2015/07/14

Goierriko 2 Handiak: Ane San Martinen kronika

Ane San Martin eta Fernan

GOIERRIKO 2 HANDIAK
-Fitxa teknikoa-
-Luzera: 88 km
-Desnibel+: 6000mD+
-Denbora muga: 22 ordu

Uztailak 9, osteguna,17.30etan lanetik irten eta zuzenean Beasainera joan nintzen. Dortsal eta poltsa banaketa hasita zegoen jadanik. Derrigorrezko materialaren kontrola pasatu ondoren, nere dortsala eta Etxegaraten lagatzeko materialaren poltsa hartu eta etxera itzuli nintzen. Lasterketa aurreko urduritasunak nabaritzen hasi nintzen.


Uztailak 10, ostirala, lanera joan nintzen, normalian 7.00etan sartzen gera baino 8.00etan sartzeko baimena eskatu nuen, behintzat ordu bete gehiago lo egiteko, gero gau luzea zetorren eta. Lanetik irten ondoren, nere bi semeak Mintxetako igerilekuetara bidali nituen aitarekin eta lasai lasai geratu nintzan etxian motxila prestatzen eta deskantsatzen. Lorik ezingo nuela egin banekien baino bueno, behintzat deskantsatu, ez dela gutxi!!!!

20.30ak inguruan senarra eta semeekin batera Beasainera joan giñen eta Etxegarateko poltsa antolakuntzakoei eman ondoren, etxekoei agur esan eta Elgoibarko beste lagunekin elkartu nintzen: Aran, Ekaitz, Fernan eta azkenik Jon Peli Uriguenekin. Hauentzat ez zen bere lehenengo gau-lasterketa luzea…neretzat bai…dana berria…urduritasuna giroan nabaritzen zen, begiradak, arnasketa sakonak, luzaketak...Eguraldia lagun genuen eta horrek ya asko suposatzen zuen, aurreko urteetan euriak lasterketaren zailtasuna areagotu bait zuen.

Aurreko hilabeteetan mendian km asko ibilita nengoen, beraz fisikoki eta muskularki ez nuen espero sufrimendu gehiegirik. Gauak eta eguraldi aldaketak ematen zizkidaten beldur pixka bat.
Irteera aurreko azken minutuak, lasterketako musika, kaleak jendez beteta…momentu hunkigarri eta politak izan ziren. Azken segundoak…5…4….3…2…1….GO!!!!

Ekaitz eskuma aldean

Beasaineko kaleetatik korrikan irten giñen, jendeak “Aupa neskak” esaten zigun, oso gutxi giñen, G2Hko 500 partaidetatik 32 bat emakume bakarrik irten giñen beraz animorik gehienak guretzat ziren. Lehenengo 7kmak Zaldibiraino korrika egin genituen, erritmo onean, gu irteeratik taldearen azken aldean geunden eta hala jarraitu genuen lasterketa osoan. Lehenengo kontrola eta anoa postua Zaldibian pasa eta Larraitzerantz abiatu giñen…erritmoa jetxi genuen, aldapak hasten ziren eta erritmo konstante bat hartu eta tipi-tapa tipi-tapa gorantz egin genuen. Igotzen joaten giñen heinean, temperatura jeisten zihoan. Larraitzetik pasa ondoren Txindokiko leporantz abiatu giñen. Nik hotza sentitu nuen berehala, asko sufritzen det nik hotzarekin, beraz momentu baten gelditu eta manga luze bat eta txaketa iragazgaitza ipintzea erabaki nuen eta hala egin zuten lagunek ere bai. Haizea, euria, hotza….igoera pixkat luze egin zitzaidan baino bueno indarrak fresko zeuden oraindik eta hura ere gainditu genuen. Hurrengo puntuak Uarrain eta Lizarrusti izan ziren, ahal genuen neurrian trotean joan giñen. Lizarrustin berriz bero sentitu genuen, arropa pixkat kendu eta Etxegaraterantz abiatu giñen. Maldan gora, maldan behera…”rompepiernas” horietako 14kmko distantzia eta goizeko 9retan Etxegaraten geunden 50km egin ondoren.

Etxegaraten denbora pasa genuen, pixkat deskantsatu, arropa lehorrak ipini eta indarrak hartu anoa postuan…hemen hasi zen nere sufrimendua…nere urdailak ez zuen janaririk onartzen eta likidoa ikustea ere ez nuen gustuko. Banekien horrek arriskua suposatzen zuela eta nere burua behartu nuen jatera eta edatera baino sentsazioak ez ziren onak. Ni ixil ixilik lagunei ezer esan gabe, ez nuen pentsatu ere egin nahi lasterketa ezin izango nuela bukatu agian…beraz…ixilik eta mentalki gogor mantentzen saiatzen nintzen. Aurreko hilabeteetan egindako esfortzuaren ondoren ezin nuen sinistu urdailak arazoren bat eman ahal zidakeenik. Baino noski, nere lehenengo lasterketa luzea zen, gauean lorik egin gabe, eta azkenian baldintza batzuk ezezagunak ziren neretzat eta horren aurrean norberak ez daki bere gorputzak nola erantzungo duen. Muskularki nahiko prestatua nengoen baino gorputzaren beste atal batzuk ere garrantzi handia dutela ikasi det, hortan ere esperientzia unibertsitaterik onena izanen da. Aranek ere bere miñak bazituen baino gogorra dela argi utzi du beti eta aurrera ekin genion bideari, San Adrianetik Aitzkorrira bidean.


  Ane, Jon Peli, Fernen, Aran eta Ekaitz San Adrianen.

San Adrianetik pasa ondoren, berriz hotza, euria, harriak…ni mendian ibiltzen naiz asko baino bide “errexak” diren hoietan nahiz eta desnibela euki baino harri labainekin, eta gainean generaman km-en ondoren torpe ikusten nuen nere burua. Hala eta guztiz ere, tipi-tapa tipi-tapa aurrera…beti aurrera. Jon Peli eta Fernanek aurrera egin zuten. Aran eta Ekaitz nere atzetik zetozen gertu.


Oazurtzara iritxi giñen, 68.km-an geunden, beste 20 falta zitzaizkigun bakarrik baino Etxegaratetik ya oinez gindoazen, nekea eta norberak zeuzkan arazoei aurre egiten saiatzen…hori bai, taldean beti. Hemen berriz elkartu giñen Jon Peli eta Fernanekin. Egia esan eskerrak eman nahi dizkiet Aran, Ekaitz, Fernan eta Jon Peliri bide osoan elkarrekin jun giñalako, azkenian km asko dauzkan lasterketa batetan momentu onak, ez hain onak eta txarrak pasatzen dituzulako eta taldean sentitze horrek, ekipo bat bezala sentitze horrek, aurrera egiteko indarrak ematen dizkizu.

Ni pertsonalki Etxegaratetik itzaltzen joan nintzen, urdailan arazoak nere burua lanean ipini zuen eta kontrako sentimenduak nituen, alde batetik pozik egon beharko nintzake, antolakuntzak ipinitako denboren barruan sartzen ari giñelako baino bestetik nere gorputzaren erantzun hobeago bat espero nuen eta sufritzen ari nintzela ikusteak min ematen zidan. Hala eta guztiz ere, buru gogorra naizela esaten didate eta sufritzailea zertxo bait ere, beraz tipi-tapa tipi-tapa aurrera….beti aurrera…helburua gertu zegoen.

Halaxe Mutiloara iritxi giñen eta….sorpresa!!! Nere lagun Maite Uribe zegoen han bere alaba Miren eta seme Oierrekin…ezin nuen sinistu!!!! Ah ze sorpresa hunkigarria!!! Demaseko ilusioa eman zidan, ez nuen espero…ez nekien barre edo negar egin…sentimendu asko neuzkan buruan, tristetasun pixka bat gainean neukan presioagatik (nik nere buruarekiko bakarrik) eta poztasuna nere laguna ikusteagatik. 78.km-an geunden, azken txanpa falta zitzaigun!!!! Denboretan sartzen giñen!!! Finisher izango giñen!!!!

Beraz azken etapari aurre egin genion, gure erritmoan, oinez, ni Fernanekin joan nintzen eta atzetik Jon Peli, Aran eta Ekaitz zetozen, eta Arani kalanbreak hasi omen zitzaizkion eta gu baino pixkat atzerago gelditu ziren.

Beasainera iristear geundenean senarra ikusi nuen, berarekin elkartu nintzanean negar eta negar egin nuen besarkada bat ematen nion bitartean. Ezin nuen saihestu. Km asko neramatzan ixilean sufritzen eta momentu hartan ya esplotatu egin nuen. Animo guztiak eman zizkigun Fernan eta neri eta poliki poliki trotean hasi giñen, jendeak animoak ematen zizkigun kale ertzetan eta gezurra badirudi ere, momentu horietan dauzkazun azken indarrak ateratzen ditxuzu eta miñak desagertu egiten dira. Nere bi semeak ikusi nituenean ezin det azaldu zer sentitu nuen poztasuna, maitasuna, konplizitatea, erruduntasun pixka bat ere aurreko hilabeteetan km-ak egiten pasa nituen orduak beraiei ez eskeintzeagatik….gauza asko, gauza asko….

Ane San Martin Beasaina iristen senitartekoen txaloen artean.

Nere txikiak Mikelek 4 urte ditu eta ez dauzka gustuko jendetza asko dagoen lekuak. Nere 8 urteko seme nagusiarekin, Jonekin, sartu ginen helmugara Fernan eta biok eta….azkenian….Finisher!!!

 Fernan Beasaina iristen Ane eta semetariko bat, Jon, atzean dituela.

Negar egiteko gogo handia nuen, ez nintzen ondo sentitzen, urdaila gaizki neukan, beraz Fernaneri agur esan eta ya senarra eta semeekin Aran, Ekaitz eta Jon Peliren sarrera ikusi genuen animoak ematen genizkien bitartean eta kotxea hartu eta etxerantz.


G2Hko elgoibartar batzuk helmugan

 Aran eta Ane G2H 2015eko finisher!

Handik alde egin nahi nuen, ez nengoen ondo. Etxera iristean oka egiten hasi nintzen, eta izerdi hotz bat neukan gorputzean…sentsazio ezezagunak ziren niretzat, ez nuen inoiz horrelakorik jasan kirolaren ondorioz. Berehala sukaldeko lurrean eseri eta gero ez det gogoratzen ondorengo minutuetan zer gertatu zen. Konortea galdu omen nuen glukosa jeitsiera baten ondorioz, urdailak uko egiten dionean jan eta edateari, horrek daukan arriskua deshidratazioa da, behar beste baino gutxiago jaten eta edaten dezulako…eta hori gertatu omen zitzaidan. Deshidratauta iritsi omen nintzan eta oka egin nuenean, glukosa jetsieraren ondorioz ondoeza egin zitzaidan. Familikoek susto galanta hartu zuten: senarra eta semeek batez ere, eta noski nere amak!

Ura azukreakin hartu eta poliki poliki nere senera etorri nintzen. Urdailari egun batzuk gehiago kostatuko zaio sendatzea baino azkenian esperientzia berri bat izan da neretzat. Gogorra eta polita….baino pentsatzen nuena baino garrantzitsuagoa! Norberak bere gorputza eta sentimenduak hobeto ezagutu eta kudeatzera laguntzen dizun esperientzi bat! 

Orain gauzak desberdin ikusten ditut: pozik nago, helburua lortu det, G2Hn Finisher izatea lortu det eta askotan norberak bere buruari ipintzen dizkion eskakizunak altuegiak direla onartzea ez da erraza izaten…Bizitza honetan disfrutatzen saiatu behar gera, kirola egiten edo norberak gustoko duen jarduera egiten. Nik prozesu guztian asko disfrutatu det baino horrelako proba bat ondo prestatzeak denbora behar du eta norberaren egoera pertsonalaren arabera (semeak, lana, etxea e.a.) ez da erraza izaten orduak ateratzea eta plangintza guzti hori astuna gerta daiteke. Afizioa obligazio bihurtzen denean, disfrutatzeko daukagun aukera hori arriskuan jarri dezakegu.

Mendia bai…kirola bai…baino disfrutatzen. Ez det erreferentzi hori arriskuan ipini nahi.

Eskerrikasko nere etxekoei, kendu dizkizuedan orduengatik eta zuen babesagatik.

Eskerrikasko Maite, ezin dezu imaginatu Mutiloan zu ikusteak eman zidan poztasuna.

Eskerrikasko Arantza, Ekaitz, Fernan eta Jon Peli. Eskerrikasko alboan egoteagatik.

Eskerrikasko G2Hko antolatzaile eta bolondres guztiei, proba honek nire oroitzapenen bilduman toki berezi bat izango du beti.

Ane San Martin

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina