2010/06/21
Txindokiko KB-n Didier Zago txapeldun!
Jon Bikendi. "Ehunmila" mendi lasterketako antolatzaileetariko bat.
Joni eskatu diogun eta bidali digun kronika eder honekin gozatu ezazue, mila esker Jon!
TXINDOKIKO BERTIKALA
" Iratzargailuak 8etan jo du. Egia esan, gaur ez daukat oso goiz ibili beharrik, proban 11:25ean ateratzen bainaiz. Nahikoa denbora daukat dortsalak 09:30etarako hartzeko. Eguraldia begiratu dut. Ateri dago eta tenperatura oso ona. Ea eusten dion! Gosaldu, jantzi, autoa hartu eta Larraitzera. 09:20 dira iritsi naizenerako. Beheko aparkalekuan dagoeneko ez dago leku askorik, baina nire autoa uzteko adina bai. Autoa utzi, eta ezagunak ditudan beste partaide batzuekin berriketa pixka bat eginez, dortsala eta txipa hartu ditut. Irteera ordua oraindik urruti dudanez, topo egindako ezagunekin lasai eta gustura aritu naiz hizketan. Autora itzuli, dortsala kamisetan jarri, eta denbora pasatzeko irratia entzuten egon naiz. Oso lasai nago, ez baitaukat inolako helbururik proba honetan. Ez dakit zenbat denboran igo dezakedan (inoiz ez baitut probarik egin), ez ze postutan geratuko naizen… Gainera, gaurkoa izango da nire lehen proba bertikala. Horrelako probak ez zaizkit gehiegi gustatzen, izan ere, hobeto moldatzen naiz proba luzeagoetan (beno, bizikletan zenbat eta luzeagoa niretzat hobe, baina korrika hasi berria naiz eta oraindik hori ikusteko nago)
Irteera ordua lehenengoen artean izango nuela uste nuen, baina ordutegia ikusi nuenean harritu egin ninduen hain berandu atera behar izateak. Gainera, ateratzen azkenak diren gizonezkoen taldean sartu naute , eta talde horretako lehena izango naiz irteten. Hori dela eta, nire aurretik nesken taldea aterako da, eta ateratzen den azken neska, Nerea Amilibia, ni baino 3 minutu lehenago aterako da. Beraz, eta nire atzetik zegoen gizonezkoa ateratzekoa ez denez, ez dut batere erreferentziarik izango, ez aurretik eta ezta atzetik ere (nire atzetik hurrengoa 2 minutura aterako da). Ia ibilbide guztia bakarrik egin beharra ez zait gehiegi gustatu, iturritik gorako zati maldatsua ez baitut ezagutzen eta Txindokira igotzeko proba indartsurik inoiz egin ez dudalako. Beraz, ez dakit eraman beharreko erritmo horrek nolakoa izan beharko duen, batere erreferentziarik gabe nagoelako.
Ordua gerturatu ahala, luzamendu batzuk egin eta arropaz aldatu naiz. 11:00etan autoa giltzaz itxi eta beroketa egiten hasi naiz. Berotzen hasi orduko nabaritu dut iskiotibialetako sobrekargak oraindik “kili-kilia” egiten didala. Lakuntzako lasterketaren ondoren, aste osoan 40 minutuko korrika saio arina besterik ez dut egin gaur arte, baina hala ere oraindik ez nago guztiz ongi. Dena den, horrek ez nau gehiegi kezkatu. Gaurkoan igotzea beste lanik ez daukat, eta ez dut uste “gerra” handirik emango didanik. 10 minutuz korrika lasai egin ondoren, minutu erdi inguruko azelerazio batzuk egin ditut, tartean lasai korrika eginez. Pultsometroa begiratu, eta 170 taupadetako zifra. Nabari da aste osoan ia ezer egin gabe nagoela! Proba hasi eta lau pausu egin bezain laster 180tik gora jarriko naiz, baina tira, gehienera ere 45 minutu inguruko “via crucis”a izango da.
Ordua iristean, irteera gunera gerturatu, txipa kontroletik pasa eta banoa behetik gora. Hasierako zatia korrika egiteko erosoa da. Pista zabala eta lurzoru ona. Pultsometroa begiratu eta 183. Ez daramat kronometrorik, inoiz ibilbide honetan probarik egin gabe nagoelako eta helbururik ere ez dudalako. Behera iritsitakoan jakingo dut egindako denbora! Pista zabala amaitu eta harri artean sartu naiz. Harriarekin batera lokatza handia dago, baita behien simaurra ere! Pinudiko atseden gune laburretik atera ondoren, lehen emakumezkoak pasatu eta iturrira iritsi naiz. Jada badaukat konpainia ibilbidean! Hemen txipa pasatzeko kontrol-gunea dago. Kontroletik pasa eta pultsometroari beste begirada bat. 185. Hemendik gora hasiko dira komeriak!
Igoera oso pikoa da, eta tarteka bidezidorrean irrist egiten dut. Horregatik, batzuetan belarretatik joaten saiatzen naiz, nahiz eta gogorragoa egiten zaidan. Minutu batzuen ostean lehen gizonezkoa aurreratu dut. Aldapak oso tentea izaten jarraitzen du. Hankak gero eta nekatuago sentitzen ditut. Pultsometroari begiratu eta 181. Hain aldapa handia izanda eta nekearen eraginez, pultsua ezin zait orain arte bezain erraz igo. Aurreraxeago malda leundu egin da, eta, gainera, zati nahikoa luzea iruditu zait. Pixka bat freskoago egongo banintz, pausu txikian korrika egiteko zati egokia da, baina dena malda pikoa izango zen ustean ia topera igo naizenez, orain oinez eta nahiko lanekin noa!! Lehenagotik ezagutu izan banu! Pixka bat aurrerago Txindokiko ohiko bidearekin bat egin, eta berriro ere harkaitz artean sartu naiz. Zapatilak lokatzez beteta daramatzat, eta horri nire teknika gabezia eta nekea gehituta, benetan baldar egiten ditut gurutzera bitarteko metroak. Gutxienez estropezu egin eta kolperik hartu gabe iritsi naiz! Gainean txipa kontroletik pasatu, pixka bat errekuperatu eta beherantz abiatu naiz.
Beheranzkoan beste partaideei begira egon naiz. Ez daukat ideiarik ni nola igo naizen, baina hauek oso azkar doaz! Larraitzeko langara iritsi eta txipa itzuli dut. Diploma hartu eta nire denbora ikusi dut. 39:56. Ezusteko polita!! Ez nekien zenbatean ibiliko nintzen, baina 40 minutuko langa horretatik jaisteak poza eman dit. Gero postua begiratu dut: 17. Beste ezustekoa. Kontuan hartuta igoera bertikalak bereziki prestatzen dituen jendea dagoela, ez nuen uste horrela geratzerik. Dena den, pena pixka bat eman dit igoera lehendik ezagutu ez izanak, igoera ezagututa beste modu batera egingo nuelako iturritik gorako zatia, eta segur aski, denbora zertxobait hobea ere bai, baina laster kendu zait sentsazio hori.
Izan ere, jarraian ondoko mahaietan mokadu goxoa jan eta jendearekin lasai-lasai berriketan aritu naiz. Gero eta jende gehiago ezagutzen ari naiz mendi lasterketen mundu honetan, eta horrek hizketaldi gehiago egiteko aukera ematen dit. Gaurkoan gozatu egin dut batekin eta bestearekin proba honi eta beste hainbati buruzko komentarioak eginez. Egia esan, egindako denbora eta postuen oso gainetik proba honetan gehien gustatu zaidana horixe izan da, tertulien unea eta hor sortu den lagunarteko giroa. Horregatik bakarrik merezi izan du aurrez “pixka bat” sufritzea! Dagoeneko hurrengo probaren zain jarri naiz… "
Jon Bikendi
Txindokiko kilometro bertikala 2010eko ekainaren 19an ospatu zen.
Ibilbidea, 3,8 km-koa, lokazturik zegoen.
Desnibel positiboa: 932 m.
parte hartzaileak: 184.
Irabazlea Didier Zago izan zen.
Frantziarrak KB lasterketetan espezialista da. Ekainaren 12an Areu ( Girona ) herrian ospaturiko " La Cuita al sol " ere irabazi zuen, Areu-tik ( 1220 m ) Monteixo mendira ( 2905 m ), 4,4 km-tan, 1680 m-ko desnibela 1h08:04tan igoaz!
Joseba Altuna, Galdaramiño-n ( Urki-Eibar, 2010-06-06 ) irabazle izan zena esfortsu bizian.
Ezagunen artean
Joseba Altuna ( Azpeitia ) 14., 39:42.
Iñigo Lariz, ( Elgoibar ), 15., 39:49.
Jon Bikendi, ( Beasain ), 17., 39:56.
Haritz Arrieta ( Elgoibar ), 18., 39:59.
2010eko Txindokiko kilometro bertikalaren sailkapena ( lehen 20ak ):
1-Didier Zago = 34:33
2-Walter becerra = 36:31
3-Zuhaitz Ezpeleta = 36:59
4-Hassam Aitchaou = 37:00
5-Fernando etxegarai = 37:14
6-Imanol Etxeberria = 37:35
7-Juan Mari Garin = 37:44
8-Mikel Benruza = 37:52
9-Angel Arrieta = 39:24
10-Xabat mancisidor = 29:31
11-Jon Arrieta = 39:36
12-Anartz Etxeberria = 39:39
13-Joseba Molinero = 39:40
14-Joseba Altuna = 39:42
15-Iñigo Lariz = 39:49
16-Gonzalo Sukuntza = 39:52
17-Jon Bikendi = 39:56
18-Haritz Arrieta = 39:59
19-Aitor Conde = 40:14
20-Jon Aperribai = 40:36
Hassam Aitchaou, erdian, Anbotoko KBn 4. izan zen eta Txindokiko KBn ere 4. izan da.
Iñigo Lariz eta Haritz Arrieta-rekin Anbotoko KB-an. Txindokiko KB-an ere primeran ibili dira. Zorionak bioi!
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina