2012/09/04

UTMB-2012 ARMAILETATIK

 Jarraian Jon Bikendik UTMBren inguruan Chamonix-en bizitako experientzia kontatuko digu:

UTMB ARMAILETATIK BEGIRATUTA


Abuztu hasieran Eduren mezua jasotzea ezusteko handia izan zen; “Animatuko zinateke azken astean UTMBra laguntzaile moduan etortzera?” Buf! Aukera oso polita zen diotenez munduko mendi-lasterketarik garrantzitsuena ezagutzeko, baina beste aste bat etxetik kanpora egiteak (oporretan lehendik ere egun gehiago kanpoan egingo nituela jakinda) zer pentsatua eman zidan. Baina tira, egun batzuetan nire ingurukoekin gauzak aztertu ondoren joateko erabakia hartu nuen. Eta ezin esan erabaki txarra izan zenik! Ustekabeko “aberiaren” bat gorabehera, bizipen ederra inolako zalantzarik gabe!!

Abuztuaren 27an atera ginen Chamonix aldera. Elkartu, Eduren furgonetan trasteak sartu, erosketak egin, furgonetari gasolina depositua bete eta bazkal ondoren martxa!! 36º izan genituen bidaian zehar, baina Bordele (Bordeaux) inguruko auto ilara batzuk salbu, batere arazorik gabe egin genuen bidaiaren lehen zatia. Gaueko 23:00ak aldera iritsi ginen Saint Etienera. Autopistako atseden leku batean lo egin, hurrengo goizean goiz jaiki eta Lyon-etik pasatuz nahiko garaiz iritsi ginen Chamonixera. Iristearekin batera eguraldi ederra eta paisaia zoragarriak aurrez aurre. Hasteko ezin gehiago eskatu!! Herri sarrerako kanpin koxkor batean hartu genuen “ostatua”. Inolako luxurik gabekoa (ez janari-denda, ez WI-FI, ez igerileku…) baina guk behar genuen modu-modukoa. Asteartetik ostiral eguerdira arteko egunak hortxe egingo genituen.





Chamonix herria uste baino txikiagoa iruditu zitzaidan. Mont Blanc mendia, tunela, mendizaleen espedizioak… Horrelako hitzekin lotuta entzuten nuenez Chamonix izena, herri handiagoa eta zabalagoa izango zela uste nuen. Hainbeste etxe txiki eta apartamendu edukita ez dakit ziur zenbat biztanle izango dituen (10.000-15.000 inguru), baina tamainaz Azpeitiaren tankerako herria iruditu zitzaidan. Bertako kaleetan kirol-denda mordoa, bai eskiatzeko materiala salduz, bai mendirakoa, bai mendi-lasterketetarakoa, bai txirrindularitzarakoa… Prezioz ere uste baino merkeagoak, gainera. Horixe izan da beste ezusteetako bat, hau da, ikusi edo erosi ditugun hainbat gauza hemengo prezio bertsuetan egotea. Suitzatik hain gertu egonda, oro har, garestiagoa izango zen irudimena neukan, baina tira, hala hobe!! Kirol-dendez gain taberna, jatetxe eta “txiringito” ugari non-nahi. Dena den, herriaren erdigunea ez da oso handia, baina bai benetan txukuna eta dotorea! Inguru hauetan badaukagu bai zer ikasia franko…
Lasterketa aurreko bizpahiru egun horietan kaleetan korrikalari andana ikus zitekeen, beren praka motz, mendiko zapatila, bisera eta batere ilerik gabeko hanka beltzaran depìlatuekin. Herria lasterketako kartel, banderatxo eta argazkiz beteta zegoen, eta edozein lekutan nabaritzen zen lasterketa giroa. Hartu nuen beste ezustekoa kalera atera eta bertan ikus zitekeen euskaldun kopurua izan zen. Sinestezina! Konparaketa eginda, Quebrantahuesos proba egiten den egunean, arratsaldean Jacako kaleetan egoten den giroaren oso antzekoa iruditu zitzaidan. Ezagun bat hemen, buelta eman orduko beste bat ondoan, hizketan bukatu baino lehen beste bat han aurrean… Euskal Herriko zenbait herritako kaleetan baino euskara gehiago entzuten zen Chamonixen!! Hau gozamena!! Bistan da proba honetara urtetik urtera gero eta euskaldun gehiago etortzen direla.


Proba aurreko bizpahiru egunak azkar pasatu zitzaizkidan. Goizetan korrika pixka bat egin, inguruak ikusi, bazkaria prestatu… Bazkal ondoan lasai egon eta arratsaldeetan kaletik bueltatxo bat eman, tartean dortsalak hartu eta azken orduko erosketatxoak eginez. Eguraldiak, ordea, egunek aurrera egin ahala okerrera egin zuen. Asteazken arratsaldean eta gauean sekulako ekaitzak izan genituen, eta hortik aurrera euria ia etenik gabe eta hotza!! Nork esango zigun guri astelehenean 36ºko berotzarrarekin ia mingaina aterata ibiltzetik 3 egunen buruan hotzez egotera pasatuko ginenik! UTMB hasi zen ostiral goizean 7ºrekin esnatu ginen, eta euria gogotik. Atera kontuak. Dena den, eta eguraldia gorabehera, gainontzeko dena ondo zihoan. Ostegun arratsaldean Mikel Valdivielso Ehunmilako zuzendari eta lagunarekin elkartu eta lasterketa jarraitzeko plana antolatu genuen. Nire asmoa Eduri jarraipena eginez Mont Blanc mendiari errepidez itzulia ematea zen, bidean harrapatzen nituen kontrol-postuetan laguntza emanez. Bide batez, txirrindularitza munduan hain ospetsuak diren Cormet de Roselend, Gran Saint Bernard, Petit Saint bernard eta Col de la Forclaz mendateak ezagutzeko abagune ederra neukan. Aukeran, bizikleta gainean gusturago egingo nituzkeen, baina hurrengo batean bizikletaz egin ahal izateko lehenbizi “terrenoa” ezagutzea ere gaizki ez…



Baina nire kasuan ostegun gauean gauzek okerrera egin zuten. Kanpinean afal osteko harrikoa egitera nindoala kanpin denda txiki bat eusteko soka batean estrapozu egin eta muturrez aurrera erori nintzen asfalto gainera. Hasiera batean kolpeak bakarrik izango zirela uste nuen, baina “mekaeundios” batzuk bota ostean zorabiatzen hasi nintzela nabaritu nuen. Kolpeak baino zerbait gehiago zirela jakinarazi zidan horrek, baina ez nion erorikoari garrantzi handiegirik eman nahi (nahiz eta ondotxo jakin une horretatik aurrera nire planak asko aldatzeko bidean zirela), batez ere hurrengo bi egunetako panorama ikusita (Eduri furgonetarekin jarraipena egin, etxerako bidean ere gidatu beharra…). Lotara sartu eta hurrengo egunean ikusiko genuen “asuntoa” nola zegoen. Baina guk hala nahi izanda ere, gauzek ez dute kolpean onera egiten, eta minez gau nahiko eskasa pasa ostean, ostiral goizean kanpinetik 5 minutura geratzen zitzaigun ospitalera joan nintzen. Gaztelerarik ez zekiten bertako medikuek, baina ingelesez ongi moldatu ginen. 2 ordu igaro ziren azterketa egin, plakak atera eta medikuak “sententzia” eman arte. Zenbat buelta eta jira-bira eman ote nizkion buruari denbora tarte horretan! Eskuin ukalondoa mugitu ere ezin nuela ikusita banekien kolpe gogorra baino zeozer larriagoa izango zela, baina bihurrituren bat izango zen itxaropen printza mantendu nahi nuen. Hortik aurreragokoetan ez pentsatzea hobe… Dena den, nire itxaropena ITXARON (ia ordubete medikuaren zain) + PENA (hartu nuena) bihurtu zen. Medikuak esandako “you have broken” entzun nuenean… Buf! Eskuin besoko radio burua edo “cabeza de radio” hautsita neukan, eta 3-4 astez besoa beso-euskarri edo “cabestrilloan” eraman beharra. Eta ,jakina, kirola egitearekin eta gidatzearekin ahaztu beste aukerarik ez!! .Leihotik kanpora begiratu eta ordurako lasterketa bete-betean ari ziren CCC probako korrikalariei hain zeru beltza gainera erori behar zitzaiela ematen zuen, baina niri une horretan mundua erori zitzaidan gainera. Bi gauza besterik ez zitzaizkidan burura etortzen: bata, Chamonixera besteei laguntzeko asmoz etorri, eta, azkenean, besteek bukatu beharra niri laguntzen. Eta, bestea, Chamonix bezalako leku batera etorri, eta egin nuen “aberia” kanpinean hain modu inozoan egin izana! Sikiera mendian korrika halako puntaren bat jaisten ari nintzela edo bizikletan dena delako porturen bat jaisten ari nintzela erorikoa izanda egin izan banu!!! Amorrazio gutxiago izango nuen, baina egindakoa etxeko sukaldean patata azal batekin irrist eginda ere egin nezakeela jakiteak erabat sutzen ninduen. Baina tira, asmatuko genuen zerbait egoerari buelta emateko!


Kanpinera bidean Xabier Uribesalgo eta Aritz Olasoren mezua jaso nuen eguerdian beraien apartamendura bazkaltzera joateko esanez. Eskerrik asko Xabi eta Aritz gonbidapenagatik!! . Modu horretan euren apartamenduan bazkaldu eta lasterketa hasi aurreko orduak lasai, eroso eta epelean emateko aukera geneukan. Tira! Plan berri horrekin ukalondoko minik ez zitzaidan kendu, baina neurri handi batean burukoa bai!! Horrela bada, euren etxean ederki bazkaldu, patxadaz poltsak eta azken gauzak prestatu eta irteerara joateko aukera aparta genuen. Dena dela, bazkal ostean antolatzaileek bidalitako mezu bat jaso genuen gure mugikorretan. Eguraldi txarra zela medio, ibilbidea 100 kilometrora moztuko zutela, eta dena Frantziako lurraldetik barrena izango zela. Demontre! Azken hiru urteetan beti eguraldi txarra izatea ere marka da gero! Ehunmilak proban bakarrik ez dugula eguraldi txarra izaten! Ibilbide aldaketarekin pikutara guk egindako jarraipen plan, ibilbidearen marrazkiak eta gainerakoak!! Bazkal ondorengo orduak ederki entretenituta pasa genituen, ibilbide berria nondik nora izango zen planoetan begiratuz eta korrikalariak zein puntutan ikus genitzakeen planifikatuz. Tira, probaren ibilbide gehiena Chamonix inguruetan zela ikusita, korrikalarien jarraipena asko mugitu beharrik gabe egiteko moduan ginen, eta nire egoera kontuan hartuta, horrela hobeto zetorkidan. Dena den, partaideentzat “faena” ederra da azken orduan ibilbidea horrela aldatzea; batetik, behin parte hartuta ibilbide orijinala egin nahi izaten delako (Mont Blanc-i itzuli osoa), eta, bestetik, senide edo lagunekin egindako lasterketaren jarraipen plan guztiak kolpetik aldatzen direlako (autobus ordutegiak direla, korrikalariek antolakuntzari uzten dieten aldatzeko arropa poltsarik ezingo dutelako utzi…). Eta lasterketa irabazteko asmoz dabiltzanen kasuan, urte osoan egindako prestaketa guztia erabat alferrikakoa bihur daitekeelako (gauzak asko aldatzen dira 160-170 kilometroko proba baterako prestaketa egin edo 100 kilometrorako egin. Gainera, batzuentzat zenbat eta luze eta gogorragoa izan lasterketa hobe. Beraz, faboritoen zerrenda asko zabaltzen zen une horretatik aurrera).
Gure “kontuak” egin ondoren, lasterketa Saint Gervais, Contamines (2 aldiz pasako ziren hemendik), Les Houches, Argentieres eta helmugan ikus genezakeen. Horretaz gain, antolakuntzak jarraitzaleei partaide bakoitza nondik nora zebilen jakiteko SMS mezuak bidaliko zizkigun korrikalaria kontrol postu bakoitzetik pasatu bezain azkar. Beraz, horrekin guztiarekin jarraipen ona egiteko aukera zegoen. Arratsaldeko 18:00etan irteerako plazarantz abiatu ginen. Jendetza handia eta korrikalari pila bat han eta hemen. Harrigarria zen korrikalariek zeramaten arropa kopuru desberdina. Batzuk zira, praka luze, eskularru eta tapakiz burua estali arte ikus zitezkeen bitartean, beste batzuk praka motz eta motxila txiki batekin lasai asko ikusten ziren. Egiten zuen txakur giroarekin ia 2000 metrora eta gauez horrelako “ekipaje arinarekin” ibiltzeko gaitasuna izatea mirestekoa iruditzen zait. Proba irteeran jendetza handia elkartzen da Chamonixeko kaleetan barrena korrikalarien pasaera ikusteko, bidearen ezker eskuin dena mukuru betez. Irteera ikusi ondoren Bergarako lagunen apartamendura itzuli nintzen, afaldu eta lo pixka bat egiteko asmoz. Ohera gaueko hamabiak jota sartu ginen Aritz eta biok. Aritz Xabi Uribesalgo Saint Gervaisen pasatzen ikustetik zetorren. Hara joateko antolakuntzak jarritako autobusa hartu zuen, baina itzultzeko autobusa hartzeko desmadre handi samarra egon zen eta asko berandutu zitzaion itzulera. Hori gutxi baliz, goizeko 02:30ak alderako jaiki behar zuen Xabiren pasaera Les Contaminesen ikusteko. Beraz, lo gutxi egiteko aukera. Ni ohera sartu bai, baina bateko mina, besteko Eduren kontrol pasaeretako berri emanez antolakuntzak bidalitako SMS mezuen hotsa (eta, ondorioz, Eduri animo mezuak idaztea) eta Aritzen joan-etorriak zirela medio, ez nuen ordubete eskaseko loa besterik egin gau osoan. Sekulako inbidia pasatu nuen Aritz kontrol guneetara joaten zenean, berarekin batera joateko irrikaz geratzen nintzen, baina ez nengoen autoan baldintza horietan batera eta bestera denbora askoan ibiltzeko moduan.
Jon, Mertxe eta Aritz
Bosons-eko glaziarra Mont Blanc-etik jeisten dena.
Imanol Aleson-ekin
Samu eta Lidiarekin
Larunbat goizean goiz apartamendua txukundu eta jaso, gosaldu eta Aritzen autoan Les Houcheseko kontrol gunera joan ginen. Ukalondoak lo askorik egiten utzi ez arren, bezperan baino min gutxiago neukan, eta batera eta bestera ibiltzeko moduan behintzat banengoen. Gu kontrol-gunera iritsi bezain laster agertu zitzaigun aurrez aurre Edu. Aldarte ederrean eta gustura zegoen. Momentuz ondo zihoan eta martxa onean. Arropaz eta oinetakoz aldatu eta aurrera! Gu geure aldetik Argentieres-eko kontrolera joan ginen Xabiren pasaera ikustera. A zer nolako hotza egiten zuen! Kanpoan 6 gradu zeuden, baina txarrena zegoen haize indartsua zen. Barruraino sartzen zen haize hotz hura, eta hatz zein aurpegia erabat izozten zituen. Ikustekoa zen 90. kilometroko kontrol postura korrikalariak nola iristen ziren. Batzuk animatuta eta irribarrez zetozen, beste batzuk burumakur eta inertziaz bakarrik pausuak emanez, gutxi batzuk korrika txikian eta arin, zenbaitzuk herrenka eta hanka zabalik ere bai... Berriketa gutxi eguraldi baldintza horiekin!!! Xabi nekatuta baina oso ondo iritsi zen. Itxura ona zeukan eta animatuta ikusten zen. Eutsi horri motel!! Ordu eta gutxiren barruan Chamonixeko helmugan izango zen. Azken kilometroak hain bizkor egin zituen ezen ez baikenuen helmugan sartzen ikusi! Gu helmugara iristerako proba bukatu berria zegoen. Oso itxura onarekin eta proba gustura eta ondo amaitu izanaren pozarekin zegoen, baina probaren benetako ibilbidea egiteko aukerarik eduki ez izanaren pena ere bazuen. Normala da, proba egiteko aukera edukita betiko ibilbidea egin nahi izaten baita. Bain tira, modu horretan berriro proba hau egitera itzultzeko aitzakia hor egongo da... Horren ostean Xabik gonbidatuta Chamonixeko pizzeria baten ederki bazkaldu genuen (Eskerrik asko Xabi!!). Ondoren, Edurekin probaren azken kilometroak egiteko asmoz Argentieres aldera abiatu nintzen oinez. Lasterketako kontrako bidean joan nintzen, Edurekin noiz topo egingo irrikaz. Berarekin elkartu nintzeneko unea ederra izan zen. Handik helmugarako 6 kilometro inguruak azkar pasa zitzaizkigun, eta ohartzerako Chamonixeko kaleetan sartzera gindoazen. Eta han iritsi zen helmugara Edu korrika arin arin eta irribarre handi batekin. BEJONDAIALA TXAPELDUN!!!
Aritz eta Xabierrekin
Xabier Uribesalgo Kilian Jornet-en liburuko ("Correr o morir") pasarte batzuk irakurtzen.

Aritz-ekin Les Houches-en, 72. km-an.
Xabier eta Aritz helmugan.
Bukatu ostean dutxa bero bat hartu, antolakuntzak korrikalariei eskaintzen zien mokadua jan, argazki batzuk atera eta etxerako bidea hartu genuen lehenbailehen. 11 orduko bidaia luzea geneukan aurretik, eta etxera iristeko gogo handi samarra.

Oro har, esperientzia bikaina izan da niretzat. Sekulako antolakuntza eta dirutza mugitzen duen proba ezagutu dut. Baditu nire ustez hobetu beharreko gauza batzuk (aurten autobus zerbitzua izan da horietako bat, baina ibilbide aldaketarekin ere zaila da zerbitzu hori guztia hain azkar egokitzea), baina, oro har, oso antolakuntza ona iruditu zait, (anoa postuetan gauza asko, 4 proba desberdin antolatzeko gaitasuna, laguntzaileei euren korrikalarien kontrol guneetako denborak uneoro SMS bidez bidaltzea...), hori bai, beti ere “armailetatik” begiratuta. Ibilbidearen balizajea, boluntarioen lana, lasterketa moztearen erabakia zuzena izan zen edo ez... horien inguruan partaideek esan beharko dute antolakuntza egokia izan zen edo ez. Dena den, ikaragarria da Chamonixen egun hauetan usaintzen den giroa; arropa eta material postu mordoa, korrikalari eta euren senide multzo ugari, parking eta bazter guztiak autokarabana eta furgonetaz josita.... Gustua ematen du hainbeste korrikalari edonon ikusteak (dendetan materiala ikusten eta probatzen, supermerkatuetan erosketak egiten, terrazetan lasai eserita garagardoren bat hartzen...) Gainera, hainbeste euskaldun ikusteak etxean bezala sentitzera eramaten zaitu, eta jende ezagun askorekin egotera ere bai. Hitz gutxitan esanda, benetan ezagutzea merezi duen proba da, eta hori laguntzaile soil moduan joanda. Partaide moduan proba hau bizitzea zer izango ote da... Uff! Badaezpada hobe oraingoz horretan gehiegi ez pentsatzea...
Bukarean pizza bana ondo sartzen da!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina