2014/02/16

Pako Iriondo mendizalearen omenez

Pako Iriondo Karakateko sari banaketan, Iñigo Larizi txapela jarri ostean.

Pako Iriondo elgoibartar mendizalea atzo ( 2014-02-13 ) hil zen 88 urterekin ( 1926-2014 ). Mendizale amorratua, birritan Euskal Mendizale Federakundeko ( EMF ) lehendakari izandakoa ( 1971-75 eta 1986-2000 ). 18 urtetan zehar Pakoren bultzadarekin EMFak 20.000 federatu izatera iritsi zen, inguruko federakunderik handienetarikoa bihurtu arte.

Lan egiteko modu hau Elgoibarko Morkaiko Mendizale Taldetik zetorkion. Taldea 1943an sortu zen, eta hurrengo urteetan etxez etxe joaten ziren bazkide berriak egiten, familia osoak barne, horrela 10.000 biztanleko herri batean mendizale elkarteak 1.500 bezkide izatera iritsi zen; football taldeak baino gehiago! Garai hartan Morkaiko Euskal Herriko 3. mendizale elkarterik handiena zen, Bilboko Alpino eta Gasteizko Manuel Iradierren atzetik.

Hastapenak baina ez ziren errazak izan. 1967an Peruko Andeetara joandako euskal expedizioko kideek, Everesterako prestatze lanetan ( Tximist expedizioa-1973 ), ikurriña ipini zuten bertako birginetan ( Achuraju, Ayucurraju eta Atunraju ), ikurriña frankismo garaian ( 1939-1975 ) debekatua zegoenean. Otegi lehendakari zela, Pakoren laguntza izan zuen hitzekin bideratzeko orduko agintarien haserreak, eta baita ere euskal mendizaleek madrilera bueltatu zituztenean FEDMEra dominak. Pakok zioen bezala " arazoak elkarrizketarekin, humiltasunarekin eta errespetuarekin konpontzen dira ".

Pako izan zen lehen lehendakari demokratikoa bere hautagaitza aho batez onartu baitzen 1971. urtean 4 hautagaien artean. Geroztik Elgoibarko Morkaiko MTekin egin zuen bezala, piskanaka mendizaletasuna zabaltzen joan zen, beti ere elkarrizketaren bitartez.

Bere lehendakaritzaren barruan euskal mendizaletasunak himalayismoaren loria besarkatu zuen.
 1973an aipaturiko Tximist expedizioak Everesteko hego lepora iristea lortu zuen.
1979an Nafar expedizioak Daulagiri ( 8167m ) gailurra lortu zuen.
1980an Martin Zabaletak Everest ( 8848m ) gailurra lortu zuen.
80. hamarkadan makina bat expedizio burutuko zituzten euskal mendizaleek.
1999an  Juanito Oiartzabalek lehenik eta Alberto Iñurrategik ondoren ( 2002 ) 14 zortzimilakoak amaitzea lortu zuten.

Une oro gazteak animatzen zituen eta baita arriskuak neurtzeko esan ere, horrela gaur egun hamaika bat euskal expediziok bisitatu dituzte munduko mendilerro ezberdinak.

Pirinioetan ere bere aztarna utzi zuen Pakok, Piedrafitako aterpearen bultzatzailea izan baitzen Balaitus ( 3144m ) inguruan.


Adur Juaristi, Oskar Gisasola eta Pako Iriondorekin 2010eko Elgoibarko itzulia bukatu ostean.

 Ramon Garate ( EMFko medikua ), Pako Iriondo, ? eta Alvaro Arregi ( EMFko lehendakaria izandakoa )

Joserra Sousa eta Pako Iriondo.
Pako beti egon zen inplikatua belaunaldi gazteekin .