2010/08/27

2KV COLLARADA 2XKB DATUAK - DOBLE KM VERTICAL







 
Collarada tontorrean korrika, 3h15´tan igo nuen aurreko saio batean. Jon Bikendik 2h00´tan du igota!!!

Jexus Iturria, Carrion, Gabi eta Ander La Trapako aterpetik gora dagoen kanalean sartzeko prest.

COLLARADAKO DATUAK ( Jon Bikendi )

Sorpresa handia hartu dut datu hauekin. Azkenean igoera uste baino dexentez laburragoa dela dirudi. Behin eta berriz aritu naiz altuera eta distantzien perfilak eta datuak aztertzen, eta igoeraren luzerak guztira 8,6 km ematen dizkit. Orain arte oso esaktoak izan dira beti gps honen datuak, baina nahiko motza iruditu zait oraingo datua. Guztiz ziur egoteko agian beste igoeraren bat egin beharko litzateke, baina igoera eta jeitsieraren datuek kointziditu egiten dute luzerari dagokionez (galdutako zatiaren tramoa kendu egin dut). Desnibelak ere fidagarria ematen du, beraz, ez dirudi gps-ak tarteren batean funtzionatzeari utzi zionik (eta horregatik distantzia laburragoa markatu).

Informazio bulegotik La trapara 4,7 km
La Trapatik zelai hasierara, hau da, kanalilloa bukatzen den lekura 0,7 km
Zelai hasiera horretatik tontorrera 3,2 km

Ascenso total: 2019 m
Descenso total: 87 m

Guztira: 8,6km

Datu horiek zerbait alda daitezke ibilbidea guztiz zuzen eta zelaitik azken kanal sarrera harritsura biderik motzena egin ezkero. Ziur aski distantzia oraindik eta laburragoa aterako litzateke, zeren nik ez nuen bidea ezagutzen eta ziur asko zelaian eta azken zati harritsuan metro batzuk gehiago egingo nituen. Baina ea igoera ongi ezagutzen duen jendeak zer esaten duen distantziari dagokionez. Eladiok 10km pasa esaten zuen, eta hortik 8,6ra badago bai aldea.

Aupa lasterkariak!

Collarada 2xKB mendi lasterketa nahiko modu informalean antolatuko dugu aurten, baina egingo dugu. Beraz izen ematea nahi duenak " comentarios " atalean ( behean dagoena ) eman dezake. Horrela, zenbat mendizale gerturatuko garen jakin ahal izateko, eta behar den generoa hobeto prestatu ahal izateko. Izen ematea doan da. Agur bero bat denoi eta animo!

Fitxa teknikoa:
-Froga: Collarada 2xKB
-Irteera tokia: Turismo bulegoaren ondoan ( Villanua - Huesca )
-Luzera: 8,6 km
-Desnibel +: 2016 m
-Data / ordua: 2010-09-11 / 11:00?
-Antolatzailea: 2KV VILLANUA

2010/08/21

COLLARADA 2X2 KM BERTIKALA - COLLARADA DOBLE KM VERTICAL


Collarada ( 2886 m ) Villanuatik ( 956 m ).

Collarada 2xKB

Villanua-tik ( 956 m ) Collarada-ra ( 2886 m ) 2xKB ( km bertikal bikoitza ) egiteko asmoa aurrera doa. Alkatearekin hitzegin ostean, bazirudien gaia nahiko berdea zegoela, baina egun hauetan Eladiorekin hitz egin det ( La Trapara-ra mendizaleak kotxez igotzen diharduen ), eta egingo dela aipatu dit: igo eta jeitsi bere esanetan. 10 km pasatxoan Pirineotako desnibel handiena duen jarduna dela aipatu dit. Bere telefonoa hartu eta kontaktuan egongo garela esan diogu elkarri.

Fitxa teknikoa:
Data: 2010-09-11, konfirmatzeke!!!
Luzera: 10 km pasatxoko igoera eta 22 bat km-ko joan etorria.
Desnibel +: 1930 m, desnibel metatua 3900 m.
Denbora igoeran: +/- 2h 30´.
Informazio gehiago: 665 70 38 20 ( Edu ).


Collaradako igoera Villanuatik 2 ordutan burutu zuen Jon bIkendik ( 2010-08-21 ), bidea ezagutu gabe. Villanua herritik, turismo bulegotik, PR-1 delako bideak La Trapa aldera eramaten gaitu. Marka hauek horiak eta zuriak dira, eta ez dago galtzerik. Gero, la Trapatik gora kanal bat igo behar da eta handik gora zelai batetik jadanik tontorra gure aurrean dugu.

UTMB 2010 - prestaketak aurrera darrai!

MONTE PERDIDO 3355 m - 2010-08-11 eta 20

Monte Perdido ( 3355 m ) tontorrean Jon Bikendi-rekin batera.

UTMB 2010 – Prestaketak aurrera darrai!
Abuztuaren 27-28-29an Ultra Trail du Mont Blanc mendi lasterketan parte hartu behar dugunez, abuztuan beste mendi lasterketekin konparatuz prestaketa berezia egin dugu.
Hasteko altueran egon gara azkenengo 3 asteak, Villanua herrian ( 956 m ) hain zuzen ere.
Villanuatik inguruko mendiak igo ditugu 2-3 eguneko atseden egunekin. Tarte horietan 1 h-ko korrikalditxoekin tartekatu ditugu, El Juncaral izeneko basoan barna Villanua herrian bertan.
Abuztuko lehen 3 astetan igotako mendiak:
2010-08-04: Collarada 2886 m – Villanua ( 956 m ) herritik 2000 m d+.
2010-08-07: La Moleta 2578 m – Canfrac ( 1041 m ) herritik 1500 m d+.
2010-08-09: Collarada 2886 m – Villanua ( 956 m ) herritik 2000 m d+.
2010-08-11: Monte Perdido 3355 m – Torla ( 1025 m ) herritik 2325 m d+.
2010-08-14: Gran Facha 3005 m – La Sarra ( 1200 m ) urtegitik 1800 m d+.
2010-08-20: Monte Perdido 3355 m – Torla ( 1025 m ) herritik 2325 m d+.


Monte Perdido ( 3355 m ) tontorra Lago heldo-tik ( 2900 m ).

MONTE PERDIDO-ko kronika:
01:56, Torlako aparkalekua ( 1025 m ). Villanuatik kotxez 1 h gidatu ondoren, Torlara iritsi naiz. Gaua da eta ez dut lorik egin. Gaur Monte Perdidora igotzeko asmoa det. Asier Arrietak komentau zidan beraiek Ordesako zelaitik ( "la pradera " ) 5h 15´tan igo zutela, Toralatik goizeko 06:00tako bus-a hartu ostean. Erreferentzia horrekin, eta bus-a alde batera utziaz motxila hartu eta Torlatik Cubietoko bidea hartzera abiatu naiz. Aparkalekutik tunelera zuzendu eta hostal bat pasatu ondoren eskumatara jo det. 30 bat metro jeitsi ostean Arazas erreka zubi batetik igaro det ( 995 m ).
02:05, Arazas ibaia ( 995 m ). Cubietoko bideak Ordesako zelaira eramango gaitu. Frontala buruan ipini eta txamarra jantzi det, 14º daude eta fresko egiten du. Laster berotuko naiz eta berriro motxilan gorde det. Bidea zabala eta laua da hasieran. Kartel ugari daude, nabari da parke nazional batean gaudela, turistak galdu ez daitezen bideska guztiak ondo adierazita daude. Iluntasunean bide gurutze guztietan bide egokia aukeratzeko laguntzen nau horrek. Gainera GR-11rekin laster bat egin det, Puente de los Navarros aldean, eta lasai nihoa basoan barrena. Bideska estutu egiten da eta urjauzien zaratek izadiaren handitasuna sentiarazten naute.
03:30, La Pradera ( 1250 m ). Ordesako aterpetxea Arazas errekaren ezkerraldean gelditzen da eta oiko bidearekin aurrerago bat egiten det. Ordesa ikusgarria da, eta naiz eta iluntasunean ezin ezer ikusi, animali batzuren begien disdira nabari izan det. Bidean zehar Ordesara eginiko lehenengo irteera ( 1998 ) etorrri zait burura, jada 22 urte pasatu dira. Orduan bus-ez eta dedos iritsi ginen. Lagun talde ederra osatzen genuen; Mikel, Asier, Jon eta laurok. Bizipen ugari ordutik; Pirineotako zeharkaldiaren ( GR-11, 1994 ) ostean Sukusu eta Sanz-ekin eginiko igoera ( 1990 ) ere gogoratu det, ondoren Mirenekin beste bi alditan etorri naiz honuntza ( 1999, eta 2001 GR-11 berriro ). Aspaldiko garaietan murgildurik goi lautadara iritsi naiz. Ur jauzi handiak atzean utzita 4 barrita jateari eman diot, oinez jarraitzen dudan bitartean. Une oro adi nihoa, eta gaurko ekitaldiak luze joko duenez jana eta edana ondo zaindu behar da. Orain arte eginiko ultra trailetatik asko ikasi det, eta elikadura gero eta hobeto kontrolatzen det.
5:30, Cola de Caballo ( 1800 m ). Clavijas de Cotatuerotik iluntasunean igarotzeak adi joatea eskatzen dit. Makilak batu eta motxilan lotu ostean kateari eutsi diot. Paso hau igaro ondoren, Goriz-eko aterperuntz abiatu naiz. Orain arte ez det inor ikusi bidean, eta nahiko harriturik nago, naiz eta gaba izan, beti dabil mendizaleren bat Ordesa aldean eta bakarrik joatea experia ederra da.
6:10, Goriz-eko aterpea ( 2200 m ). Lehen mendizaleekin topo egin det. Frontala itzali eta goruntza jarraitu det. Aterpetik eskumatara egitean, inguruan akanpaturik dauden mendizaleak iratzartzen antzeman ditut. Gorago bi oñatairrekin bat egin det, aita semeak dira. Semeak, Jonek, 13 urte besterik ez ditu. Animo txapeldunak! Garaiera somatzen hasi naiz, eta bertara egokitzeko neurriak hartzen ari naiz; ura edan eta txixa egin behin eta berriro.Txixaren kolorea marroizka irten da, deshidratazioaren lehen zantzuak dira, uraren bidoitik tragoak edateari ez badiot usten ere.
7:34, Lago helado ( 2900 m ). Hona iritsi aurretik bi mendizale talderekin egin det topo, azkenak txekiarrak ziren, eta lasai giroan zihoazen. Daramadan erritmoa ona da, eta ez det beste mendizalerik ikusten bidean. Eguna ezin hobea da, tenperatu 10ºkoa izango da, kamiseta batekin noa, eta tontorrera begiratzean elurtegi bat bakarrik ikusi det. Arrietak esan bezala, ez da behar granpoirik. Elurtegia saiesteko haitzetik gora abiatu naiz, eta harriz josiriko azkenengo malda igaro ondoren bideoa martxan jarri det.
8:03, Monte Perdido-ko tontorra ( 3355 m ). Igoera 6 ordutan egin det. Nabari da Mont Blanc-eko ultra trailera ( UTMB ) begira daramadan prestakuntzak bere eragina duela. Sasoiz aurkitzen naiz, eta mendiaz gozatzen. Tontorrean platano bat irentsi ostean, eta argazkiak etara ostean beruntza egin det ( 8:20 ).
8:30, harrizko kanala ( 3300 m ). Beherako bidean ezkerreko belauneko babesa jantzi det. Belaunak ondo ditut, baina 2400 m-ko jeitsiera det aurretik eta zaindu beharra dago.
9:40, Goriz-eko aterpea ( 2200 m ). Bertako iturritik bi bidoiak urez bete ditut flectomin hautsez indartuz. Beheruntz jarraitu det eta Clavijetara 30´tan iritsi naiz. Lasai noa, belaunak zainduz, argazkiak eta bideoak etaratzen.
10:30, Cola de Caballo ( 1800 m ). Hemendik aurrera korrikalditxo bat egiteko parada izan det. Javier izeneko aragoiar batekin elkartu naiz eta " la pradera "-ra berarekin joan naiz.
12:05, La Pradera ( 1250 m ). Javierrek ingurne hauek oso ondo ezagutzen ditu, 30 urtetan urtero hurbildu bait da paraje ikusgarri hauetara. Umeekin zeintzu ibilbide egin daitezkeen aipatu dizkit eta belauneko tendoiak zaintzeko medikamentu baten berri eman ere: Condresur. Javier garagardo batzuk hartzera geldituko da La Praderako aterpetxean, gero bus-ez Torla-ra jeisteko. Javieeretaz agurtu ondoren, Cubieto-ko bidearekin bat egin det eta herriruntz abiatu naiz.
13:33, Torlako aparkalekua ( 1025 m ). Jeitsiera 5h 13´tan egin det. Guztira 11h 37´izan dira. UTMB-rako prestakuntza ondo bidean doa. Hurrengo arte!
Edu Uribe

MONTE PERDIDO 3355 m – 2010-08-20
Igoera:
03:50, Torla, 1025 m, Bus-en aparkalekua. 0 km
04:05, La Pradera, 1250 m, 7 km
06:10, Cola de Caballo 1800 m. 19 km
07:00, Goriz-eko aterpea 2160 m. 20,5 km
08:10, Lago helado 2900 m. 22,1 km
8:40, Monte Perdido tontorra 3355 m. 23,1 km
Jeitsiera:
8:50, Monte Perdido tontorra 3355 m. 0 km
9:10, Lago helado 2900 m, 1 km.
10:00, Goriz-eko aterpea 2160 m 2,5 km
11:00, Cola de caballo 1800 m. 4 km
12:30, La Pradera 1250 m. 16 km
13:45, Torla 1025 m, Bus-en aparkalekua. 23,1 km
Joan etorria: 9h 50´tan, distantzia guztira 46,2 km.
Jon Bikendi eta Edu Uribe.



GRAN FACHA 3005 m - 2010-08-14

Jexus Iturria Gran Facha ( 3005 m ) tontorretik bueltan.


Gran Facha ( 3005 m ) mendiko lepora iristen igaro beharreko ibona.

COLLARADA ( 2886 m ) - 2010-08-09


Collarada ( 2886 m ) tontorretik dagoen ikuspegia, ezkerretik hasita: La Nevera ( 2704 m ).


Lazkaotarrak eta Ibarrako Jexus Collarada ( 2886 m ) tontorrean: Gabi, Jexus, Carrion eta Ander.

LA MOLETA ( 2578 m ) - 2010-08-07

La Moleta ( 2578 m ) tontorretik dagoen ikuspegia: Ezkerretik hasita: Pala de Ip ( 2787 m ), La Moleta ekialdea ( 2660 m ).


Aitor Osoro eta Jexus Iturria La Moleta ( 2578 m ) tontorrean atsedena hartzen.

COLLARADA ( 2886 m ) - 2010-08-04

Collarada ( 2886 m ) tontorretik dagoen ikuspegia.
Ezkerretik hasita Campanales ( 2612 m ), Aspe ( 2666 m ) aldea, La Moleta ( 2578 m ).


Fran ( Jaca ) mendizaleak, Collaradako tontorrean vivac bat egin zuen. Aupa txapeldun!

COLLARADA 2xKB ( 2010-08-04 )
Goizeko 4:50etan Villanuatik La Trapa pistara doan errepidea furgonetan egin det eta depositora iristean bertan aparkatu det, asfaltoa bukatzen den tokian.
05:00, Villanua, La Trapa pistaren hasiera, 1000 m. Pista hau ondo ezagutzen det aurreko urteetan bertatik igo bait naiz; gainera PR-1 ibilbide markatuaren laguntza izango dugu La Trapa-ko aterperarte eta egro hemendik tontorrerarte. Beraz naiz eta iluntasunean joan lasai noa. Hain goiz joatearen arrazoiak bi dira: familiarekin gero eguerdi aldean egon ahal izateko eta goizeko freskotasuna aprobetxatu nahian, uda aldean bero handia egiten baitu. Ordu honetan dagoen tenperatura jadanik 22ºkoa da.
05:18, lehen bidegurutzea, 1100 m. La Trapako pistarekin behin eta berriz bat egingo dugu PR-1 ibibide markatua bidezidorretik doan bitartean.
05:30, Moscasecho, 1250 m.Bigarren bidegurutzea. Puntu hau oso garrantzitsua da, La Trapa-ko aterpera biek garamatzate; PR-1, eskuma aldetik dihoana, bide normala izendatuko dugu, mendizale gehienek erabiltzen dutena; PR-1.1 aldiz, motzagoa da, eta zuzen zuzen dihoa La Trapa-ko aterpera, gainera kuriosoa da bidean kotxe zahar bat baitago abandonaturik! Gaur, lasai joateko asmoa dudanez, eskumakoa hautatuko det.
6:28, La Trapa-ko aterpe, 1750 m. Jendea zegoen inguruan, " al raso " lo egin dutelarik. Hemendik kanal jakin bat igo behar da, ezkerretara dagoena. Puntu hau ere oso garrantzitsua da, kanala ez badugu ondo jarraitzen torreoi moduko harresi zabal bat izango dugu paprez pare, eta igaro ahal izateko aipaturiko pasoa klabea da. Kanalean sartzean ezkerretik jo behar dugu, gero erdi aldean eskukaruntz egiteko, erdian metro bat jeitsi behar dugularik.
06:50, goiko lautada, 2000 m. Jadanik kanala igaro ondoren, belardi batetik gora abiatuko gara. Hemendik aurrera Collaradaren tontorra une oro parez pare izango dugu.
07:45, tontorreko kanala, 2700 m. Harrixka ugari dago eremu honetan, eta hankek txirrits egiten dute bertan. Kontu handiz joan behar da eta piskanaka piskanaka pasientzia handiz goruntza.
08:00, tontorreko plakak, 2800 m. Collarada tontorra bertan dugu, baina aurretik haitz handiz osaturiko plaka batzuetatik igaro behar dugu. Eskuak erabiltzea gomendagarria da.
8:15, Collarada tontorra, 2886 m. Ikuspegi ezin hobea. eskumaruntz: Bisaurin ( 2660 m ), Aspe ( 2666 m ), urrutian Hiru erregeen Maila ( 2438 m ), Annie ( 2507 m ), aurrez aurre eta ezkerreuntz: Pala de Ip ( 2780 m ), Middi du Ossue ( 2884 m ), Balaitus ( 3141 m ), Gran Facha ( 3005 m ), Vignemale ( 3298 m ), Ordesa eta Pirineoko ekialdea. Orain jeistea falta da. Hurrengo arte,
Edu Uribe

Fuente del Paco 2010 (Villanua): Ivan Do Campo txapeldun!

 
 





Ivan Do Campo galiziarra, Fuente del Paco mendi lasterketako irabazlea. Orenseko lasterketari honek lehen proba zuen mendiko lasterketetan eta irabazteaz aparte errekorra egin du. 52:02 denborarekin!


I
Gustavo Cardeña, 1h 01:57 ( 18. postuan )
Jexus Iturria, Ibarrako tolosarra; 1h 09: 36 ( 48. postuan ).

Imanol garaizabal elgoibartarra, 1h 02:14 ( 19. postuan ) ( 173 dortsala )

Villanuan ( Huesca ) Fuente del Paco mendi lasterketa ospatu zen 2010eko abuztuaren 21ean.

Subida Fuente de Paco
Fitxa teknikoa:
-Luzera: 14 km.
-Desnibel +: 400 m.
-Ibilbidea: Villanua herrian zehar - Fuente del Paco - Pista de la Trapa - Villanua.
-Antolatzailea: El Juncaral

2010/08/03

BIDARRAIn Haritz Kortabarria txapeldun!


Jon Bikendi Bidarraiko mendi maratoia bukatu berri. Eskumako eskuan izotza jarrita du, lasterketan erorikoa izan baitzuen. Aupa txapeldun!


Bidarraiko mendi maratoian parte hartzaileak irtetzeko prest! goizeko 7etan! Animo txapeldunak!


Bidarraiko mendi maratoiko krokisa.


Fitxa teknikoa:

-Bidarraiko mendi maratoia- 2010-07-24an.
-Luzeera: 42,195 km.
-Desnibel +: 3100 m
-Irabazlea: Haritz Kortabarria arrasatearra, zorionak!


Jon Bikendi helmugara iristen; 5h02´tan, 6. postuan, eta hori eskumako eskua minduta izan zuela lasterketan erorikoa izan ostean! Zorionak txapeldun!

Hona hemen Jon Bikendik Bidarrain eginiko mendi lasterketaren inguruan bidali digun kronika. Mila esker Jon!

EUSKAL HERRIKO MENDI MARATOIA (BIDARRAI)

Goizeko 5:00ak. Gaurkoan ez nau iratzargailuak esnatu, telefono mugikorraren alarmak baizik. Furgonetako ohean lo egitearen beste desberdintasun bat. Arraro samarra egin zait mendi lasterketa baterako hain goiz jaiki behar izatea. Txirrindularitzan aritu nintzeneko garaiak gogorarazi dizkit horrek, garai hartan lasterketetara joateko oso goiz ibili beharra izaten baikenuen. Baina kontuak kontu, nik askoz nahiago dut edozein lasterketa goizean goiz egitea. Beraz, pereza handirik gabe jaiki naiz eta patxadaz gosaldu dut. Tenperatura freskoa dago eta dena ilun, eguna oraindik argitu gabe baitago. Gosaldu ostean, furgoneta pixka bat txukundu, luzaketa batzuk egin eta lasterketarako gauzak prestatu ditut. Batez ere oinek kezkatzen naute, urratuak eta babak lasterketa ia gehienetan izan baititut orain arte. Baselinaz ongi igurtzi eta esparadrapu mordoska batez punturik ahulenak estali ondoren, zapatilak eta arropa janztea izan da azken pausua. Erlojuari begiratu eta 6:30ak. Ordu laurden eskas geratzen zait pixka bat berotu eta irteerako kontrol gunera sartzeko (6:45). Beroketan fisikoki gorputzaren sentsazioak ohikoak dira, beste lasterketetan izan ditudanen antzekoak. Psikologikoki, ordea, gaurkoa beste gauza bat da.

Izan ere, lehen aldia da maratoi bat korritzera noala, eta nahi edo ez, horrek halako urduritasun eta “intriga” puntu bat sortarazten dit. 20-25 kilometroko lasterketak ongi joan dira, baina 42 kilometro… Gainera, lasterketa gogorra da Bidarraikoa, 3100 metroko desnibel positiboa baitauka. Eta lasterketa aurreko nire azken astea ez da prezisoki oso “modelikoa” izan. Ehunmilak probak iraun duen bitartean antolakuntzako kide gisa lo oso gutxi egin dut (ostiral goizetik igande gauera 6 ordu guztira) , eta tentsio, neke eta urduritasun ugari pilatu ere bai. Eta ondorengo egunetan pirinioetan frantziako tourra ikustea ere nahi genuenez, 3 egunez kanpingean izan naiz lo gutxi egin eta etxeko ohe gozoa ikutu gabe, horrez gain hotza nahiz etengabeko euria pairatuz. Ostegun gauean 4:00etan iritsi nintzen etxera, ostiralean 9:00 jaiki eta bazkal ostean Bidarraira. Horrek guztiak ematen dit halako kezka puntu bat. Kontuak kontu, neure martxa aurkitu eta proba amaitzea beste helbururik ez daukat. Beroketa ondoren kontrol gunea zeharkatu eta irteeraren zain geratu naiz. 7etako kanpaiekin batera eman zaio probari irteera.

Lehen bizpahiru kilometroak nahiko errazak dira, asfaltoan direlako eta gainera zati handi bat aldapa behera baitute. Ni neure erritmora noa, sarri-sarri pultsometroari begiratuz. Aurretik dozena bat laguneko taldea doa, baina ez naiz ausartu haien erritmoa jarraitzera, nahiz eta hain azkar ez doazen irudipena izan. Ez dut inoren erritmoan sartu nahi, neurera eta kito! Azkarrago joan banaiteke, etorriko da bai “pottoak” estutzeko nahikoa aldapa eta aukera!! Lehen igoera gustura egin dut. Mendi pistan gora lehenik eta aldapa handiko zelai batean gora geroago. Pultsometroari begiratuta nahikoa pultsazio altuak daramatzadala iruditzen zait (175-180 bitartean), baina ez noa batere behartuta eta 150 pultsaziotan banindoa bezala sentitzen naiz. Beraz, momentuz sentsazioei kasu egingo diet. Gero gerokoak! Igoera oso polita da, eta goizeko behe lainoaren azken arrastoak desagertzen ari dira. Gaina igaro eta 8. kilometroan jeisten hasi gara. Eguna zoragarria dago eta paisaiak ikusgarriak dira. Paisaiaren edertasunaz gozatuz zelaian behera noala bidezidorraren ertzarekin estropozu egin eta erori egin naiz. Erorketa “tonto” horietakoa izan da, baina erortzerakoan gorputzaren pisu guztia (ez da gehiegi, baina okerra egiteko nahikoa!!) eskubiko eskuaren gainean jarri dut, eta segituan nabaritu dut “krak” moduko zerbait. Zutik jarri eta min handia nabari dut eskumuturrean. Mugimendurik txikiena egiten hasi eta gorriak ikusten ditut. Beldur naiz hautsiren bat ez ote den izango. Hala balitz, eskumuturra hazi edota zorabioren bat izan beharko nukeela uste dut, eta hori gertatu arte aurrera jarraitzea pentsatu dut.

Kasualitatez, erori eta hurrengo 5-6 kilometroak dira ibilbide guztiko kilometrorik teknikoenak eta zailenak. Harkaitz artean behera malkar eta aldapa handiak jaitsi behar dira. Sekulako paisaiak ikus daitezke. Pirineotako mendi altuen antza du inguru honek, leku harritsua eta malkar handiak baitaude. Nik eskuineko eskua ezin dut inon apoiatu, eta nola edo hala noa harkaitz artean behera. Baldintza normaletan baldarra banaiz jaisten, imajinatu nola noan une honetan goitik behera. Erabat mantso eta torpe, denbora guztian ezker eskuarekin moldatuz. “Letxe” oso txarrean noa, neure buruari etengabe marmarka. Neure pelikula partikularra osatu dut beti ere txarrena pentsatuz: helmugara iristea lortzen badut, segidan anbulategi edo ospitaleren batera joan beharko dut plakaren bat ateratzera, gainera nik frantsesez arrastorik jakin ez eta auskalo nola ibiliko naizen! Hori gutxi ez balitz, furgoneta gidatzeko ere ez naiz gai izango. Eta noski, hurrengo egunean Bidarrain bertan rafting-a egiteko geneukan asmoa ere pikutara! Txukuna nago ni pala hartu eta ibaian behera abiatzeko!! Burutazio horiek denak darabiltzat 8 kilometroak jaisten ari naizen bitartean. Ez noa lasterketan batere zentratuta, eta korrikalari mordoska batek aurreratu nau.

Jaitsiera ia amaitzen ari naizela (15. kilometroa), erreka bat gurutzatzen ari nintzela irrist egin eta eskuin eskua zuhaitz batean jarri beharra izan dut. Izarrak ikusi ditut minaren minez, baina oraindik ere aurrera jarraitzeko gogoz nago. Eskumuturra hazita daramat, baina zorabiorik ez dudanez izan eta hazitasuna handiegia ere ez denez hausturaren aukera baztertu egin dut. Bihurrituren bat izango da eta kito! 16. kilometroan lehen kontrol gunera iritsi naiz. Platano zati eta piku batzuk jan eta bizpahiru basokada ur edan ditut. Uste dut gerrikorik eta kamelback-ik gabe atera den korrikalari bakarra izan naizela. Anoa postuak 6-7 kilometroz behin egonda, ez nuen beste ezeren beharrik ikusten, eta hala izan da. Kontrol gunea igaro bezain laster bigarren igoerari ekin diot. Igoera gogorra da, harkaitz artean aldapa handiak dituena. Zati askotan Azpeitiko zuzenien bertikalaren itxura hartu diot. Jakina, horrelako ibilbidean nahitaezkoa da bi eskuen laguntza harkaitz artean gora indarra egin eta gorputza bultzatzeko. Baina nik eskuineko eskua ezin dut ezertarako ere erabili. Beraz, toki askotan halamoduzko “malabarismoak” egin beharrean nabil ezker eskuaz bakarrik igo ahal izateko. Hala ere, beste zati batzuetan korrika pixka bat egin daiteke, eta zati horietan gustura noa erritmo nahiko bizian. 25. kilometrorarte luzatzen da igoera (nahiz eta tartean jaitsiera batzuk badituen), eta igoera honetan lehen jaitsieran aurreratu nauten korrikalari dezente aurreratu ditut.

Antena handi batzuk dituen gaintxo batetik igaro eta jaitsiera hasi da. Jaitsiera hau errazagoa da, mendi pistetatik barrena egiten baita. Korrika egiteko zatia da eta gustura noa. Zelai, baso eta garo artetik pasatuz egiten ditugu hurrengo 7 kilometroak. Benetan dotorea ibilbidea! Fisikoki ongi noa. Lasterketa amaitzea posible ikusten dut, eta aurrez izandako erorikoaren ondoren gauza txarragorik ez dudan neurrian konforme noa. Dena den, lehen egindako pelikula oraindik ere buruan darabilt. 32. kilometroan azken kontrol gunea dago. Bertan 6. noala esan didate, eta sinestea kosta egiten zait. Beste 3 kilometro goruntz (Iparla mendira) eta ondoren 7 kilometro dena beheruntz Bidarraira. Platano zatiak eta pikuak jan, ura edan eta txipa irakurgailutik pasatu ondoren gogotsu ekin diot azken igoerari. Aurretik ez dut inor ikusten, eta atzetik ere ez dator inor gertuan. Igoera gogorra da, aldapa handikoa eta harri dezente duena. Korrika askorik ezin da egin, eta oinez ahalik eta erritmo bizienean igo beste aukerarik ez dago. Tontorrera iritsi eta lasai ekin diot jaitsierari. Ez dut azkar eta arriskatzen ibili nahi. Lasai lasai eta eskuin eskua ahalik eta ondoen mantentzea besterik ez dut buruan.

Lehen bi kilometroak zelaian behera dira, korrika egiteko erosoak. Ondoren bide estu batetik behera sartu da ibilbidea. Bidea oso estua, harritsua eta teknikoa da. Xoxoteko jaitsieraren antz handia dauka, harri artean baita dena. Hanketatik ondo noa, uste baino askoz hobeto. Dena den, jaitsiera oso lasai egiten ari naiz, azken kilometroetan indarrekin batera erreflejuak ere gutxiago izaten direlako eta erorketaren baten arriskua handiagoa izaten delako. Eta gaurkoz sustoen “kupoa” ongi beteta daramat. Handik pixka batera Bidarrai ikusten hasi naiz. Ez zait askorik falta, eta animatuta noa. Pare bat kilometroren ostean herrira iritsi eta helmugan sartu naiz. 6. postuarekin harrituta, eta are gehiago 5h:02 denborarekin. Erorketaren istorio horrekin guztiarekin eta azken jaitsiera hain lasai eginda denbora itxurosoa iruditu zait. Postuak ez dit axola, baina denborak poza eman dit. Lehen maratoiak fisikoki ez nau hain nekatuta edo ikututa utzi (Lakuntza eta Zumaiako lasterketak okerrago amaitu nituen), eta erritmo aldetik askoz ere gehiago gustatu zait lasterketa luzekoa maratoi erdietakoa baino. Esperientzia dotorea izan da, eta proba luzeetan hobeto molda nintekeen ustea konfirmatu dudala iruditzen zait.

Helmugako anoa postuan ura edan ondoren furgonetara joan, luzaketa batzuk egin eta dutxara joan naiz. Nahiko komeria izan ditut arropa kendu eta jaboia emateko, zeren ezker eskua ez baitut ezertarako ere erabiltzen. Masajea hartu eta gero medikuarengana joan naiz eskumuturra begiratu ziezadan. Majo kosta zaigu elkar ulertzen (berak euskaraz eta gaztelaniaz ideiarik ere ez, eta nik frantsesez ere zorrik ulertzen ez…). Beste pare bat boluntarioren interprete lanaz baliatuta eskumuturra bihurrituta dudala esan dit. Izotza jartzeko eta bizpahiru egunetan inflamazioa jaisten ez bada plakak ateratzera joateko. Tira! Hautsirik edo pitzadurarik ez dudan bitartean konformatzeko modukoa iruditu zait. Furgoneta ezker eskuz arrankatu beharra dut, martxa atrasa eta esku frenua ere ezker eskuz erabili behar ditut, baina kanbioa eskuin eskuz nola edo hala erabiltzeko moduan nago (minez bada ere). Gaitzerdi!! Asteburua Bidarrain pasatzeko moduan izango naiz, eta zorte pixka batekin rafting-a egiteko ere bai…

Jon Bikendi

Orain Collaradako 2xKB prestatzera, runner!
Collaradako km bertikal bikoitza irailaren 11an ospatuko da Villanua ( 890 m ) herrian ( Huesca ). Collaradak 2886 m ditu eta igoera oso zuzena da. datorren egunetan bertara eginiko igoera baten berri emango dizuegu argazki eta guzti. animatu zaitezte eta etorri. Villanuan bertan oinarrizko kanpoa izango dugu, informazio gehiago nahi izan ezkero deitu 665 70 38 20 telefonora ( Edu ).