2023/03/11

Kepa Larruzea 2022ko “Shebe Peña Saria”

Amaia eta Kepa Larruzea Sakanako ibilaldian

 
Kepa Larruzea Goienetxe
Euskal Mendi Federazioaren “Shebe Peña Saria”

Iraupen Luzeko ibilaldien eta mendi martxen batzordeak Shebe Peña saria Zornotzara ekarri du, nola eta Kepa Larruzea Goienetxe mendizalea sarituz. Zornotza Mendi Taldera dator saria berriz, ikaragarria badirudi ere, bi urtez jarraian, bi zornotzarrek lortu baitute Euskal Herri mailan eman ohi den sari hau. Iaz, Alfonso Intxaustiri egin nion elkarrizketa, eta gaurkoan, Kepa Larruzeari egin diot, nire aitari, ezin azaldu horrek ematen didan ohore eta bizipoza.

Mendizalea da Zornotza, mendiz inguratuta bizi gara, eta dugun kokalekuagatik, denaren erdian egonik, parke natural esanguratsuenak oso gertu ditugu, parez pare. Horietan hazitakoa eta hezitakoa da Kepa Larruzea Goienetxe zornotzarra. Boroa auzoan jaiotakoa, bertan du bere jaioterri, sorleku, eta ortuan eta txakurrarekin Boroako zelaietatik hara eta hona aritzeko gozatzeko leku maite eta kuttun.

Baserri horretan bertan izan zen duela gutxi Karlos Argiñano ere, “Historias a bocados” telebista saioarekin, eta porrusalda ederra jateaz gain, mendi martxetan eta mendi lasterketetan nola aritu ohi diren azaltzeko tartea ere hartu zuten. 40 kilometrotik gorako ibilbideetan motxilan zer eraman behar den, norberak zer eraman ohi duen eta horretarako burua ere nola prestatzen den. Ez baita erronka makala, 40 kilometrokin hasi eta 168 km jarraian egitera iristea. Askorentzat zorokeria dirudien arren, osasunaren seinale dugu gaurkoan.


Nola egin aurre gerriko min bati, erronka itzelak eginez? Ikus, dezagun, bada!

“Gaztetan, lagunekin mendira joaten hasi nintzenean, autobusa hartu eta Zeanurire joaten ginen, eta handik oinez, Gorbeiera. Inguruko mendietara ere jaietan joaten ginen. Gero, bizikletan ibiltzen hasi nintzen eta sekulako gozatua hartzen nuen, asko gustatzen zitzaidan, baina arazo fisiko bat izan nuen, hernia diskal bat nuela esan zidaten, eta ezin nuen bizikletan ibili, min asko nuen eta sasoi batean ezin izan nuen gauza askorik egin”, azaldu digu Kepak. Adi, ordea, honi ere buelta eman ahal zaio eta, ebakuntzatik pasa barik.

Probak eta probak egin ondoren, “mendian ibilita, hobeto sentitzen nintzela” konturatu zen Kepa, eta ordutik aurrera, “mendian ahal nuen guztietan ibili eta gerriko mina gutxitzen hasi zen”. Une hartan, “mendi martxak antolatzen hasi ziren herrietan, eta parte hartzen hasi nintzen, ohartuz aukera paregabea zela inguruak ezagutzeko, eta horrela, Euskal Herriko probintzia guztietako eta baita mila eta bat toki ezagutu izan ditut urte hauetan zehar. Lagunak egiteko eta osasuna mantentzeko aukera ederra, gainera. Lagun asko eman dizkit mendiak eta lagun bereziak dira, afizio berarekin eta mugimenduan ezagutzen dituzulako”.


Mendi martxak eta mendi lasterketak, biak uztartuz, bizipoza sentituz 

Mendi martxetan arituz, mendi lasterketak ere ugaritzen hasi zirela dio Kepak eta jakinminari jarraituz, horietan parte hartzen hasi zen.

Bere ibilbide guztian zehar, hainbat ultra-trailetan hartu du parte, eta gogokoenak behin eta berriz egin ditu, horien artean, Ehunmilak Goierrin, Hiru Haundiak, Gasteizko 10 mendiak, Transgrancanaria, Ultra Pirineu, etab. Horrez gain, ahal duen aldiro, Belatxikietara igotzea, Aramotzetik Mugarrekolandara abiatzea, Urkiolako inguruetatik aritzea, Pirinioetara irteeraren bat egitea edota Gorbeiera toki ezberdinetatik igotzea du maite.

“Ohore ederra da niretzat Shebe Peña saria jasotzea, batez ere, kontuan harturik Shebe Peñak berak izan zuen ibilbidea. Mendiaz gozatzen jarraitu nahi dut, natura sendagaia da, osasunaren gotorleku eta geure nortasunaren bizitoki”. Horixe, Kepa, begietan ere distira berezia somatzen zaizu naturaz eta mendiaz hitz egitean. Zeure aldamenean izango gara Kepa, zeure poztasun eta energia eztanda horrekin aurrera eginez. Aupa zu, egurra!


Amaia Larruzea Motxobe

www.amorebieta.com



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina