Jon Bikendi Bidarraiko mendi maratoia bukatu berri. Eskumako eskuan izotza jarrita du, lasterketan erorikoa izan baitzuen. Aupa txapeldun!
Bidarraiko mendi maratoian parte hartzaileak irtetzeko prest! goizeko 7etan! Animo txapeldunak!
Bidarraiko mendi maratoiko krokisa.
Fitxa teknikoa:
-Bidarraiko mendi maratoia- 2010-07-24an.
-Luzeera: 42,195 km.
-Desnibel +: 3100 m
-Irabazlea: Haritz Kortabarria arrasatearra, zorionak!
Jon Bikendi helmugara iristen; 5h02´tan, 6. postuan, eta hori eskumako eskua minduta izan zuela lasterketan erorikoa izan ostean! Zorionak txapeldun!
Hona hemen Jon Bikendik Bidarrain eginiko mendi lasterketaren inguruan bidali digun kronika. Mila esker Jon!
-Luzeera: 42,195 km.
-Desnibel +: 3100 m
-Irabazlea: Haritz Kortabarria arrasatearra, zorionak!
Jon Bikendi helmugara iristen; 5h02´tan, 6. postuan, eta hori eskumako eskua minduta izan zuela lasterketan erorikoa izan ostean! Zorionak txapeldun!
Hona hemen Jon Bikendik Bidarrain eginiko mendi lasterketaren inguruan bidali digun kronika. Mila esker Jon!
EUSKAL HERRIKO MENDI MARATOIA (BIDARRAI)
Goizeko 5:00ak. Gaurkoan ez nau iratzargailuak esnatu, telefono mugikorraren alarmak baizik. Furgonetako ohean lo egitearen beste desberdintasun bat. Arraro samarra egin zait mendi lasterketa baterako hain goiz jaiki behar izatea. Txirrindularitzan aritu nintzeneko garaiak gogorarazi dizkit horrek, garai hartan lasterketetara joateko oso goiz ibili beharra izaten baikenuen. Baina kontuak kontu, nik askoz nahiago dut edozein lasterketa goizean goiz egitea. Beraz, pereza handirik gabe jaiki naiz eta patxadaz gosaldu dut. Tenperatura freskoa dago eta dena ilun, eguna oraindik argitu gabe baitago. Gosaldu ostean, furgoneta pixka bat txukundu, luzaketa batzuk egin eta lasterketarako gauzak prestatu ditut. Batez ere oinek kezkatzen naute, urratuak eta babak lasterketa ia gehienetan izan baititut orain arte. Baselinaz ongi igurtzi eta esparadrapu mordoska batez punturik ahulenak estali ondoren, zapatilak eta arropa janztea izan da azken pausua. Erlojuari begiratu eta 6:30ak. Ordu laurden eskas geratzen zait pixka bat berotu eta irteerako kontrol gunera sartzeko (6:45). Beroketan fisikoki gorputzaren sentsazioak ohikoak dira, beste lasterketetan izan ditudanen antzekoak. Psikologikoki, ordea, gaurkoa beste gauza bat da.
Izan ere, lehen aldia da maratoi bat korritzera noala, eta nahi edo ez, horrek halako urduritasun eta “intriga” puntu bat sortarazten dit. 20-25 kilometroko lasterketak ongi joan dira, baina 42 kilometro… Gainera, lasterketa gogorra da Bidarraikoa, 3100 metroko desnibel positiboa baitauka. Eta lasterketa aurreko nire azken astea ez da prezisoki oso “modelikoa” izan. Ehunmilak probak iraun duen bitartean antolakuntzako kide gisa lo oso gutxi egin dut (ostiral goizetik igande gauera 6 ordu guztira) , eta tentsio, neke eta urduritasun ugari pilatu ere bai. Eta ondorengo egunetan pirinioetan frantziako tourra ikustea ere nahi genuenez, 3 egunez kanpingean izan naiz lo gutxi egin eta etxeko ohe gozoa ikutu gabe, horrez gain hotza nahiz etengabeko euria pairatuz. Ostegun gauean 4:00etan iritsi nintzen etxera, ostiralean 9:00 jaiki eta bazkal ostean Bidarraira. Horrek guztiak ematen dit halako kezka puntu bat. Kontuak kontu, neure martxa aurkitu eta proba amaitzea beste helbururik ez daukat. Beroketa ondoren kontrol gunea zeharkatu eta irteeraren zain geratu naiz. 7etako kanpaiekin batera eman zaio probari irteera.
Lehen bizpahiru kilometroak nahiko errazak dira, asfaltoan direlako eta gainera zati handi bat aldapa behera baitute. Ni neure erritmora noa, sarri-sarri pultsometroari begiratuz. Aurretik dozena bat laguneko taldea doa, baina ez naiz ausartu haien erritmoa jarraitzera, nahiz eta hain azkar ez doazen irudipena izan. Ez dut inoren erritmoan sartu nahi, neurera eta kito! Azkarrago joan banaiteke, etorriko da bai “pottoak” estutzeko nahikoa aldapa eta aukera!! Lehen igoera gustura egin dut. Mendi pistan gora lehenik eta aldapa handiko zelai batean gora geroago. Pultsometroari begiratuta nahikoa pultsazio altuak daramatzadala iruditzen zait (175-180 bitartean), baina ez noa batere behartuta eta 150 pultsaziotan banindoa bezala sentitzen naiz. Beraz, momentuz sentsazioei kasu egingo diet. Gero gerokoak! Igoera oso polita da, eta goizeko behe lainoaren azken arrastoak desagertzen ari dira. Gaina igaro eta 8. kilometroan jeisten hasi gara. Eguna zoragarria dago eta paisaiak ikusgarriak dira. Paisaiaren edertasunaz gozatuz zelaian behera noala bidezidorraren ertzarekin estropozu egin eta erori egin naiz. Erorketa “tonto” horietakoa izan da, baina erortzerakoan gorputzaren pisu guztia (ez da gehiegi, baina okerra egiteko nahikoa!!) eskubiko eskuaren gainean jarri dut, eta segituan nabaritu dut “krak” moduko zerbait. Zutik jarri eta min handia nabari dut eskumuturrean. Mugimendurik txikiena egiten hasi eta gorriak ikusten ditut. Beldur naiz hautsiren bat ez ote den izango. Hala balitz, eskumuturra hazi edota zorabioren bat izan beharko nukeela uste dut, eta hori gertatu arte aurrera jarraitzea pentsatu dut.
Kasualitatez, erori eta hurrengo 5-6 kilometroak dira ibilbide guztiko kilometrorik teknikoenak eta zailenak. Harkaitz artean behera malkar eta aldapa handiak jaitsi behar dira. Sekulako paisaiak ikus daitezke. Pirineotako mendi altuen antza du inguru honek, leku harritsua eta malkar handiak baitaude. Nik eskuineko eskua ezin dut inon apoiatu, eta nola edo hala noa harkaitz artean behera. Baldintza normaletan baldarra banaiz jaisten, imajinatu nola noan une honetan goitik behera. Erabat mantso eta torpe, denbora guztian ezker eskuarekin moldatuz. “Letxe” oso txarrean noa, neure buruari etengabe marmarka. Neure pelikula partikularra osatu dut beti ere txarrena pentsatuz: helmugara iristea lortzen badut, segidan anbulategi edo ospitaleren batera joan beharko dut plakaren bat ateratzera, gainera nik frantsesez arrastorik jakin ez eta auskalo nola ibiliko naizen! Hori gutxi ez balitz, furgoneta gidatzeko ere ez naiz gai izango. Eta noski, hurrengo egunean Bidarrain bertan rafting-a egiteko geneukan asmoa ere pikutara! Txukuna nago ni pala hartu eta ibaian behera abiatzeko!! Burutazio horiek denak darabiltzat 8 kilometroak jaisten ari naizen bitartean. Ez noa lasterketan batere zentratuta, eta korrikalari mordoska batek aurreratu nau.
Jaitsiera ia amaitzen ari naizela (15. kilometroa), erreka bat gurutzatzen ari nintzela irrist egin eta eskuin eskua zuhaitz batean jarri beharra izan dut. Izarrak ikusi ditut minaren minez, baina oraindik ere aurrera jarraitzeko gogoz nago. Eskumuturra hazita daramat, baina zorabiorik ez dudanez izan eta hazitasuna handiegia ere ez denez hausturaren aukera baztertu egin dut. Bihurrituren bat izango da eta kito! 16. kilometroan lehen kontrol gunera iritsi naiz. Platano zati eta piku batzuk jan eta bizpahiru basokada ur edan ditut. Uste dut gerrikorik eta kamelback-ik gabe atera den korrikalari bakarra izan naizela. Anoa postuak 6-7 kilometroz behin egonda, ez nuen beste ezeren beharrik ikusten, eta hala izan da. Kontrol gunea igaro bezain laster bigarren igoerari ekin diot. Igoera gogorra da, harkaitz artean aldapa handiak dituena. Zati askotan Azpeitiko zuzenien bertikalaren itxura hartu diot. Jakina, horrelako ibilbidean nahitaezkoa da bi eskuen laguntza harkaitz artean gora indarra egin eta gorputza bultzatzeko. Baina nik eskuineko eskua ezin dut ezertarako ere erabili. Beraz, toki askotan halamoduzko “malabarismoak” egin beharrean nabil ezker eskuaz bakarrik igo ahal izateko. Hala ere, beste zati batzuetan korrika pixka bat egin daiteke, eta zati horietan gustura noa erritmo nahiko bizian. 25. kilometrorarte luzatzen da igoera (nahiz eta tartean jaitsiera batzuk badituen), eta igoera honetan lehen jaitsieran aurreratu nauten korrikalari dezente aurreratu ditut.
Antena handi batzuk dituen gaintxo batetik igaro eta jaitsiera hasi da. Jaitsiera hau errazagoa da, mendi pistetatik barrena egiten baita. Korrika egiteko zatia da eta gustura noa. Zelai, baso eta garo artetik pasatuz egiten ditugu hurrengo 7 kilometroak. Benetan dotorea ibilbidea! Fisikoki ongi noa. Lasterketa amaitzea posible ikusten dut, eta aurrez izandako erorikoaren ondoren gauza txarragorik ez dudan neurrian konforme noa. Dena den, lehen egindako pelikula oraindik ere buruan darabilt. 32. kilometroan azken kontrol gunea dago. Bertan 6. noala esan didate, eta sinestea kosta egiten zait. Beste 3 kilometro goruntz (Iparla mendira) eta ondoren 7 kilometro dena beheruntz Bidarraira. Platano zatiak eta pikuak jan, ura edan eta txipa irakurgailutik pasatu ondoren gogotsu ekin diot azken igoerari. Aurretik ez dut inor ikusten, eta atzetik ere ez dator inor gertuan. Igoera gogorra da, aldapa handikoa eta harri dezente duena. Korrika askorik ezin da egin, eta oinez ahalik eta erritmo bizienean igo beste aukerarik ez dago. Tontorrera iritsi eta lasai ekin diot jaitsierari. Ez dut azkar eta arriskatzen ibili nahi. Lasai lasai eta eskuin eskua ahalik eta ondoen mantentzea besterik ez dut buruan.
Lehen bi kilometroak zelaian behera dira, korrika egiteko erosoak. Ondoren bide estu batetik behera sartu da ibilbidea. Bidea oso estua, harritsua eta teknikoa da. Xoxoteko jaitsieraren antz handia dauka, harri artean baita dena. Hanketatik ondo noa, uste baino askoz hobeto. Dena den, jaitsiera oso lasai egiten ari naiz, azken kilometroetan indarrekin batera erreflejuak ere gutxiago izaten direlako eta erorketaren baten arriskua handiagoa izaten delako. Eta gaurkoz sustoen “kupoa” ongi beteta daramat. Handik pixka batera Bidarrai ikusten hasi naiz. Ez zait askorik falta, eta animatuta noa. Pare bat kilometroren ostean herrira iritsi eta helmugan sartu naiz. 6. postuarekin harrituta, eta are gehiago 5h:02 denborarekin. Erorketaren istorio horrekin guztiarekin eta azken jaitsiera hain lasai eginda denbora itxurosoa iruditu zait. Postuak ez dit axola, baina denborak poza eman dit. Lehen maratoiak fisikoki ez nau hain nekatuta edo ikututa utzi (Lakuntza eta Zumaiako lasterketak okerrago amaitu nituen), eta erritmo aldetik askoz ere gehiago gustatu zait lasterketa luzekoa maratoi erdietakoa baino. Esperientzia dotorea izan da, eta proba luzeetan hobeto molda nintekeen ustea konfirmatu dudala iruditzen zait.
Helmugako anoa postuan ura edan ondoren furgonetara joan, luzaketa batzuk egin eta dutxara joan naiz. Nahiko komeria izan ditut arropa kendu eta jaboia emateko, zeren ezker eskua ez baitut ezertarako ere erabiltzen. Masajea hartu eta gero medikuarengana joan naiz eskumuturra begiratu ziezadan. Majo kosta zaigu elkar ulertzen (berak euskaraz eta gaztelaniaz ideiarik ere ez, eta nik frantsesez ere zorrik ulertzen ez…). Beste pare bat boluntarioren interprete lanaz baliatuta eskumuturra bihurrituta dudala esan dit. Izotza jartzeko eta bizpahiru egunetan inflamazioa jaisten ez bada plakak ateratzera joateko. Tira! Hautsirik edo pitzadurarik ez dudan bitartean konformatzeko modukoa iruditu zait. Furgoneta ezker eskuz arrankatu beharra dut, martxa atrasa eta esku frenua ere ezker eskuz erabili behar ditut, baina kanbioa eskuin eskuz nola edo hala erabiltzeko moduan nago (minez bada ere). Gaitzerdi!! Asteburua Bidarrain pasatzeko moduan izango naiz, eta zorte pixka batekin rafting-a egiteko ere bai…
Jon Bikendi
Orain Collaradako 2xKB prestatzera, runner!
Collaradako km bertikal bikoitza irailaren 11an ospatuko da Villanua ( 890 m ) herrian ( Huesca ). Collaradak 2886 m ditu eta igoera oso zuzena da. datorren egunetan bertara eginiko igoera baten berri emango dizuegu argazki eta guzti. animatu zaitezte eta etorri. Villanuan bertan oinarrizko kanpoa izango dugu, informazio gehiago nahi izan ezkero deitu 665 70 38 20 telefonora ( Edu ).
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina