Jarraian Iban eta Jon Bikendik Euskal Herriko zazpi hiruburuak bizikletaz lotu zituzteneko kronika azalduko zaizue. Bi lagunek "Gure Esku Dago" kanpainarekin bat eginez 600 km egin zituzten 31 ordutan. Askotan dihardugu ultra-distantzietaz, ba hona hemen gure herrialdea ezagutzeko proposamen aparta.
ZAZPIAK BAT GURE ESKU DAGO!!
“Burutik jota zaudete!”, “Zuek ez zaudete sano!”, “Hori egitea bururatzea ere!”, “Pitzatuta zaudete!”, “A ze asto parea!”, “Seko erotuta zaudete”…
Zorionez, jendearen zer esangoak ez dizkigu lotuko zangoak, tinko baitirau gure gogoak. Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea buruan, Euskal selekzioa bihotzean eta euskara ahoan, iritsi da Gure Esku Dago ekimenaren barnean gure ekarpena egiteko ordua. Zaila izango dela? Ziur! Gogorra? Jakina! Baina honek jada ez du atzera bueltarik. Agian, “joko bezperan erronka; biharamunean herrenka”, eta astelehen goizean auskalo zer gorputzaldirekin esnatuko garen, baina ziur gaude asteburu hau gogoangarria izango dela eta sufrikario orok mereziko duela. Izan ere, erabakitzeko eskubidea gure esku dago, eta ibilbidea osatzea ere gure esku dago, edo hobe esan, gure zangoen esku…
Ostirala, ekainak 6. Arratsaldeko 18:00etan elkartu gara Irurtzunen espedizioa osatuko dugun 5 lagunak. ESAITeko Martxel eta Pepe, mekanikari, gidari, animatzaile eta edozertan lagunduko digun Oinatz (eskerrik asko benetan hiruroi!), Iban eta ni neu. Bi autotan traste guztiak sartu eta 19:00ak alderako Iruñeara iritsi gara. Gaua Errotxapeako pisu batean igaroko dugu, Ibanen laguna den Tomasen pisuan hain zuzen ere. Iruñeko alde zaharretik oso gertu dago eta lau lagunentzako tokia daukagu. Ezin gehiago eskatu! Hori gutxi balitz, pisutik metro gutxira aparkaleku zabalak daude. Dena den, ostiral arratsaldea izanik edo, gu iritsi garenerako mukuru beteta daude aparkaleku guztiak. Itzuli batzuk eman ditugu hutsuneren bat aurkituko ote genuen itxaropenez, baina alferrik. Pazientzia hartu eta aparkalekuaren bazter batean geratuta autoren bat noiz aterako zain egotea erabaki dugu. Ehiztarien moduan zain-zain gaude autoren bat bere lekutik atera eta hutsuneren bat noiz topatuko. Zorionez, jendearen joan-etorri handia dago, eta nahiko azkar aparkatu ahal izan ditugu bi autoak. Gainera, biak elkarren ondoan aparkatzeko zortea izan dugu. Tira, ez gara hain gaizki ere hasi!
Tomasekin elkartu ostean traste guztiak bere pisura eraman ditugu. Tamaina ederreko pisua da, eta arazorik gabe sar gaitezke lau lagun, hiru bizikleta eta beste hainbeste poltsa eta maleta. Mila esker benetan Tomas! Dena den, bada oso lasai uzten ez gaituen xehetasun “txiki” bat, hots, Errotxapea auzoko jaiak direla eta juxtu txosnak gure pisu azpian daudela.
Gainera, gauerako kontzertuak daude iragarrita, eta eszenarioa gure logela azpian dago. Beraz, ez ditugu lo egiteko baldintza onenak izango, baina horixe izan dadila txarrena!! Ortzik ez duenak mamia jaten omen du, beraz, gu ere moldatuko gara nolabait.
Gure kuartel nagusia eta logela inprobisatua
Trasteak ordenatu, logelak banatu eta hurrengo eguneko gauzak prestatzeari ekin diogu. Bizikletako arropak atera, bizikletei argiak, GPSak eta gainontzeko tramankuluak jarri, ibilbidean zehar jan eta edango ditugun litxarreri eta edariak antolatu…
Bihar hasiko garen “gerrarako artsenala”
Konturatzerako iluntzeko bederatziak iritsi zaizkigu. Hurrengo goizean 03:30ean jaiki behar dugula kontuan hartuta hobe lehenbailehen afaldu eta ohera sartzea! Horrela bada, bapo afaldu eta 22:30 inguruan sartu gara lotara.
Txakalaldiren bat harrapatzen badugu ere ez dadila jan faltagatik izan!
Gaurko egunak eman du berea, biharkoak balekar hobea… Asmoa lotara sartzea zen, baina uste dut etzanda egotera sartu garela. Izan ere, gaueko hamaiketarako kontzertuak hasi dira, eta ateratzen duten zaratarekin ez dago gure logelan lo egingo duen amaren semerik! Buelta batera, buelta bestera, oraintxe ahozpez, hurrena gora begira… Ezin inondik inora lorik hartu. Egoera ikusita, telebistan hainbat aldiz errepikatutako Mr Beanen esketx barregarri horietako bat etorri zait gogora. Zurrungen hotsagatik gure moduan lorik hartu ezinda zebilela belarrietan tapoien faltan galtzerdiak sartu zitueneko esketxa, hain zuzen ere. Nik ere bizikletako galtzerdi finak ez ditut ohetik oso aparte, eta une batez galtzerdi muturrak belarrietan sartzeko burutazioa izan dut. Baina, badaezpada, hobe horrelako probak beste baterako uztea! Desesperatuta gaudenean zertaraino irits gaitezkeen gero! Hartuko dut lo lehenago ez bada beranduago. Penaren karamelua, esperantza…
Bi ordu eskas lo eginda jo digu iratzargailuak. Goizeko 03:30 dira eta Errotxapea auzoan sekulako giroa dago. Leihotik begiratu eta jende pila bat ikus daiteke bai txosnetan lasai trago bat hartzen, bai kontzertuaz gozatzen. Eta, bitartean, gu bizikletako arropak jantzi eta gosaltzen. 04:30 aldera traste guztiak hartu eta autoetara joan gara. Azken prestaketak egin eta 04:45 aldera Iruñeko udaletxeko plazan gaude. Harrituta nago zenbat jende doan etxera bueltan kalean parranda egin ostean. Errotxapean festak izanik normala da auzoan bertan jendetza egotea, baina alde zaharrean ostiral iluntze batean halako giroa egoteak asko harritu nau. Geroxeago jabetu gara halako parranda-giroaren zergatiaz…
Bagoaz aurrera!
Goizeko bostetarako udaletxe aurrean argazkiak ateratzeko prest gaude. Handik igarotzen diren festa zaleek harrituta begiratzen digute, geu ere parrandaren parte bagina bezala. “ ¿Estais de despedida? Joder, que buena!” dio batek. Gu, berriz, barreari eutsi ezinik. Argazkiak ateratzen amaitzen ari ginela kantuan ozen datozen peña bateko kideak hurbildu zaizkigu. Ikurriña eta guzti zebiltzan parrandan. Beraiek argitu digute ostirala izanik ere hainbeste jende zergatik zebilen parrandan. Abesti ezagunak dioen moduan: 1 de enero, 2 de febrero, 3 de marzo… Eta noski, gaur 6 de junio!! Eskailera famatu horren azken aurreko koska! Eta koska bakoitzean egin ohi duten moduan Iruñeko peñek afariak izan dituzte, eta gaur ostirala dela kontuan izanda eta halako gau giroa ikusita… Normala halako jendetza egotea. Peña bateko kideek beraiekin batera argazki pare bat ateratzeko eskatu digute. Gustura eman diegu baiezkoa, eta hor jarri zaizkigu ondoan euren kalimotxo, zurito eta konbinatuekin. Tragoxka bat edatera ere gonbidatu gaituzte, baina guk muzin egin behar izan diogu gonbidapenari. Eguraldi bikaina, jendetza kalean, festa giro aparta… Eta gu berriz… Horixe da txoria gari artean goseak egon beharra!!
Festa giroa atzean utzi eta goizeko 05:00etan puntuan atera gara Iruñetik. Gaurko parranda egarria asetzeko aukera izango dugu bai hemendik hilabetera San Ferminetako astean!
Lehen kilometroak oraindik ilunpean eta bizikletako argiak piztuta egin ditugu. Iruñeko ingurabidean ez dago trafiko handirik, eta behin Egues alderako errepidea hartuta are gutxiago. Zuzen handiak daude eta zorua primerakoa da. Elkarri txandak emanez goaz uneoro gogor jotzen gaituen haizeari aurre eginez. Batzuetan aurpegiz jotzen gaitu, eta saihetsetik bestetan, beraz, ez digu batere laguntzen eta aurkari gaiztoa bihur dakiguke kilometroak eta orduak aurrera igaro ahala. Dena den, burua helduleku parera jaitsi eta gogotsu jarraitzen dugu elkarri txandak ematen. Burua makurtuta baina ez burumakur!!
Irunberrin bidegurutzean ezkerretara hartu eta Nabaskoitze aldera jo dugu. Isoko maldetan gora haize bolada indartsuek asko zaildu digute igoera, baina badakigu behin mendi inguruetara hurbilduta haizeak gutxiago erasango digula. Horrela bada, Nabaskoitze atzean utzi eta Otsagabia aldera jarraitu dugu. Errepideak goranzko joera dauka uneoro, baina dagoeneko haizearen indarra gutxiago nabari dugu.
Otsagabiara azkar iritsi gara, ipinitako ordua baino ia ordubete lehenago. Hori dela eta, herriko ostatu batean geldialditxoa egiteko aprobetxatu dugu. Zerbait jan, maillot luzeak kendu, eguzkitarako babes-krema eman, eta gogotsu ekin diogu ibilbideko zailtasun handienari, hots, Larraiñeko mendateari. Mendate hasieran Orbea Pax Avant zikloturista martxako azken partaideekin bat egin dugu. Beraz, badaukagu igoera egiteko konpainia eta entretenimendua. Pixkanaka pixkanaka jendea aurreratuz goaz, eta pedalkadaz pedalkada gaina harrapatzeko gero eta gutxiago falta zaigu.
Gainera iritsi ondoren argazki pare bat atera eta lehenbailehen jaitsierari ekin diogu. Errepidea oso sigi-sagatsua da, eta horri aldapa handia dagoela gehitzen badiogu, kontu handiz hartu beharreko jaitsiera da. Gainera, zikloturista martxako partaide pila bat dago bide bazterrean gurpil zulaketen erruz, lehenaz gain arriskua handituz. Larraiñe herrian Tala sartu da atzetik bizkartzain lana eginez datorkigun autoan. Bera izango da Iparraldeko zatian errepideetako gure gida nagusia, baita argazkilaririk onena ere. Erritmo oso onean goazenez gero eta aurrerapen handiagoa pilatzen ari gara, eta ondorioz, Atharratzen 45 minutuko geldialdia egin behar izan dugu, osterantzean Maulera ordu eta laurden lehenago iritsiko baikinen. Ostatu bateko terrazan lasai ederrean ia ordubete egin ostean berriro ekin diogu martxari.
Horrela bai!!
Oraindik ere denboraz sobera gabiltzanez Gotaine herrixkako elizan argazki pare bat ateratzeko geldialdia egin dugu. Egia esan, elizan ez zaigu guri ezer galdu, baina eraikuntza dotorea izaki, Talak aukera ona zela esan digu argazki dotoreak ateratzeko.
Argazkien ondoren berriz ere abian jarri gara. Ibilbidea oso laua da eta konturatu orduko Maulera iritsi gara. Udaletxe aurrean bertako Michel Etchebest auzapezak eta Beñat Elkegaray zinegotziak sinatu digute ploterra. Argazki batzuk atera eta berriro pedalei eragitera.
Mauleko auzapeza eta zinegotziarekin
Mauletik irten bezain azkar Urdiñarben egin dugu beste geldialditxo bat. Bertan musika astea ospatzen ari zirela aitzakiatzat hartuta bertatik sartu-irtena egin dugu. Giro ederra zegoen herrixkan. Txosna koxkor baten inguruan gazte koadrila handi bat dago garagardoak eskuan eta kantu batean. Gu ikustean ondora hurbildu eta euren edarietatik trago bana edatera animatu gaituzte, baina oraingo honetan ere muzin egin behar izan diogu gonbidapenari. Demontre! Lehenik Errotxapean, gero Iruñeko plazan, orain hemen… Tentazioa ugari!! Nahita ere… Ezina beti aker, zuzen ez denean oker! Txosna ondoan irratsaio bat ari ziren zuzenean emititzen, eta gure asmoen berri jakin dutenean elkarrizketa zuzenean egitera etorri zaizkigu. Primeran moldatu da Iban! Ezin hobeto toreatu du “zezena”.
Ibani irratirako zuzeneko elkarrizketa egiten
Elkarrizketa ondoren denbora gehiago galdu gabe abiatu gara Oxkaxeko maldetan gora. Eguerdiko 12:30ak dira eta eguzkiak gogor jotzen du, baina kilometro batzuk egin ostean ibilbideko bigarren hiriburura gustura iritsi gara, hau da, Donibane Garazira. Bertan Xabi Larre eta Isabelle Henry zinegotziek sinatu dute ploterra.
Berriro argazki batzuk atera eta Bidarraira abiatu gara, bertan egingo baitugu geldialdia bazkari legea egiteko. Ibilbidea oso gorabeheratsua da. Ez dago aldapa luze eta pikorik, baina maldatxo laburrak sarri sarri igotzeak gure zangoak majo zigortzen ditu. Gainera, bero itoa dago, 34 gradu, eta hori gure indarrak nahi baino azkarrago xahutzen ari da. Asto zaharrak indarra urri; indarra urri eta putza sarri! Guk atzetik putzik ez, baina puzka eta “suspiro” ugari! Asko izerditu dugu eta dagoeneko ur freskoa edateko egarriz gaude. Zerri goseak ezkurra amets, bada, gu ere ur freskoaren ametsetan goaz Bidarraiko ibai bazterreko zuhaizpera. Zuhaizpean bertan gugandik metro gutxira gazte koadrila ederra dago festa giroan. Kasualitatea! Koadrilako lagun baten “despedida” egiten ari dira, eta garagardo eta konbinatu sorta ederra daukate mahaian! Hemen ere festa usaina nonahi!! Itzaletan eseri, egarria ase eta bazkaldu.
“Hementxe gaude ederki!” esan diogu elkarri. Gu baino hobeto dagoena… Egia esan, bazkaldu ostean itzalpetik ateratzeak nagitasun handi samarra eman digu, baina jarraitu beharra dago, erabakitzeko eskubidea lortzeko gogor jarraitu behar den moduan.
Arratsaldea aurrera doan heinean eta kostaldera inguratu ahala beroa apalduz joan da eta brisa pixka bat nabaritzen hasi gara. Ez dago gaizki! Horrela bada, nahiko eroso egin ditugu Baionara bitarteko kilometroak. Baionan arazo gehiegirik gabe sartu ahal izan gara udaletxe aurreraino. Oraingo honetan Jean-Claude Iriart zinegotzia izan da ploterra sinatu duena. Ohikoa bihurtu zaigun erritua jarraituz argazki gehiago atera eta Donostiara bidean jarri gara. Baina oraingo honetan ibilbidea egiten lagunduko diguten boluntarioak ditugu, izan ere, Beloki trikitilaria eta bere bi lagun batu zaizkigu Baionan.
Baionako zinegotzia eta gure “gregarioak”
Primeran joan gara Behobiaraino beraiek jarritako erritmoan berriketa pixka bat eginez. Behin Behobiara iritsita, Tala gure gida-argazkilaria eta lagundu gaituen hirukotea agurtu ostean Donostiarako bidea jarraitu dugu. Eskerrik asko benetan lauroi!!
Donostiarako bidea oso animatuta egin dugu. Hemendik aurrerako errepideak oso ezagunak zaizkigu eta ilunabarrarekin batera giroa ere freskoagoa da. Pasaian Jon Antxia batu zaigu bizikletaz konpainia egitera, eta berarekin egin ditugu Donostiako Bulebarrean sartu arteko kilometroak. Mila esker zuri ere Jon! Larunbat arratsaldeko 19:00ak izaki, jendez beteta dago Bulebarra. Gainera, monarkiaren aurkako manifestazioa ere ordu honetarakoxe dago deituta, eta hor ere jendetza handia ikus daiteke. Hain zuzen, monarkia kanporatzeak ere gure esku egon behar luke justifikaziorik gabeko inposaketarekin amaituz. Alderdi Ederren udaletxe aurrean Axier Jaka eta Naiara Sanpedro zinegotziek sinatu digute ploterra. Argazkiak atera eta kafetegi batera sartu gara zerbait hartzera.
Bistakoa da jendeak harridura aurpegiz begiratzen gaituela. Halako batean, adinean aurrera doan emakume batek zera galdetu dit: “¿Estáis haciendo alguna carrera?” Nik ezetz erantzun diot, gu egiten ari garenak ez duela lasterketa batekin inolako zerikusirik. “¿Vais a participar en esa famosa carrera de Jaca?” hurrengo galdera. Okerrak oker garbi dago Quebrantahuesos probari buruz ari zitzaidala galdezka. Oraingoan ere ezetz esan diot, gauza oso desberdinak direla brevet edo distantzia luzeko martxak eta zikloturista martxak (ziklodeportiboak). Abiatu beharrean gaude eta ezin hasiko natzaio emakumeari bi proba horien arteko desberdintasunak azaltzen, luze joko bailidake. Gainera, txirrindularitza ezagutzen ez duen edozeinek denak lasterketatzat jotzen ditu. Azken batean, oiloa eta oilanda, kaletarrentzat denak purra-purra!
Donostiatik bizi-bizi atera gara. Arratsaldeko 20:00ak pasatxo dira eta gure kalkuluen arabera afaria Elgoibarren egingo dugu gaueko 22:30ak inguruan. Hiriburuko kaleak pasatu eta N1 errepide arriskutsua atzean utzi ondoren Usurbil alderantz hartu dugu. Errepidea laua da eta erritmo onean goaz, eroso. Orioko koskatxoa igo, Zarautzera jaitsi eta jarraian Getarian geldialdi labur-labur bat egin dugu bizikletei argiak jarri eta txaleko islatzaileak janzteko. Hortik Zumaiarako bidea gozatuz egin dugu. Eguzkia itsasoan sartzen ari da, eta horrek uretan egiten duen isla benetan ikusgarria da. Hori dela eta, argazki ederrak ateratzeko aukera izan dugu.
Ilunabar zoragarria
Itziarko gaina harrapatzearekin batera ilundu digu egunak. Jaitsiera egiteko argiak piztu eta arazorik gabe egin ahal izan dugu Debarako bidea. Eta behin Deba igarota, ibilbide laua Elgoibarko gure “anoa-postura”. Animatuta egin ditugu kilometro horiek, ondoren afariaren “saria” izango dugula jakitun. Egia esan, gaueko 22:30ak dira, eta , jada, gorputzak afari ondratua egiteko beharra dauka.
Elgoibarren Usatorre jatetxe aurrean egin dugu geldialdia. Puntu honetan Pepe ere etxerantz joango da lo egin eta ondo merezitako atsedena hartzera, eta bere ordez ESAITeko beste kidea den Egoitz etorri da Peperi erreleboa ematera. Beraz, hemendik Agurainera bera izango dugu auto gidari. Beraz, ESAITeko Egoitz eta hasiera hasieratik fin-fin edozertan laguntzen ari zaigun Oiñatz izango ditugu hemendik Agurain arteko zatian gure gidari. Dena den, Elgoibarren “fitxaje” benetan ona egin dugu. Alasne Urkiaga da, primerako zikloturista eta are pertsona hobea. Berak egingo digu gau osoan konpainia.
Afaltzen ari garela, nire koadrilako Andoni ere gerturatu zaigu animoak eman eta argazki batzuk ateratzera. Bejondeiala hiri ere!! Horrelako bisita eta laguntzek moralez gainezka jarri gaituzte, eta gogo biziz ekin diogu Bilborako bideari. Ibilbideari dagokionez, hasieran izango ditugu zailtasunik handienak, baina ez dira apartekoak izango, nahiz eta dagoeneko kilometro eta ordu asko daramatzagun bizikleta gainean. Aipatu zailtasunak Eibarko saihesbidea eta Areitioko gaina izango dira, baina behin horiek igarota Bilborainoko bidea erabat laua izango dugunez, ez gaituzte askorik kezkatzen. Gainera, afaldu berriak ere bagara eta aitzakia gutxi!
Solasaldian eta kontu-kontari egin ditugu Bilborako kilometroak. Gau giro aparta dago bizikletaz ibiltzeko; zerua garbi eta tenperatura atsegina. Goizeko 02:15ak dira, eta Bilborako sarrera batere arazorik gabe egin ahal izan dugu. Ordu hauetan ia ez dabil trafikorik sarrera-irteeretan, eta horrek asko erraztu digu ibilera. Behin Arriaga antzokiaren parera iritsita, ESAITeko Jon Petitek sinatu digu ploterra. Argazki batzuk atera eta parrandan zebiltzan beste koadrila batzuk agurtu ostean abian berriro Gasteiz aldera.
Gogorra egin zaigu Bilboko irteera. Aldapatxo laburrak baina oso tenteak igo behar izan ditugu, eta horrek min egin die gure zango nekatuei. Beraz, Areetatik Altubeko mendatea hasi arteko kilometroak lasai hartu ditugu. Errepideak etengabe gora eta gora egiten du, eta horrek asko moteldu eta zaildu digu ibilera. Hori gutxi balitz, erreka zulo baten ondotik goazenez hotza barruraino sartzen ari zaigu, eta egun guztian zehar bero kontuak izan ostean goizaldeko ordu hauetan eta paraje hozpel honetan erabat hozten ari gara. Hori dela eta, Altubeko lehen maldetan geldialdia egin behar izan dugu arropa janzteko. Eskularru luzeak, maillot luzea, pernera luzeak… Badaezpada arropa ugari jantzi dugu, batez ere, Altubeko gainetik Gasteizera dena beherantz izango dugula kontuan hartuta, han guztiaren premia izango baitugu. Berriro martxan jarri ondoren beste epeltasun sentsazio bat nabari dugu.
Altubeko azken malda pikoetan pixka bat sufritu ondoren beheranzko bideari ekin diogu. Egia esan, ez dago jaitsiera dei dezakegun zatirik, baina ibilbideak beti behera egiten du nabarmen, eta hori ere majo eskertzen da! Horrela bada, nahiko arin iritsi gara Gasteizera.
Gasteizen ere asteburu guztiko joerari jarraituz parranda giroa nabari daiteke. Ama Zuriaren enparantzan koadrila ugari ikus daitezke parranda egin ostean etxerako bidean. Izan ere, dagoeneko goizaldeko 06: 10 dira eta eguna zabaldu da, eta horrek ere beste bizitasun bat eman digu. Gasteizen Kike Fernandez de Pinedo EHBilduko zinegotziak sinatu digu ploterra, eta ohitura onak ez galtzeko argazkia ere atera dugu.
Bizikletako argiak eta txaleko islatzailea kendu ondoren mokadutxoa egin dugu. Denboraz ederki gabiltza, aurreikusitakoa zintzo betez, eta horrelaxe abiatu gara Agurainerantz. Irteeran kontu handiz ibili gara lurrean zeuden edalontzi eta botila hautsien kristalek ez zitzaten gure gurpilak zulatu. Arazorik gabe pasatu dugu “minatutako” eremua eta gogotsu goaz Gasteizetik Agurainerako zuzen luzeetan. Eguzkiak oraindik ez dauka indar handirik, baina gustura hartzen dira bere printzak. Hemendik Agurainerako bideak ez dauka aparteko zailtasunik, aipatu zuzen luzeetan noizean behin aldapatxo laburren bat bakarrik tartekatzen baita. Modu horretan, eta Agurainen gosaltzeko geldialdia egingo genuela jakitun, animatuta iritsi gara. Agurainen Martxel eta Pepe batu zaizkigu berriro lo egin eta atseden hartu ostean. Elgoibartik gidari izan dugun Egoitz, ostera, atseden hartzera joango da etxera. Eskerrik asko Egoitz!!
Agurainen zabalik dagoen kafetegi bakarrean patxada ederrean gosaldu eta azken txanpari ekiteko prestatu gara. Eguzki printzak dagoeneko ez dira hain “faltsuak”, eta epeltasun pixka bat ematen dutenez gero, arropa pixka bat kentzeko parada eman digu. Behin arropa kenduta pozik abiatu gara Etxarri aldera. Ibilbideak ez dauka hemendik Iruñeraino ere aipatzeko moduko zailtasunik, hau da, ibilbide laua eta noizean behin aldapatxo koxkorren bat. Horiek ere ongi etorriko zaizkigu, hankak zertxobait luzatu eta ipurdiko mina arintzeko bada ere. Autobidean dagoeneko autobus andana ikus daiteke Sakana alderako norabidean, eta norabide horretantxe goaz gu ere. Goizeko 09:40 aldera iritsi gara Etxarrira. A zer nolako giroa dagoen hemen! Nafarroa Oiñez ospatzen ari direla dirudi hainbeste jende, txosna, postu eta abarrekin. Etxarritik 10:00ak aldera irten gara Iruñerako bidaiaren azken zatia egiteko. Zoritxarrez, gaua argitu digun izarrak etxerako bidea hartu beharra dauka, orduak aurrera baitoazkio. Hori dela eta, Alasne penaz agurtu dugu, baina, tira, aurrera segi beharra dago helmuga gertu dugu-eta! Eskerrik asko Alasne!! Hori da sasoia!
Hurrengo batean ibilbide osoa egitera!!
Lakuntzatik aurrera errepidean jende ugari aurkitzen hasi gara. Jendea pixkanaka pixkanaka giza-katea osatzeko lanetan dabil, eta une batzuetan kosta egiten zaigu errepidean aurrera jarraitzea jendez mukuru beteta baitago. Batzuek ezagutu gaituzte eta oihuka hasi zaizkigu, eta beste batzuek, nahiz eta ez ezagutu, animoak ematen dizkigute. Nola eskertzen diren horrelako animo oihuak!! Kilometroek eta minutuek aurrera egin ahala katea ari da forma hartzen, eta benetako zirrara eragiten du horrelako jende ilara errepide bazterrean ikusteak. Bagoaz aurrera!
Behin Irurtzunera iritsita azken aldapatxoa igotzea falta zaigu, hau da, Irurtzundik Aizkorbera doan muiñoa. Kilometro pasatxoko igoera da, ez oso gogorra, baina ia 600 kilometro daramatzagunez garbi dago hanketako hotzak kenduko dizkigula. Hala ere, ogi gogorrari hagin zorrotza, eta guk ,behintzat, gustura egingo diogu hozkada, bai horixe! Izan ere, Irurtzun inguruetan Irun inguruko jendea dago katea osatzen, eta ia guztiek Iban ezagutzen dutenez ez dugu animo eta oihu faltarik.
Horrek guztiak eta dagoeneko helmuga usaintzen egoteak aldapatxoa aidean igoarazi digute. Une hauetan ez daukagu ez nekerik, ez hanketako minik, sentsazio eta sentipen zoragarriak baizik. Orain errazago ulertzen dira txirrindulariek Frantziako tourra eta antzeko lasterketetan jendearen animoek eragiten dien zirrara azaltzen saiatzen direnean egiten dituzten adierazpenak. Izan ere, guk sentipen bera izan dugu une horietan. Aldapatxoa igo ostean jaitsiera ere azkar egin dugu, eta dagoeneko hamar kilometro eskas falta zaizkigu Antoniuti plazako helmugara iristeko.
Azken hamar kilometroak gozatuz egin ditugu nekeaz konturatu ere egin gabe. Berriozartik pasa ondoren Iruñeko kaleetan barrena egin ditugu hondarreko 3 kilometroak. Azken maldatxoa igo, eskuinera hartu eta hamabietako kanpaiak jotzen ari ziren unean bertan sartu gara Antoniuti plazan. Aurrez egindako ordutegi kalkulu guztiak ezin genituen zehatzago bete! Puntualitate ingelesa? Edo puntualitate suitzarra? Puntualitate euskalduna!!! Eta kitto!! Esaera batek dio puntualitatea gogoko izateak bakarti bihurtzen gaituela, baina demontre! Ez horratik kasu honetan!
Sekulako jendetza eta giroa daude plazan. Batzuk saltoka, besteak giza katea batera eta bestera mugituz, txarangak, ttuntturroak, salmenta postuak… Hau gozamena!!
Plazan bertan ploterrean amaierako sinadura Pedro Larunbe Gure Esku dagoko arduradunak egin du. Azken argazkiak atera eta talde guztiak emozioz betetako besarkada eman diogu elkarri. Asteburu gogorra izan da denontzat urduritasuna, lo falta, nekea eta abar jasan behar izan ditugulako, baina oso garbi daukagu Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen alde hori guztia eta askoz egoera okerragoak jasateko prest gaudela. Izan ere, erabakitzeko eskubidea Gure esku dago! Euskal Selekzioa ere gure esku dago! Eta Euskal Herriaren independentzia ere Gure esku dago!!
“zuek dituzue potroak”, “galanta egin duzue!”, “bejondeizuela!”, “ez zarete makalak!”, “zorionak!”.
Konparatu kronikaren hasieran aipatutako esaldiak azken hauekin. Zinez diot bai hasierako esaldiak, bai amaierako esaldi horiek jende berberak esandakoak direla. 600 kilometro egin ostean, 31 ordu beranduago, 100.000 laguneko giza katea eta gero, asteburu historiko bat eta gero…
Gure moduko bi katakumek inguruko jendearen ikuspuntua zertxobait aldatzea lortu badugu, milaka eta milaka euskaldunek nola ez dugu, bada, eskubidea ukatzen diguten gobernu eta emparauengan eragiterik izango?
Izan ere, ERABAKITZEKO ESKUBIDEA GURE ESKU DAGO!! EUSKAL HERRIAREN ETORKIZUNA EUSKAL HERRITARRON ESKU DAGO!!
Ploterra sinadura guztiak bilduta