpoan hotz egiten du (6º markatzen ditu termometroak), zeruan ilargia eta izarrak ikusten dira, eta hori eguraldi bikaina izango dugun seinalea da, eta horixe zen nire kezka nagusia. Beraz, eguna umore onean hasi dut. Hotza, lainoa eta euri-elurrarekin ez dut pentsatu ere egin nahi mendi tontor horietan zehar nola arraio ibiliko nintzen!
Gosaldu ondoren zakua bildu, ohea tolestu eta lasterketarako gauzak prestatzen pasa dut denbora. Bateko eta besteko azkar pasa zait denbora, eta konturatzerako 07:00ak jota ziren. Luzaketa batzuk egin, baselina eman, dortsala jarri, “camelbacka” bete eta irteera puntura. Irten aurretik azken aholkuak eman dizkigute, eta antolatzaile izandako baten oroimenez minutuko isilunea egin ostean, bizi-bizi abiatu gara lehen metroetan. Lehen kilometro erdia errepidean egin dugu, eta bideak beherantz egiten zuenez oso azkar hasteko baliatu dute batzuek. Horrelako irteerek jadanik ez naute harritzen, eta lasai neure martxan jarraitu dut. Laster hasi gara La Moleta mendia igotzen (2576 metro). Igoera oso dotorea da, eta denbora guztian bidezidor batean sigi-saga (zig zag) eginez goaz . Auskalo zenbat Z dituen igoerak! Hasieran baso batetik goazenez lurra oso biguna da, orbel eta hosto askorekin. Lehen kilometro hauetan erritmoa hartzea dut helburua. Igoera oso luzea da (1400 metroko desnibela. Pentsa, maratoi-erdi askotan baino metro gehiago igoera bakar batean!). Hori dela eta, pultsometroari sarri-sarri begiratuz eta erritmoa ahalik gehien kontrolatu nahirik noa. Pixkanaka korrikalariak aurreratuz igoeraren azken zatira iritsi naiz. Azken zati hau igoerako tarterik gogorrena eta teknikoena da. Ingurune oso harritsua da, eta harri zati solte dezente dago. Gainera, gailurra harrapatu ostean jaitsiera ere hemendik bertatik egingo dugu, ondoren iparralderantz beste bide batetik jaisten jarraitzeko.

Ni la Moleta gainera iritsi baino lehen jadanik beherantz datoz gainetik igaro diren lehen korrikalariak. Korrika batean datoz harri artean saltoka. Hori da martxa hori! Ahuntzak dirudite! Haien abilezia miretsiz egin ditut igoerako azken metroak. Buelta erdia eman eta jaitsierari ekin diot. Nahiko lasai eta kontu handiz egin ditut igoerako bidetik desbideratzen den beste bidezidor batera iritsi arteko metroak, igotzen ari ziren gainontzeko korrikalariei animuak emanez. Eskuinera hartu eta Col de Ladroneserako jaitsieran sartu naiz. Aurretik doan korrikalari asturiarrarekin bat egin dut. “Pásame que soy lento bajando” esan dit. Nik neu ere oso baldarra naizela erantzun diot, eta bere erritmoan ondo noala. Elkarrekin egin dugu Ladronesen dagoen anoa-posturako jaitsiera. Jaitsiera oso polita da, igoeran bezala dena sigi-saga egiten baitu bideak. Bihurgunea hartu eta azeleratu, frenatu, bihurgunea hartu eta berriro azeleratu. Horrelaxe dira kilometro guztiak. Anoa-postuan tokke eta huesitos batzuk jateko eta ura edateko aprobetxatu dut. Pixagura ere nabari dut, baina jende dezente dago eta aurrerago geratzea erabaki dut. “itxura” pixka bat bada ere mantendu beharko dugu… Anoa-postua atzean utzi eta jaitsiera labur baten ostean, hara non nirekin batera doan asturiarra bide bazterrean geratu eta hura ere maskuria husten hasi den!! “En esto también nos hemos puesto de acuerdo!!” esan diot. Barrez erantzun dit baiezkoa.
Bazterrak “ureztatu” edo “erregaritu” ondoren santiagorako bideari jarraituz egin ditugu hurrengo bi kilometroak. Ibilbideak gora egiten du zati guztian, eta kontrako norabidean jende edo “erromes”/“peregrino” mordoa (ia denak adinekoak) dator. Nahiz eta gu korrika eta lasterketa baten parte hartzen ari garela ikusi, ez pentsa guri pasatzeko lekua egiten asko saiatzen direnik. Nik ez dut leku askorik behar pasatzeko (horretan nahiko ekonomikoa naiz), baina kasu askotan “slalom” erraldoia egiten ari garela dirudi. Egurrezko zubi estu batean geratu beharra izan dugu hiru erromes elkarren ondoan patxada ederrean berriketan zubi osoa okupatuz zetozelako. Irribarre maltzurrarekin “Animo chavales que vais muy bién” esan digute. Amorrazio ederra eman dit, gainera adarra jotzen! Asturiarra ere gozoa jarri da! Tira! Hortik lasterrera La Raca igotzen hasi gara. Igoera La Moletaren oso antzekoa da. Hasieran baso batetik zehar sigi-saga eginez eta gero goiko zelaietara iristean malda piko eta zuzen baten gora. Igoera honen hasieran asturiarra atzera geratu da. Zain egon natzaio baina larri doala esan dit eta aurrera jarraitzeko. Horrela bada, neure erritmoan egin dut igoera guztia. Tartean 3 korrikalari aurreratu ditut, eta gainera iritsi naizenean nire aurrekoa 2 minutura doala esan didate. Horrelakoetan ez dakizu sinistu edo ez, eta nik egia esan ez diot kasu handirik egin.
La Racaren jaitsiera aurrekoaren oso bestelakoa da. Eski pistetatik behera oso jaitsiera zuzena da, bihurgunerik gabekoa eta pendiz oso handikoa. Jaitsiera hau oso gustura eta bizi egin dut. Neu ere harrituta geratu naiz jaisten eraman dudan abiadurarekin. Pentsa, nire aurretik doana igoeran ez nuen ikusten, eta Astunera iritsi baino lehen harrapatu egin dut. Ondorioz, Astunetik Somporterako zatia berarekin egin dut. Somporten bigarren anoa-postua dago. Bertan bina tokke eta huesitos eta gel bat hartu ditut, hori guztia edari isotoniko botilatxo batez lagunduta. Oraindik lasterketa luzea geratzen da, eta ezinbestekoa da elikadura eta hidratazioa zaintzea. Somportetik Candanchura jarraitu dugu, eta eski estazioan lasterketako hirugarren igoerari ekin diogu, Tuca Blancari hain zuzen ere. Igoera gogorra da, zati handiena Tobazoko eski pistetatik gora eginez. Igoera honetan oso zaila da korrika egitea, eta ia denbora guztian oinez noa eskuak belaun gainean jarriz. Igoera honetan nirekin zioan Jesus Sanchez aragoarra atzean geratu da. Oso erritmo onean noa eta gustura. Oraindik hankak ongi ditut, eta igoerak aurrera egin ahala Salvador Calvo bistan hartzen hasi naiz. Metrotan ez da distantzia handiegia, baina aldaparen gogortasuna kontuan hartuta minutuetan badago bai aldea! Tuca Blanca gainetik Ibon de Ip lautadara jaitsi gara. Eskerrak aurten ur askorik ez dagoen, bestela zati hau plisti-plasta hankak uretan sartuz egin beharrean geunden! Hala ere ura orkatiletaraino iristen zaigu, baina korrika egitea ez du gehiegi oztopatzen eta zatia bera ere ez da luzeegia.
Lautada utzi eta lasterketako azken igoera dator jarraian, Collado de Estiviellas (2.043m). Uste baino igoera gogorragoa da, pendiz handikoa eta leku batzuetan nahiko teknikoa. Igoera honetan berriro ere Salvador Calvo ikus dezaket. Biok ala biok oinez goaz, baina pixkanaka gerturatzen ari natzaiola jabetzen naiz. Aldapa gogor honetan metroak nekez egiten dira, eta gora begiratuta itxurarik ez diot hartzen aldapa noiz bukatuko den. Hori dela eta, igoerako azken zatia lasai hartzea erabaki dut. Salvador oso gertu daramat ( 40 segundo ingurura), baina ez dut berriro Zegamako hanka sartzea egin nahi. Zegaman ere 36. kilometrora arte oso ondo nindoan, baina denbora oso gutxian ederki joatetik porru eginda egotera pasatu nintzen, eta hori gogoan, oraingo honetan aurrekoa harrapatzeko ahaleginetan ez itsutzea nahi dut. Gauzak horrela, martxa lasaitu, “camelbacka” bizkarretik kendu, pare bat barratxo energetiko jan, eta berriro motxila bizkarrean jarrita, igoerako azken metroak indar pixka bat gordez egin ditut. Atzera begiratu eta ez dut inor ikusten, beraz, hirugarrenarekiko tarte pixka bat badaramat azken jaitsieran gaizki moldatzen banaiz ere. Goian zeuden boluntarioek aurrenekoarengatik 4 minutura noala esan didate. Igoerako azken zatian martxa lasaitu eta jan-edana patxadaz egiteak aldea dezente handitu du, baina ez dit batere axola. Izan ere, jaitsiera hasi bezain laster konturatu naiz korrika dezente egin beharreko jaitsiera dela geratzen zaiguna, hots, La Moletako jaitsieraren oso antzekoa. Hori dela eta, garrantzi handia dauka indarrez ongi egoteak, jaitsiera honetan ez baitu balio gorputzari eusteak bakarrik (aldapa handia dagoen jaitsieretan egin ohi den bezala). Hankei serio demonio eragin behar zaie, eta hainbeste bihurgune, azelerazio eta frenatu beharrak oso gogorra egiten du. Baina tira, indarrez oso ongi noa eta gustura egin ditut azken kilometroak. Jaitsiera ia guztian zehar ikusten da Canfranceko herria beheko zuloan, baina denbora guztian toki berean ikusten da, urruti eta behean, zuloaren zuloan. Fisikoki, eta batez ere, psikologikoki egin zait gogorra azken jaitsiera hau, amaitzen ez den horietakoa baita. Beti altuera eta leku berean zauden irudimena daukazu, eta horrek hanketan ez ezik gure buruan ere min egiten du.

Baina azkenean Canfranc herrira iritsi naiz, eta azken kilometro erdia bakarrik geratzen zait errepidetik. Pozik eta gogotsu egin ditut azken metro hauek, Zegamako azken metroen aldean indartsu. Gaurkoan horrexek utzi nau benetan gustura, hots, indartsu eta fisikoki ongi iristeak. Azken igoeran indarrak neurtzen asmatu dudala uste dut, eta hori jaitsieran ederki nabaritu dut. Hirugarren maratoia da, eta oraingoz garrantzitsuena neure gorputza ezagutuz joatea eta indarrak neurtzen ikastea da, beraz, gaurkoan helburu hori beteta ezin kexatu. Egun dotorea benetan; mendian ibiltzeko eguraldi aparta, ibilbide gogorra bezain ikusgarria, antolakuntza oso ona eta lagun giro aparta. Gainera, Canfranceko geltoki edo estaziora “deskarrilatu” gabe eta osorik iritsi naiz, eta Salvador Calvo moduko AHT edo abiadura handiko trena bakarrik izan dut aurretik. Ezin sinetsirik nago…
                                                 
                Jon Bikendi


Monica Grajera La Raca mendian ( 2288m ).
Monica Grajerak Canfranc Canfranc maratoia irabazi zuen. Zorionak Monica!
Informazio gehaigo: http://www.gailurrakteam.blogspot.com/

Ederra Jonek idatziriko kronika, ezta? Gogoratu Canfranc-eko mendi maratoi gogorra bezain ozpetsua ekainaren 11an burutu zela. Irabazlea Salvador Calvo ultratrailerra izan zen ( 7h10´tan ) eta bigarren Jon Bikendi ( 7h22´tan ). Nesketan berriz Monica Grajera ( 10h20´tan ), Gailurrak Team-ekoak, lehen postua lortu zuen.  Proba oso azkarra izan zen eta errekorra 2´tan jeitsi zen. Salva eta Jon-en artean 4´ko tartea besterik ez zen izan!

Jon Bikendi iazko mendiko entrenamendu saio batean Monte Perdidon ( igoera 4h50´tan Torlatik, joan etorria ( 46,2 km ) 9h50´tan burutu genuen ).

Canfranc-Canfranc-2011
Sailkapena:

Mutilak:
1 - Salvador Calvo.............. 5:23
2 - Jon Bikendi................... 5:27:55
3 - Jesús Sanchez Puente.. 5:39:58

Neskak:
1 - Mónica Grajera............. 7:19:43
2 - Raquel Aperribay......... 7:50:05
3 - Saioa Ortiz..................... 8:14:12





No hay comentarios:

Publicar un comentario